Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Martxoak 29

Nafarroako Gobernua premiatzen da oposizio guztietan zehaztu dezan azterketen zailtasun gradua, Testen teoria klasikoaren edo/eta Itemari erantzuteko teoriaren bidez

Foru Komunitateko administrazioaren sarbide-proben aldaketa eta eguneratzea langileen ordezkariekin negoziatzeko eskatu du Ganberak

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua eta Osasun Departamentua premiatzen baitira “oposizio eta oposizio-lehiaketa guztietan zehaztua egon dadin azterketen zailtasun gradua, Testen teoria klasikoaren edo/eta Itemari erantzuteko teoriaren bidez, erabili aurretik”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “langileen ordezkariekin negozia dezan Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen sarbide-probak aldatzea eta eguneratzea. Sarbidean oroimen probak eraldatu edo osatu eginen dira lanpostuan garatu beharreko gaitasun, eginkizun eta trebeziekin lotutako beste irizpide batzuekin”.

 

Jatorrizko testuak beste atal bat zuen, atzera bota dutena Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin, eta eskatzen zuen “azterlan bat egin dezaten, Erizaintzako oposizio-lehiaketako 2022ko otsailaren 6ko azterketan egindako item/galderen kalitate psikometrikoa egiaztatzeko”.

 

Zehazten zenez, “azterlanean zehaztuko da galderen zailtasun- eta eskakizun-gradua, Itemari erantzuteko teoriaren bidez (Itema diskriminatzea-Zailtasuna-Ausaz asmatzea) eta/edo Testen teoria klasikoaren bidez (Zailtasuna-Diskriminazioa-Distraitzaileak diskriminatzea- Lerrabidearen balorazioa)”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentariak sustatutako ebazpenak, otsailaren 6an,  “COVID-19aren olatu gogorrenetako baten bitartean” egindako Nafarroako erizaintzako oposizio-lehiaketarako deialdia gainditu dutenen “kopuru urria” mahaigaineratzen du -4.713 izangaietatik 649k gainditu zuten-, eta hori dela eta, azterlan bat eskatzen du “azterketan egindako item/galderen kalitate psikometrikoa egiaztatzeko”.

 

Bilkura Nuria Medinak zuzendu du (PSN), eta bertan izan dira Ángel Ansa, Alberto Bonilla, Iñaki Iriarte, Elena Llorente, Patxi Pérez, Maribel García Malo (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

Mozioa (35. NPAO, 2022-03-18koa)