Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urriak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da biriketako minbiziaren antzemate goiztiarrerako berariazko programa pilotu bat ezar dezan

Baheketa-programetan lidergoa berreskuratzeko deia egiten da, urtean 400 diagnostiko dituen gaixotasunaren heriotza-tasa altuari aurre egiteko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (I-E ez da bilkuran egon), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Foru Komunitatean biriketako minbiziaren antzemate goiztiarrerako berariazko programa pilotu bat ezar dezan albait azkarren, kostu-eraginkortasuna eta Nafarroan modu orokorrean ezartzeko egingarritasuna baloratuko dituena”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, “Nafarroako Osasun Sistemak parte hartu eta lan eginen du biriketako minbiziaren baheketa Nafarroan abiatzeko, estatukoa nahiz bertakoa den edozein ekimenetan, beti sistema publikoaren bidez, minbizia detektatu eta prebenitzeko erantzun eraginkor eta berdintasunezkoa emate aldera”.  Atal hau PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu duten eta Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu duen in voce zuzenketa baten bidez gehitu da.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentariak sustatutako ebazpenak adierazten du urtero biriketako 400 minbizi diagnostikatzen direla, horien % 80 fase aurreratuan, minbiziak eragindako heriotzen % 20 biriketako minbiziaren ondorioz izanik. Hori dela eta, eta Europar Batasunaren, elkarte zientifikoen eta pazienteen elkarteen eskakizunei jarraituz, antzemate goiztiarrerako programa ezar dadin eskatzen da.

 

Adierazten da Nafarroa “aitzindaria” izan zela bularreko minbiziaren eta koloneko minbiziaren antzemate goiztiarrerako programak ezartzeari eta horien estaldura eta emaitzei dagokienez, eta horregatik, “premiazkotzat” jotzen da arlo horretako lidergoa berreskuratzea, Cassandra (SEPARek gidatua) bezalako proiektuez baliatuz, zeinarekin, eta erkidego bakoitzeko 1-2 osasun-zentroren parte-hartzearekin, Espainian biriketako minbizia bahetzeko programa bat ezartzeko aukera ebaluatu nahi baita.

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (116. NPAO, 2022-10-18koa)