Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Otsailak 3

Nafarroako Logopeden Elkargoa sortzeko Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2022ko otsailaren 3an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Nafarroako Logopeden Elkargoa sortzeko Foru Legea. Lan arloko elkarte horren xedea da laguntza ematea Nafarroan lanbidearen jarduna ordenatzeko. Dagoeneko, izen-ematea nahitaezkoa da.

 

Gobernuak sustatutako legeak “interes publikoko” zioei erantzuten die. Izan ere, osasun arloko jarduera horrek, arautua eta aitortua dagoenak, eginkizun sozial garrantzitsua betetzen du giza komunikazioaren eta haren nahasmenduen eremuetan, horietan barne irakaskuntza eta ikerketa osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte ongizatearen arloetan.

 

Oinarrizko legedian eta Nafarroako lanbide elkargoei buruzko legedian ezarritakoa deusetan galarazi gabe, lanbidean jarduteko nahitaezko baldintza izanen da elkargoan izen-ematea, non ez den frogatzen beste lurralde bateko elkargoko kide izatea.

 

Elkargoko kide izaten ahalko dira Logopediako diplomako edo graduko unibertsitate titulua dutenak, edo titulazio hori eduki gabe hizkuntzaren eta entzumenaren nahasmenduen arloan lan egin edo lan egiten dutenak, gutxienez ere Logopediaren arloan abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretuak indarra hartu aurreko bost urteetan -edo egun horretatik 1995eko abenduaren 31 arte, -lehen promozio nazionala-, eta irakasle espezializatuaren edo espezialistaren diploma ofiziala badute.

 

Halaber, onartuko dira Osasun Zientzien edo Hezkuntzaren arloko lizentzia bat edo diploma bat dutenak, osasun arloan logopediari dagozkion lanetan gutxienez hamar urteko lanbide esperientzia dutela frogatzen badute. Batzuek zein besteek elkargoko kide egiteko bi urteko epea izanen dute, lege honek indarra hartzen duenetik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

 

Jasotzen denez Nafarroako Kazetarien Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa izanen da, berezko nortasun juridikoa eta bere helburuak betetzeko nahiz bere eginkizunetan aritzeko ahalmen osoa duena. Nafarroako Foru Komunitatea izanen du jarduteko lurralde-esparru.

 

Sustatzaileek beren artean aukeratuko dute gobernu batzorde/kudeaketa batzorde bat eta horrek sei hilabeteko epea izanen du behin-behineko estatutuak onesteko, arautu aldera batzar eratzailea, deialdia egiteko modua eta bilkura egiteko prozedura barne. Biltzar eratzaile horretan behin betiko estatutuak onetsiko dira eta elkargoaren ordezkaritza organoak beteko dituzten kideak hautatuko dira.

 

• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (142. NPAO, 2022-12-13koa)