Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Irailak 30

Nafarroako Parlamentua, 'Tránsitos' liburuaren aurkezpen-gune, Naizen-ek antolaturiko haur- eta gazte-transexualitateari buruzko ekitaldi batean

Liburuaren 200 ale erosi dira Nafarroako liburutegi publiko guztien artean banatzeko, Legebiltzarrak berdintasunezko heziketa eta gizarte baten alde eginiko apustuaren erakusgarri, Hualdek azaldu duenez

Gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuak bere egoitzan harrera egin dio Aingeru Mayor-ek idatzia den Tránsitos liburuaren aurkezpenari, haur- eta gazte-transexualitateari buruz Naizen-ekin lankidetzan antolaturiko ekitaldi baten esparruan, zeinak halaber barne hartu baitu adingabe transexualen eskubideen defentsan plazaratu diren pertsona eta kolektibo batzuei aintzatespen-erakusgarri batzuk ematea.

 

Ekitaldi-irekieraz Parlamentuko lehendakari Unai Hualde jauna arduratu da, eta azpimarratu du Foru Komunitateko Legebiltzarrak "apustu tinkoa" egiten duela berdintasunezko heziketa baten alde, genitalen araberako estigmak ekidinez berdintasunezko gizarte bat ekarriko duena. Oso erraza da ulertzen baina, aldi berean, bizitzen oso konplikatua, baldin haurrek eta haien familiek ez badute gizartearen eta erakundeen babesik aurkitzen. Haur- eta gazte-transexualitateaz ari gara; hots, bizitza-errelatoak, lehenbizi Chrysallis-ek eta gero Naizen-ek ulertarazi nahi izan dituztenak, beren lagun-egite langintza saiatuaren bidez".

 

Testuinguru horretan, lehendakariak aurkezgai den liburua aipatu du: Aingeru Mayor-en obra bat, "laguntzen duena haur-transexualitatea ulertzen eta ikusgai egiten. Ederki azaltzen du Aitzole Aranetak aitzinsolasaren amaieran: "liburu beharrezkoa dugu, jende askok azkenean lortuko du-eta ulertzea zertaz ari garen". Zera bezain sinplea da, asumitzea badaudela bulbadun mutikoak eta zakildun neskatoak. Parlamentuak, berak ere ikuspegi horri heldurik, 200 liburu erosi ditu, haiek Nafarroako liburutegi publiko guzti-guztiei helarazteko. Liburu hau irakur dadin behar dugu, ezagut daitezen mutiko eta neskato hauek eta beren familiek eginiko iraganbideak. Arratsalde honetakoa norabide horretan eginiko beste urrats bat da. Eskerrik asko Naizen-i".

 

Jarraian, Naizen-en Nafarroako erakunde-harremanen arduradun den Roberto Itoiz-ek elkartearen ibilbidea azaldu du, 2015 urtean zortzi familiak Chrysallis elkartea sortu zutenetik. Parlamentuaren inplikazioa eskertu du, “babes instituzionalari dagokionez aitzindaria izan baita. 2017an adingabeen transexualitatea eztabaida publikora eramatea lortu genuen eta erakundeak tamainan izan ziren”.

 

Itoizek oroitarazi du “kolektibo gutxi izan direla transak bezain gaizki tratatuak. Zor historiko hau kitatzeko garaia da. Ausardia behar da munduak beren nortasuna libreki onartu eta aitortzeko, izan ere, parean dauden etsaiak ulertezintasuna, negazioa eta ezjakintasuna baitira. Errealitate honen ezagutzan erreferente garen elkarte bat gara”:

 

Aingeru Mayorrek, lanaren egileak, liburuaren berezitasunak azaldu ditu. "25 bizitza-kontakizun biltzen ditu, jaiotzean genitalen arabera esleitu zitzaien nortasunarekin bat ez datozenak seme-alaben gurasoek kontatutako istorioak. Onarpen, elkartasun eta baldintzarik gabeko maitasun istorioak dira. Material ederra jaso nuen, eta hori afinatzea egokitu zitzaidan, ezagutza egituratu batetik abiatuta irakurketa atsegina izan zedin. Ikasi dudan zerbait izan da sufrimendua hain dela basatia, gurasoek ulertu baino lehen ere onarpenera eramaten duela. Ohore bat izan da liburua hemen aurkeztea, beti ondo hartu gaituzten lekuan".

 

Jarraian, Edurne Koch Naizen elkarteko koordinatzaileak aintzatespen-erakusgarri batzuk entregatu dizkie pertsona transexualen –kasu honetan, haurtzaroan eta gaztaroan daudenen– eskubideen aldezpenean nabarmendu diren pertsona eta entitate batzuei.

 

Naizen paparrekoaren bidez goraipatuak izandakoen zerrenda honakoa da: Ainhoa Aznárez eta Unai Hualde, azken bi legegintzaldietako lehendakaritzen ordezkari bezala; Luis Gabilondo, Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari ohia; Iñaki Goñi, sexologoa; Ekaitz Goikoetxea, bertsolaria; Mikele Grande, emakume transexuala; Kai Etxaniz, autore eta trans aktibista.

 

Musika-akonpainamendua Kai Etxanizen eskutik eskaini da, María Antúnez eta Alicia Arguiñanok lagunduta.

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta bertaratuak izan dira, besteak beste, Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez, Parlamentuko lehen eta bigarren lehendakariordeak, Isabel Olave, Alberto Bonilla, Ángel Ansa (Navarra Suma), Nuria Medina (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Marisa de Simón (I-E), Vanessa Eguíluz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko LGTBI+ pertsonen berdintasun azpizuzendaria, María García-Barberena Iruñeko Udaleko berdintasun zinegotzia, Rosa Montenegro Kattalingorri elkarteko lehendakaria, Erika Salvatierra Harrotuko sexologoa eta Carlos Montoya Laiak elkarteko arduraduna.

 

Ekitaldian, Laneko Arriskuen Prebentzioak ezarritako higiene- eta prebentzio-neurriak eta segurtasun-distantziak bete dira, baita areto bakoitzerako –kasu honetan, atalondoa– gehieneko edukiera ere.