Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Maiatzak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko Estatuarekiko negoziazioaren esparruan zerga-figura berriak sar daitezen

Legebiltzarrak Nazioarteko zerga-foroetan Foru Erkidegoaren presentzia eskatzen du eta 2008ko krisian hartutako neurrien alternatiba izanen diren diru-sarreren bide berriak azter daitezen defendatzen du

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, Navarra Sumaren barnean dauden Ciudadanoseko hiru forudunen aurkako botoekin eta Navarra Sumaren (UPN+PPN) abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko Estatuarekiko negoziazioaren esparruan, alde batetik, zerga-figura berriak sar daitezen, hala nola Google edo Tobin tasak eta mugaz gaindiko BEZa, halako moldez non horien kudeaketa eta bilketa Foru Komunitatearen esku geratuko diren; eta, beste alde batetik, Nafarroako erakundeak nazioarteko zerga-foroetan egonen direla ziurta dadin”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “hilabeteko epean txosten bat aurkez diezaion Ganbera honi, enpresa-erakundeek eta hainbat gizarte-erakundek proposatutakoen antzeko zerga-neurriak aplikatzeak gure ekonomian izan lezakeen eraginari buruzkoa, egungo krisiaren ondorioz eragin negatiborik ez duten errenta altuak, enpresa-onurak eta ondare handiak, aldi baterako bada ere, zergapetzeko aukerari dagokionez”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “Covid-19ak eragindako osasun-krisiak eta ekoizpen-jardueraren eteteak ekarri duen eragin ekonomiko handia” azaltzen du, eta ildo horretan, “diru-sarreren bide berriak aztertzea” defendatzen du, “ahal den neurrian ongizate-estatuari eusteko”. 2008ko krisian hartutako neurriak ez errepikatzeko eskatzen da, izan ere, “murrizketa handiak eragin zituzten eta gure erkidegoko herritarrengan arrakala handiak eta sakonak sortu zituzten”.

 

Testuinguru horretan, sustatzaileak azaltzen du BPGaren % 4,1eko beherakada izan dela lehen hiruhilekoan, eta langabezia 3.077 pertsonatan igo dela apirilean, 40.442 pertsona hartzeraino. “Errealitate gordina” areagotu egiten da diru-sarreren galeraren kalkuluari buruz hitz egitean, izan ere, kalkulua da 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan zehaztutakoaren %20,2ko galera izanen dela, 818,8 milioi eurokoa.