Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urriak 6

Nafarroako Gobernua premiatzen da sostengua eman diezaien gizarte- eta udal-ekimeneko energia-komunitateetarako proiektu jasangarriei

Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatuta, Ganberak ez du babestu energiako enpresa publiko bat sortzeko Podemos Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak egindako eskaera

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “sostengua eman diezaien biodibertsitatearen eta ingurumenaren errespetuarekin bateragarri diren gizarte- eta udal-ekimeneko energia-komunitateetarako proiektu guztiei”.

 

Mozioaren jatorrizko testuak beste bi atal zituen, Navarra Suma eta PSNren aurkako botoekin baztertu egin direnak. Lehenak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “susta dezan jatorriz ehuneko ehunean berriztagarria izanen den energiako enpresa publiko baten eraketa, zeinak energia ekoiztu, merkaturatu eta banatuko baitu, sozietate publikoaren forma juridikoarekin eta, beraz, NEKPen sartuta”.

 

Bigarrenak, berriz, Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “susta ditzan elektrizitate-energia berriztagarria sortzeko instalazioen proiektuak, bateragarriak biodibertsitatea eta ingurumena errespetatzearekin, energia-enpresa publikoak merkaturatuko duen energiaren portzentaje ahalik handiena ekoiztekoak”.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako mozioak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 4/2022 Foru Legean xedatutakoa aipatzen du, bertan” energia eredu berri bat” bultzatzeaz hitz egiten baita. Era berean, Nafarroako Gobernua babesten duten alderdien artean izenpetutako Akordio Programatikoa ere aipatzen du, izan ere, adostutako konpromisoen artean baitago “energia operadore publiko bat sortzearen komenigarritasunari buruzko azterlana egitea, enpresa pribatuekiko mendekotasun energetikoa murriztera bideratutako neurriak har daitezen eskatzeko, haien esku baitago lehen mailako behar honen prezioaren kontrol absolutua”.

 

Testuinguru horretan, eta “egiturazko” neurriak nahikoa ez direla nabarmendu ondoren, Nafarroako ETE eta enpresa askok aurre egin beharreko zailtasun ekonomikoak aipatzen dira, eskatzeko energia berriztagarrietan oinarritutako eta CPENen integratutako energia-enpresa publiko bat sor dadin, energia prezio duinean ekoitzi, merkaturatu eta banatzeko.

 

Horri dagokionez, gogorarazten da abuztua KPIaren % 10,5eko igoerarekin itxi zela, besteak beste elikagaien garestitzearen ondorioz, gaur egun “azken hiru hamarkadetako mailarik handienean baitago, eta elektrizitatearena, duela hamabi hilabete baino % 60 garestiago”.