Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da N-121-A errepidetik ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko edo mugatzeko har litezkeen neurriak azter ditzan

Ganberak berehalako neurriak eskatzen ditu segurtasuna areagotzeko eta istripu-kopurua gutxitzeko, udalek eskatutakoarekin bat eginez

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “N-121-A errepidean ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko edo mugatzeko har litezkeen neurriak azter ditzan bere zerbitzu juridikoen bidez, errepide horretako segurtasuna areagotzea eta istripu-kopurua gutxitzea xede”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak aipatzen du “trafikoaren dentsitateak, ibilgailu astunen kopuru handiak eta orografia zailak zaildu” egiten duela zirkulazioa, gorabehera eta istripu asko egotea eragiten dute, ondorio larriekin, eta, horrenbestez, kexak egoten dira etengabe.

 

Ildo horretan, nabarmentzen da eguneroko batez besteko intentsitatea (eguneko zenbat ibilgailu) 9.500 ibilgailutik gorakoa dela errepide horretan, eta errepide-tarte batzuetan % 30 ingurukoa dela ibilgailu astunen portzentajea. Hau da, batez beste 2.800 kamioi dira gutxi gorabehera 62,87 kilometroko errepide horretatik zirkulatzen dutenak.

 

Nafarroako Gobernuak N-121-A errepidea 2+1 motakoa bilakatzea aurreikusita daukan arren, dauden bidegurutzeak aldatuta eta sarbideak berrantolatuta (70 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin), errepide horretako istripu-kopurua murrizteko neurriak lehenbailehen hartu behar dira, eta horrek erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duten beste alternatiba batzuk aztertzea eskatzen du.

 

Neurri horien artean, “erabiltzaileek, ukitutako herrietako bizilagunek nahiz udalek berek eskatutakoenetako bat” da ibilgailu astunen zirkulazioa mugatzea edo murriztea.

 

*EH Bildu talde parlamentarioa ez da Osoko Bilkuran egon.