Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Azaroak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da iker ditzan Odol Bankutik Tuterako Ospitalera hemoderibatuak eta erreaktiboak garraiatzeko zerbitzuan izandako irregulartasunak

Daniel Zuasti langilea istripuz hil zen iragan maiatzaren 17an, ibilbide hori AP-15etik beharrean errepide nazionaletik egiten ari zela bere ibilgailu partikularrean

Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen du “ikerketa-espediente bat abiaraz dezan, Odol Bankutik Tuterako Ospitalera hemoderibatuak eta erreaktiboak garraiatzeko zerbitzua ematean izandako irregulartasunak zehazteko”.


Erabakiak bigarren atal bat zuen, Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin baztertua izan dena. Bertan, Foru Gobernuko Osasun Departamentuari eskatzen zitzaion “garraiobide berekiekin eman dezala garraio-zerbitzu hori, ikusita ezinezkoa dela Odol Bankutik Tuterako Ospitalera hemoderibatuak eta erreaktiboak garraiatzeko zerbitzua emateko baldintzak betetzen direla bermatzea”.

 

EH Bildu talde parlamentarioak sustatu du erabakia. Zioen azalpenean gogora ekartzen du zer inguruabarretan hil zen lan-istripuz Daniel Zugasti, iragan maiatzaren 17an, Nafarroako Odol Bankutik Tuterako Ospitalera odola eta erreaktiboak garraiatzen ari zenean. Erantzukizunak argitzeko eskatzen du, enpresa emakidadunaren jokabidea dela-eta. “O-NOZek ez dio inolako espedienterik abiarazi, nahiz eta langilea bere ibilgailu partikularrean bidaiatzen ari zen —enpresarenak aldiro zeuden-eta matxuratuta— eta autobidetik ez, errepide nazionaletik —ez zizkioten ordaintzen bidesariak—, eta mutualitateak inguruabar hori baliatu du istripua lanekoa ez bestelako istripu gisa katalogatzeko, horrek dakartzan kalteekin”.

 

Kontua da, azpimarratzen du proposamenaren egileak, langilea “lanean ari zela; izan ere, istripua artatu zuten suhiltzaileek eraman behar izan zituzten hark Odol Bankutik Tuterako Ospitalera zeramatzan produktuak”.