Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Otsailak 25

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2020 urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela eta komunikazio jarduerak mantentzen dira, horien artean Kronika Parlamentarioaren Saria eta ikasleen eta Parlamentarien arteko topaketak

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak eta Alfonso Sánchez-Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektoreak 2020 urtean hainbat jarduera batera egiteko lankidetza hitzarmena berritu dute gaur.

 

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2001eko maiatzaren 15ean sinatu zuten lankidetzarako esparru-akordioaren baitan sartzen da hitzarmena, bi erakundeen helburuak lortzen lagun dezaketen ekintzak abian jartzea bideratzeko.

 

Itun horretan jasotako lankidetza-modalitateen artean daude, besteak beste, “izaera juridiko, sozial edo politikoko azterlan, proiektu edo programak egitea” eta “ikastaro, hitzaldi eta jardunaldiak antolatzea”.

 

2020ko Hitzarmenak jarraipena ematen die Komunikazio Fakultatearen berezko jarduerei, besteak beste, Kronika Parlamentarioaren Saria eta unibertsitateko ikasleen eta Parlamentarien arteko topaketak.

 

Sariari dagokionez, 500 euro eta 300 euroko akzesita izango ditu, eta Kazetaritza Graduko ikasleei aukera emango die Legebiltzarraren osoko bilkuretara joan eta kronika bat egiteko. Jarduera honen esparruan, parlamentuko informazioan espezializatutako aditu bat gonbidatuko da ikasleekin jardunaldi bat egiteko. Eta The George Washington Universityrekin lankidetzan ezarritako Komunikazio Politiko eta Korporatiboko Masterraren barruan, bisita bat antolatu da Legegilearen eta haren komunikazio-zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamendua ezagutzeko.

 

Unibertsitateko ikasleen eta parlamentarien arteko topaketei dagokienez, azken urteotako formatua mantentzearen aldeko apustua egin da, hau da, ikasleen eta parlamentarien arteko zuzeneko topaketa, forudunen eta haien lanaren ikuspegi osoagoa ahalbidetzeko. Nolanahi ere, helburua da funtzio politikoarekin eta parlamentariaren zerbitzari publikoaren eginkizunarekin zerikusia duten gaien inguruan ideiak trukatzea.

 

Bestalde, eta “parte-hartze eta konpromiso politikoa” sustatzeko ahaleginarekin eta, bereziki, “balio demokratikoak bultzatzearekin” zerikusia duten jardueren garapenarekin bat etorriz, 2020ko Hitzarmenak aukera ematen die Hezkuntza eta Psikologia Fakultateetako unibertsitate-ikasleei ere, gaur eguerdian ospatuko den demokraziari buruzko eztabaidaren protagonista baitira.

 

Era berean, hitzarmenak ‘Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela’ mantentzen du, ‘Hauteskunde eta Parlamentuko Zuzenbidea’ ikasgaiko ikasleen artean “bizitza parlamentarioaren ezagutza praktikoa bultzatzeko” sortutako programa.

 

Aurten, zehazki, interes orokorreko konstituzio-gaiei buruzko jardunaldi bat eta mahai bat antolatu nahi dira, eta, hausnarketarako eta azterketarako gune gisa, egungo estatutu-ereduaren alderdi eztabaidagarrienei heltzen lagunduko dute, bai atzera begirako ikuspegitik, bai etorkizunari begira.

 

Zehazki, datorren martxoaren 5ean erreferendumari buruzko jardunaldi bat egingo da, Quebec eta Eskoziaren esperientziei buruzkoa hain zuzen ere. Iraila edo urrian, berriz, ‘Demokrazia iraultza digitalaren munduan’ deitutako beste jardunaldi bat ospatuko da.

 

Halaber, ohiko prestakuntza saioak, hitzaldiak eta Ganberaren egoitzara egindako bisitak mantentzen dira. Azken horiek bereziki garrantzitsuak dira Legebiltzarraren erakundearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua in situ ezagutzeko.

 

Hitzarmena sinatu ondoren (gehienezko aurrekontua 16.210 eurokoa da), Unai Hualdek eta Alfonso Sánchez-Tabernerok beren “poza” adierazi dute; “edukiak eguneratuz probetxuzko harremanari jarraipena ematen” zaiolako, eta “urte askoan” iraungo duela espero baita.

 

Nafarroako Unibertsitatearen Errektorearen iritziz, “herritarrak informatuta egotea garrantzitsua da kalitate demokratikoa hobetzeko, eta hori da jarduera guztien oinarria. Bizitza parlamentarioaren aberastasuna helaraztetik parte-hartzea sustatzea”.