Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Martxoak 1

Nafarroako Parlamentuak harrera egin die Gazte Kooperatibisten II. kanpuseko parte-hartzaileei

Aznarezek “kooperatiben kontzeptu demokratikoa babesteko” deia luzatu du, “ekonomia sozialaren erreferentzia europarra" izaten jarraitzeko

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, Nafarroako Gazte Kooperatibisten II. kanpuseko parte-hartzaileei harrera egin die gaur. Nafarroako Nekazal Kooperatiben Batasunak antolatutako jardunaldi hauek nekazaritza sektorean belaunaldi erreleboa sustatzea dute helburu.

 

Legebiltzarreko Areto Instituzionalean ospatu den ekitaldian, Ainhoa Aznárez Kanpuseko ordezkariei zuzendu zaie, esanez, “gazte hauek sektore zail honekin duten konpromisoa aitortu beharrekoa dela, izan ere, gure bizitzaren oinarria dira, nekazaritza gabe ez baita lehen sektorerik, eta haiek gabe despoblazioak ez luke atzera bueltarik”.

 

Lehendakariak aldarrikatu du beharrezkoak direla errotzea indartuko duten politika publikoak, gure kooperatiben kontzeptu demokratikoa babestuko dutenak, izan ere, “gure kooperatibak ekonomia sozialaren erreferente dira Europan, eta ekoizpen eredu demokratikoago eta anitzago baten giltzarri dira”:

 

Amaitzeko, Aznarezek bertaratutakoei Parlamentu guztiaren maitasuna adierazi die, bereziki II. kanpus honetan parte hartu duten zortzi emakumeei, “sektore honetan bidea irekitzea zaila bada, emakumea izanda inguratzen gaituzten kristalezko zoruetako bat apurtzea bezalakoa izan da zuen erabakia. Zorionak, bi aldiz, zuentzako eta animo talde guztiarentzako”.

 

Jarraian, José María Martínez, Nafarroako Nekazal Kooperatiben Batasuneko Lehendakariak, Parlamentuari eskerrak eman dizkio gonbidapenagatik, “ohore bat da hemen egotea”. Kooperatiba ereduak duen garrantzia azpimarratu du, “130 kooperatibetan banatutako 19.000 kooperatibista baina gehiago gara, 2.000 lanpostu inguru sortzen ditugu. Ekonomia soziala gara, Nafar lurraldearen %90ean gaude, eta berrikuntzen aldeko apustua eginez lurraldea egituratzeko ekarpen handia egiten dugu”.

 

Martinezek amaitzeko, “gazte hauen ausardia” nabarmendu du, “landa eremuan bizitzea erabaki dutelako. Kooperatibisten promozio berri baten aurrean gaude, gure nekazaritzako elikagai sektoreko oraina eta etorkizuna dira. Ez dezagun ahaztu herri askotan enpresa bakarra kooperatiba dela. Berriz ere, eskerrik asko Parlamentuari eta bere lehendakariari”.

 

Harrerarekin amaitzeko, Osoko Bilkuren aretoan talde argazkia atera dute. Bertan izan dira, beste batzuen artean, Unai Hualde, Parlamentuko Lehen Lehendakariordea, Luis Casado (UPN), Dabid Anaut (EH Bildu) eta Conchi Ruiz (PSN).