Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Irailak 19

Nafarroako Gobernua premiatzen da errege-erreginak eta Vianako eta Asturiasko printzesa gonbida ditzan antolatzen dituen protokolozko ekitaldietara

Errege-erreginak ekitaldi garrantzitsuenetara eta bereziki Vianako printzearen sarien banaketa ekitaldira gonbidatzeko ohitura berreskuratzeko deia luzatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren aldeko botoekin, PSNren eta Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “errege-erreginak eta Vianako eta Asturiasko printzesa gonbida ditzan antolatzen dituen protokolozko ekitaldietara eta, bereziki, Vianako Printzea saria emateko ekitaldira”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Parlamentuaren “atxikimendua, errespetua eta leialtasuna adierazten du Estatu Konstituzionalarekiko eta honen erakundeekiko”. PSNk aurkeztutako ordezteko zuzenketa baten bidez txertatu da atal hau, Navarra Sumak onartuta. Geroa Bai abstenitu egin da eta EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak argudiatzen du Espainiako erregeen eta Asturiasko printzesaren presentzia “adeitasun instituzionalaren adierazpide bat izateaz gain, Estatuarekiko eta Konstituzioarekiko leialtasun-adierazpide bat ere bazela”. Zehazki, errege-erreginak edo Vianako eta Asturiasko printzeak Vianako Saria emateko ekitaldian egoteak –hori horrela izan da saria 1990ean sortu zenez geroztik– sari horri “ospea emateko eta foru erkidegotik kanpoko hedabideetan oihartzuna izateko balio izan” duela aipatzen da.

 

Horregatik, sustatzaileek ohitura hau berreskuratzeko deia egiten dute, Gobernuari eskatuz errege-erreginak eta Vianako eta Asturiasko printzesa gonbida ditzan antolatzen dituen protokolozko ekitaldietara.