Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Martxoak 9

Nafarroako Parlamentuak eta Gazteriaren Kontseiluak 2022rako urteroko lankidetza hitzarmena berritu dute

Unai Hualdek eta Guillermo Bergantiñosek bat egin dute Nafarroako Gazte Parlamentua sendotzearen beharrean, politika publikoen diseinuan gazteen parte hartzea sustatzeko

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Guillermo Bergantiños Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak gaur sinatu dute Gazte Parlamentua sortzeko eta abian jartzeko bi erakundeek 2017an egin zuten lankidetza hitzarmenaren berriztapena. https://parlamentojoven.com/eu/

 

Hitzarmenaren helburua eztabaidaren kultura, espiritu kritikoa eta errealitate sozialaren azterketa sustatzea da, eta hori guztia "Nafarroako Gazte Parlamentua" proiektuaren baitan gauzatzen da. Aurreko legegintzaldian bultzada eman zitzaion erakundeari, gazteek politika publikoak egiten parte har zezaten sustatzeko. Honakoa bere laugarren legealdia da.

 

2022rako hitzarmenak 28.000 euroko hornidura du, iazkoak baino 3.500 euro gehiago, eta honako afera hauek biltzen ditu oraingoan ere: komunikazio elebiduna indartzea, osoko bilkura bat gehiago egitea, edo eztabaida saioetan zeinu-interprete bat egotea, “parte-hartzaileren batek hala behar duenean”.

 

Hitzarmenak arreta berezia jartzen dio Gazte Parlamentuak hartzen dituen erabakiak izapidetzeko moduari. Hemendik aurrera erabaki horiek Lehendakaritza Batzordera edo gaiaren arabera dagokion batzordera bideratuko dira, eta han Nafarroako Gazte Kontseiluko ordezkariek eta 14-30 urte bitarteko biztanleak ordezkatzen dituen parlamentukoek lan-bilkura batean parte hartzeko aukera dute, beren proposamenak zuzenean talde parlamentarioei azaltzeko.

 

Horren harira, Unai Hualdek esan du hitzarmen berriak "gazte Parlamentuaren proiektua sendotzen" duela, eta ekimen horrek gero eta interes handiagoa pizten duela gazteen artean. “Urte honetatik aurrera, gainera, Gazte Parlamentutik ateratako ondorioak Gazte Kontseiluak berak azaltzen ditu Legebiltzarreko Lehendakaritza Batzordean”.

 

Guillermo Bergantiñosek, bestalde, eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari proiektu honekiko duen “konpromisoagatik”, baita “parte hartzen duten pertsona guztiei” ere, seigarren edizioraino iristea ahalbidetu baitute.

 

"Gazte Parlamentua gazteek eta gazteentzat egindako eztabaida-gune osasuntsu eta anitzaren adibide bat da. Gazteen elkartasun sozial eta intergenerazionalaren erakustaldia da. Pandemiak markatutako garai zail batetik gatoz, eta neurri desberdinetara egokitzen joan behar izan dugu, osoko bilkurak eta lan-taldeak garatu ahal izateko”.

 

IV. Gazte Parlamentuak 2020ko azaroan berritu zituen bere karguak, eta urriaren 15ean egin zuen eratzeko bilkura, presentzialki. Alberto Guijarro hautatu zuten lehendakari, eta Iranzu Fernández eta Diego Allo lehendakariorde lehena eta bigarrena, hurrenez hurren.

 

Apirilaren 18ko 110/1986 Foru Dekretuaren bidez sortu zen Nafarroako Gazte Kontseilua (CJN-NGK), Nafarroako gazteriaren ordezkaritza-organo nagusia, eta haren helburua da Nafarroako gazteria osatzen duten pertsona eta elkarteen parte-hartzea sustatzea Erkidegoko garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean.