Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Martxoak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da haurren aurkako indarkeria desagerrarazteko zenbait ekintza egin ditzan

Ikastetxeetan edozein indarkeria-kasuren prebentziorako programa berezien beharra nabarmentzen da eta neskatoak babesteko neurri zehatzak eskatzen dira

 

Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “aldiro sentsibilizazio-kanpaina publikoak presta eta abiaraz ditzan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “ohiko moduan adingabeekin lanean diharduten profesionalak ugaritu ditzan eta haiei prestakuntza eman diezaien indarkeriaren prebentzioan eta detekzioan”.

 

Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “programa berezi gehiago gara ditzan, ikastetxeetan edozein indarkeria-kasuren prebentzioa eta detekzioa eta horren aurrean nola jokatu jorratzeko”.

 

Laugarren atalean, Gobernua premiatzen da “udal eta kontzejuekin ados dezan adingabeei eta nerabeei gune seguruak eskueran jartzea, etxean edo eskolan ez daudenerako”. Puntu honetan PSN abstenitu egin da.

 

Baita ere, “neskatoak babesteko neurri zehatzak gara ditzan, kolektibo hori baita gehien pairatzen duena indarkeria. Zehazki, sexu-esplotazioa, haurtzaroko ezkontza edo genitalen ebaketa bezalako erasoen aurrean”.

 

Era berean, Gobernuari eskatzen zaio “bereziki ahulak diren beste talde batzuentzako babes berezia: adingabe desgaituak; gurasoen zaintzarik gabekoak edo zaintza hori galtzeko arriskuan daudenak; bakarrik dauden adingabe atzerritarrak; LGTBI kolektiboak edo behartsu direnak; arrisku-egoeran dauden familietako adingabeak edo administrazioaren tutoretzapekoak”.

 

Azkenik, Espainiako Gobernuari deia luzatzen zaio “haurren aurkako sexu-delituen preskripzioa alda dezan, halako moldez non kontaketa eginen baita biktimak 30 urte betetzen dituenetik aurrera, eta ez, orain arte bezala, 18 urteko adinetik aurrera. Eta justizia-sistema egokitu dezan haurren beharretara, epaiketa-prozesuak haiek berriro biktimiza ditzan ekiditeko”. Puntu honetan EH Bildu abstenitu egin da.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Haurren aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Aliantzak, Aldeas Infantiles SOS, Educo, Plan International, Save The Children, Unicef-en Espainiako Batzordeak eta World Visionek osatutako erakundeak egiten dituen eskaerak bere egiten ditu, eta ohartarazten du 2016an 37.495 salaketa erregistratu zirela haurren aurkako indarkeriazko delituengatik, eta familia-indarkeriaren kasuen % 67,66 neskatoen aurkakoa izan zela (neskatoen aurkako familia-indarkeriako 3.737 kasu, eta mutikoen aurkako indarkeriako 1.786 kasu).

 

Eskola ere “adingabeen %48ri segurtasunik gabeko esparrua iruditzen zaie, non tratu txarrak eta gehiegikeria fisiko edo emozionalak jasatearen arriskupean baitaude”.

 

Arazo honen goranzko joera ere nabaritu da Nafarroan, izan ere, Arartekoaren txostenaren arabera, babes-sistemak 1.705 adingabe artatu zituen 2017an, aurreko urteetan baino gehiago (2016an, 1.446 eta 2012an, 1.206).

 

Babesgabetasun-egoeran dauden haurren kopurua ere igo egin da (90 2017an, 19 2014an), baita zaintza-egoeran zeuden adingabeei dagokienez (babesgabetasun-egoerakoak), 2017an 751, 2016an 739, eta gorantz egin dute ere zentroen edo familien behin-behineko zaintzan egotearen kasuek, eta beherantz, ordea, harrerek.

 

Tutoretzapeko adingabeei dagokienez, 2017an 347 adingabe egon ziren tutoretzapean; hots, aurreko urteetan baino gehiago (2016an, 253; eta 2015ean, 178).

 

Tere Sáez (EH Bildu) batzordeburu izan duen saioan egon Mónica Doménech, Begoña Ganuza, Luis Zarraluqui (UPN), Rafael Eraso, Patxi Leuza, Virginia Alemán (Geroa Bai), Dabid Anaut, Esther Korres (EH Bildu), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), Conchi Ruiz, Ainhoa Unzu (PSN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

· www.parlamentodenavarra.es

· Mozioa (28. NPAO, 2019-02-26koa)