Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 27

Nafarroako Parlamentuak ETAk eginiko krimenak eta genozidio ekintzak gaitzesten ditu

Kontakizuna material didaktikoetan jasotzea eskatzen du Legebiltzarrak, Nazio Batuetako Biltzar Nagusiaren 60/147 Ebazpena betez

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren aldeko botoarekin, PSNren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak “aitortu eta gaitzetsi egiten ditu ezker abertzaleak eta haren beso armatu ETAk Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egindako “garbiketa nazionala”, gizateriaren aurkako krimenak eta genozidio-ekintzak, eta bere elkartasuna adierazten die biktima guztiei”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen du “behar diren jarraibideak eta neurriak har ditzan, Nafarroako lurraldean maila guztietako material didaktikoetan jasotze aldera ezker abertzale bortitzak gizateriaren aurka egindako krimenen eta genozidio-ekintzen kontakizuna, Nazio Batuetako Biltzar Nagusiaren 2005eko abenduaren 16ko 60/147 Ebazpena betez”.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk ordezketeko zuzenketa bat aurkeztu dute, Navarra Suma ekimenaren sustatzaileak onartu ez duena, eta hala zioen: “Nafarroako Parlamentuak bipil eta espresuki gaitzesten ditu ETA banda terroristak eginiko krimenak, eta haren biktima guztiekiko bere elkartasuna adierazten du. Lanean jarraituko dugu belaunaldi oso bati jasanarazitako indarkeriari eta izuari zilegitasuna kentzera bideraturiko memoria-politika publikoetan. Politika horiek ez dituzte biktimak ahaztuko, eta eutsi eginen diote haientzako justiziaren, errekonozimenduaren eta ordainaren ildoko lanari”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “aurrera segi zezan Bake eta Elkarbizitzarako Memoriadun Eskolak programaren bidez abian jarritako urratsekin, ETAren terrorismoaren errealitatea ezagutarazteko eta halako hezkuntza-sistema bat sustatzeko non oinarria izanen baita indarkeriarik ez erabiltzea gatazkak ebazteko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak VIII. legegintzaldiaren amaieran (2011-15) Nafarroako Parlamentuak “ETAren indarkeria terrorista irmo eta berariaz” gaitzesten zuen adierazpen instituzional baten indarraldia aldarrikatzen du. Haren asmoa da agerian uztea “ETAk eta haren sareak zer ekarri zuten gogoratzeko betebeharra”, “talde terroristaren jatorria eta ekintzak zuritzeko eta justifikatzeko kontakizuna ezartzen den unean”.

 

Proposamena egin duen taldeak uste du “oraindik argitu gabeko ehunka krimenekin, ezin direla onartu biktimak eta hiltzaileak parekatzea, ez eta Estatuarekin eta haren segurtasun-gorputzekin gatazka armatua egon zela dioen ideia orokortzea ere”.