Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Apirilak 27

Nafarroako Parlamentuak eguneko bilera presentzial bakarra egin dezake

Egungo baldintzetan Osoko Bilkuren aretoaren gehieneko edukiera 21 eserlekutara mugatu da, osasun agintariek gomendatutako segurtasun-distantziako bi metroak mantentzeko

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren baitan Legebiltzarreko Mahaiak martxoaren 16an onetsitako ohiz kanpoko euste-neurriak maiatzaren 9ra arte luzatzeko arrazoiak azaldu ditu gaur. Hirugarren luzapena da honakoa, pasa den martxoaren 27an apirilaren 13ra arte luzatzea erabaki baitzen.

 

Unai Hualdek agerraldi telematikoan azaldu duenez, Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak erabaki hori hartu dute, hain zuzen ere, Kongresuak apirilaren 22an onetsitako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuenaren luzapenaren ondoriozko egoerara egokitu beharra dagoelako.

 

Gaurkoan berritasun nagusiak Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordearekin du zerikusia, Osoko Bilkuren aretoak egungo egoeran duen gehieneko edukiera dela-eta (21 eserleku). Edukiera hori zehaztu da osasun-agintarien gomendioak errespetatuz; besteak beste, COVID-19aren eraginez bi metroko segurtasun-distantzia mantentzeari dagokiona. Aipatzekoa da, halaber, egunero bilera presentzial bat egin ahal izatea erabaki dela, Navarra Sumak eta EH Bilduk hala proposaturik. Beren gehiengoa baliatu dute lehendakariak astean hiru bilera egiteko eginiko proposamenaren kaltetan.

 

Txosten hori oinarri harturik, erabaki da datorren ostegunean –hilaren 30a– egitekoa den kontroleko Osoko Bilkurari dagozkion eserlekuak honela banatzea: Mahaiko hiru kide lehendakaria, lehen lehendakariordea eta lehen idazkaria, bi ordezkari Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugurentzat, bat Izquierda-Ezkerrarentzat, sei Gobernuarentzat, lehendakaria eta bost kontseilari, eta Legebiltzarreko legelari nagusia. Mahaiko beste bi kideek, bigarren lehendakariordeak eta bigarren idazkariak, prentsa-kabinetatik jarraituko dute datorren osteguneko kontroleko Osoko Bilkura.

 

Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordeak hasiera batean emandako txostenak, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz, adierazten zuen ez zela onargarria bi bilera aldi berean egitea, ez eta egun berean bilera bat baino gehiago ere.

 

Horrela, Batzorde aretoetan bilerarik egitea ezinezkotzat jo ondoren, haietan ezinezkoa baita gutxieneko segurtasun-distantzia mantentzea (bi metro), jarduera guztiak Osoko Bilkuren aretora lekualdatu beharraz ohartarazten zen, "bideokonferentzia bitartezko bilerarik egitea ezinezkoa den orotan".

 

Hori dela-eta, ez denez adostasunik izan datorren ostegunean egitekoa den kontroleko Osoko Bilkuran talde parlamentario bakoitzak eduki beharreko ordezkari-kopuruari buruz, ostiralean Mahaiak erabaki zuen Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordeari bigarren txosten bat egiteko eskatzea, nahitaezko distantziako bi metroak mantenduz Osoko Bilkuren aretoak izanen lukeen gehieneko edukiera zehazte aldera. Gaur argitu da afera, aretoa neurtuz.

 

Kasu honetan, ohiz kanpoko euste-neurrien luzapenak zenbait aldaketa izanen ditu, tartean, esaterako, Gobernuaren kontrolerako ekimen batzuei lotutako administrazio epeak martxan jartzea: galdera idatziak eta ahozkoak, Nafarroako Gobernuari informazio eta agerraldi eskaerak, beti ere COVID-19ak eragindako krisi pandemikoaren kudeaketari buruzkoak.

 

Aldi berean, Foru Araubideko Batzordeari dagokionez idatzitako kontrol, informazio eta dokumentazio prozedura berezia desagertu da.

 

Gainerakoan, indarrean diraute alarma-egoera martxoaren 14an deklaratu aurretik eta ostean hartutako gainontzeko agindu guztiek, Parlamentuaren funtzionamendua bere "autonomia instituzionala baliatuz” larrialdi sanitarioko egoerara egokitzeko (Kontingentzia Plana).

 

Gauzak horrela, Lehendakaria eta Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideez gain, Legebiltzarraren egoitzara sartzeko aukera izanen dute hemendik aurrera kasuan kasuko organoetako kideek ere bai, deitzen diren bilkuretara joan daitezen. Hau guztia beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den denborara mugatuta eta segurtasun-berme guztiekin. Lehendakariaren edo idazkari nagusiaren baimena behar izanen da salbuespeneko bestelako errekerimendurako.

 

Parlamentuaren egoitza itxita dagoen bitartean, momentuz maiatzaren 9ra arte, erregistro guztiak modu telematikoan eginen dira. Horretarako, parlamentarioek gaituta duten sistema erabiliko dute, eta gainerako interesdunek, berriz, posta elektronikoko honako helbide hau: [email protected].

 

Gainera, etenda geratzen da gaur egun izapidetzen ari diren Parlamentuko gai guztien izapidetzea, horien epeak barne, zeinak izapidetzearen etena bukatzen den unean berrabiaraziko baitira.

 

Administrazio-epeei dagokienez, etenda geratzen dira COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera –aipatutako salbuespenekin-.

 

Bestalde, salbuespen-egoera martxoaren 29az harago luzatuz gero aurreikusi zen bezala, telelanaren sistema mantendu egiten da, Nafarroako Parlamentuko langile guztiek, ahal den neurrian, etxetik lan egin dezaten. Jarduera presentziala bilkura presentzialen beharretara egokituko da, segurtasun berme guztiekin.

 

Gogoratuko denez, martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi zituen, baita lan parlamentarioak murriztu ere. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.

 

Lehendakariaren ondoren, talde parlamentarioetako eledunek agerraldia egin dute eta hedabideek Prentsa zerbitzuaren bidez igorritako galderei erantzun diete (streaming bidez).

 

Parlamentuko taldeak bat etorri dira koronabirusaren krisiaren ondoren normaltasunera itzultzeko neurriek lurralde bakoitzaren errealitatea kontuan hartu behar dutela adieraztean. Horregatik, Gobernu zentralaren koordinazioa zalantzan jarri gabe, lurralde bakoitzaren egoera lehenestea eskatu dute, Foru Komunitatearen kasuan eskumenen galera saihesteko.

 

Azkenik, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsi dute beste bilera bat egitea datorren asteazkenean, hilak 29, 17:00etan. Besteak beste, ebaztearren datorren astean egitekoak diren Gobernuko kontseilarien agerraldietarako eskariak izapidetzeko onartzeari buruz eta antolatzearren ostegunerako, maiatzak 7, deituko den Osoko Bilkura.