Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 4

Nafarroako Gobernua premiatzen da NUPeko 2020-2021 ikasturteko matrikularen prezioa jaits dezan

Legebiltzarrak Covid-ak eragindako krisiaren ondorioz ikasleek ikasketak uztea ekidin nahi du

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “behin Unibertsitateetako Ministerioak urkila-sistema kenduta, 2019-2020 ikasturtekoa baino txikiagoa izan dadin 2020-2021 ikasturterako matrikularen prezioa, eta gutxienekoa izan dadin baldin eta gehieneko eta gutxieneko prezioen sistema bat ezartzen bada”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “Covid-19aren krisia dela-eta seihileko honetan ukitu diren irakasgaien kasuan, lehenengo matrikularen prezioa ezar dezan bigarren eta hirugarren matrikuletan, baldin eta NUPeko ikasleek, arazoak arazo, horietan berriz ere matrikulatu behar badute heldu den ikasturtean”.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek beste bi atalen aurka bozkatu dute eta baztertu egin dira. Lehenak Gobernua premiatu nahi zuen “unibertsitateko ikasketetarako beken deialdia alda dezan, halako moduan non horren partida gutxienez ere 500.000 euro igoko baita, beharrizan handiagoa duten familiei laguntzeko baldintza ekonomikoak berrikusiko baitira eta beka hori eta Ministerioarena bateragarriak izanen baitira (Nafarroako Gobernuak emandako bekatik ez da deskontatuko Ministerioak emandako zenbatekoa, gaur egun egiten den bezala)”.

 

Bigarrenak, berriz, Foru Gobernuari eskatzen zion “matrikularen ordainketa zatikatuko portzentajeak alda ditzan graduko eta masterreko planetarako; lehendabizikoa zenbateko osoaren % 20koa izatera pasatuko da, matrikularen ordainketa egiteko gutunean adierazten den epean; bigarrena, zenbateko osoaren % 20koa, 2020ko urriaren 15etik azaroaren 5era bitarte; hirugarrena, zenbateko osoaren % 30ekoa, 2021eko urtarrilaren 14tik otsailaren 4ra bitarte; eta laugarrena, zenbateko osoaren % 30ekoa, 2021eko apirilaren 8tik 29ra bitarte”.

 

EH Bilduk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “handiagotu zezan unibertsitate-ikasketetarako bekak eta laguntzak helburu dituen partida, eta alda zitzan deialdiko oinarriak, “8.4.7 Laguntza berezia” apartatuan baldintza gehigarri bat txertatuz, kontuan hartuko dituena beren egoera ekonomikoan COVID-19aren krisiaren eragina jasan duten familia-unitateak. Talde honentzat, “bigarren eta hirugarren matrikuletan lehenengo matrikularen prezioa ezartzeko” eskaera egiten zen, baita matrikularen ordainketa zatikatuko portzentajeak alda zitzan graduko eta masterreko ikasketa-planetarako.Gainera, proposatzen zen 2011-2012ko tasa-mailetara itzultzea, “kontuan hartuz KPIaren igoera eta unibertsitateko langile-gastuaren igoera (% 23)”.

 

Navarra Sumak ez du izapidetzeko onartu EH Bildu, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako in voce zuzenketa bat, EH Bilduk aurkeztutakoaren antzeko edukia jasotzen zuena.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Covid-19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren larritasuna aipatzen du aparteko neurriak eskatzeko pandemiaren eraginengatik ikasleek ikasketak uztea ekiditeko.

 

Horrela, eskola telematikoetara eta ebaluazio sistema berrira egokitzeko ikasleek egin duen ahaleginari balioa eman ondoren, hurrengo ikasturteko matrikulak ordaintzeko erraztasunak eman behar direla azpimarratu da, familia ugarik izaten dituzten diru-sarrerak murriztu egin baitira.