Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Martxoak 22

Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen dira Kolonbiako bake-prozesuarekin duten konpromisoa areagotzera

Gobernuak eta FARCek bake-ituna sinatzeak, zeinak 50 urteko gatazka armatua bukatu baitzuen, ez du ekarri indarkeriaren amaierarik eta akordioak erabat betetzerik

 

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak erabaki bat onetsi du gaur, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aldeko botoa emanda eta Navarra Sumaren abstentzioarekin. Aipatu erabakiaren lehenbiziko puntuak dioenez, "Nafarroako Parlamentuak:

a) Babes argia adierazten die bake prozesuari, egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta errepikapenik ezerako sistema integralari, zeinen parte baita Egia Argitzeko Batzordea, Bake Jurisdikzio Bereziari eta Desagertutzat emandako Pertsonak bilatzeko Unitateari; eta dei egiten du –akordioa sinatu zenetik sei urte joan diren honetan– gatazka behin betiko amaitzeko akordioaren alderdi guztiak oso-osorik ezartzera, bake justu eta iraunkorra egon ahal izateko.

 

b) Adierazten du bat datorrela eta konpromisoa duela Kolonbiako Gobernu berriak iragarritako erabateko bakearen helburuarekin.

 

c) Bat dator ELNrekin elkarrizketak berriz hasteko prozesuaren balorazio positiboarekin, gatazkaren behin betiko eta negoziatutako irteera lortzeko helburuarekin, haren egiturazko kausei erantzun integrala emanez, eta abegi ona egiten dio gobernu berriak legez kanpoko egitura armatu guztiei egindako deiari, amaieran horien guztien desagerpena ekarriko duen prozesu bat abiatzeko.

 

d) Konpromisoa adierazten du Kolonbiako Kongresuarekin eta haren Bake Batzordearekin lankidetzan eta trukean aritzeko, Kolonbian erabateko bakea eraikitzea xede".

 

Bigarren puntuan dioenez, "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Gobernuari honako hau eska diezaion:

 

a) Jarrera proaktiboa izaten jarraitu eta hura areagotu dezan eta bere ahalmen diplomatiko guztia baliatu dezan Kolonbiako Gobernuaren aitzinean, bake prozesuari jarritako oztopoak desagerrarazteko eta helburu hori bera plantea dezan Europar Batasunaren esparruan.

 

b) Nazioarteko babesa eskatzen duten errefuxiatu kolonbiarrak babesteko asilo politikarekin jarraitu eta hura hobetu dezan, eta indartu ditzan bai arrisku-egoeran dauden giza eskubideen defendatzaileak babesteko programak eta ekimenak, bai eskubideak defendatzen dituzten kolektibo eta komunitateei lurraldean bertan laguntzen dieten nazioarteko lankidetzaren arloko politikak".

 

Jadanik hirugarren puntuan, eta Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkezturikoa eta onartua izan den gehikuntza-zuzenketa baten ondorioz, dei egiten da:

 

"Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuarengana jo dezan, horrek bete egin dezan Iberoamerikar Aferen Batzordeak onetsitako erabaki-proposamena, honako hauetarakoa:

 

a) Kolonbiak erabateko bakearen erdiespenerako dituen ahaleginekiko konpromisoari eustea. Aipatu konpromisoak Kolonbiako Gobernu berriak iragarri ditu.

 

b) Bere jarrera proaktiboa areagotu dezan eta bere ahalmen diplomatiko guztia erabil dezan Kolonbiako Gobernuarekin, bake-prozesuaren oztopo guztiak kentze aldera.

 

c) Sinatu zenetik sei urte igarotzean aldeztu dezan gatazka behin betiko amaitzeko Akordioaren alderdi guztiak oso-osorik ezartzea, herri hartan bake justu eta iraunkorra egon ahal izateko.

 

d) Segi dezan duda-mudarik gabeko babesa ematen bake prozesuari eta, bereziki, egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta errepikapenik ezerako sistema integralari, zeinen parte baita Egia Argitzeko Batzordea, eta, lana amaitu duen une zehatz honetan, haren Legatuari, Bake Jurisdikzio Berezia eta Desagertutzat emandako Pertsonak bilatzeko Unitatea.

 

e) Segi dezan sostengua ematen, nazioarteko lankidetzazko eta diplomaziazko bideei helduz, Bake Akordioaren eta bake-agenda berriaren ezarpenari, bai eta egiturazko desberdinkerien aurka lurralde-mahai humanitarioak bezalako lurralde-ikuspegizko borrokari, etnia-ikuspegizkoari eta genero-ikuspegizkoari.

 

f) Aldeztu dezan, Nazio Batuen ildo berean, Nazio Askapenerako Armadarekiko elkarrizketei berrekin dakiela, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa oinarri hartuz, gatazkarako behin betiko irtenbide negoziatua lortze aldera, horren kausa egiturazkoei erantzun integrala emanez; halaber, legez kanpoko egitura armatu guztiei horien desagerpenerainoko prozesu baten alde Gobernuak eginiko deiari sostengua eman diezaion.

 

g) Gobernu honek Asilo Bulegoan hasitako hobekuntzei jarraipena ematea, asilo-sistemari eraginkortasun eta babes handiagoa ematekoei.

 

h) Kolonbiako Kongresuarekiko lankidetzarako eta trukerako konpromisoa azal dezan, batez ere haren Bake Batzordearekikoa, Kolonbian Erabateko Bakea eraikitzeko beharrezkoa den orotan. Halaber, nork bere ordezkaritza-esparrutik ekintza bateratuak koordinatzen segi dezan".

 

Zioenazalpenean ,  Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aldezturiko ebazpenak honako hau dio: "Kolonbiako ituna sinatzeak itxaropenez bete zuen herri hori guztia, bai eta mundu osoa ere". Orobat, konfiantza agertzen du "bake eta justizia sozialeko printzipioetan oinarrituriko gizarte demokratiko berri" batean.

 

Alabaina, adierazten den bezala, urtez urte areagotuz joan da legez kanpoko talde armatuen eta, bereziki, paramilitarren indarkeria akordioa sinatu aurreko indarkeria-tasak gainditu arte areagotu ere, giza eskubideak urratzeagatik, bizitza soziala gero eta militarizatuagoa egoteagatik eta indar publikoak errepresio gero eta bortitzagoa baliatzeagatik herritarren erreibindikazioei aurre egiteko. Bakearen alde sinatu eta gizarteratze-prozesuan zeuden 300 pertsona baino gehiago erail dituzte; era berean, aurten 114 buruzagi erail dituzte.

 

Gaur egun, "Kolonbiak aldaketa-garaiak bizi ditu, Errepublikaren Kongresu berria eta Gobernu berria baitaude; hain zuzen, Gobernuak konpromisoa adierazi zuen Bake Akordioa betetzeko eta ELNrekin negoziazioak berriz hasteko, eta berriro azaldu zuen legez kanpoko beste eragile armatu batzuei bake-agertokiak eskaintzeko asmoa".

 

Testuingurua hori izaki, eta ondorioztatzen denez, ahal den laguntza guztia eskatu beharra dago, "baita gure autonomia erkidegoarena ere".

 

Bilkuran Geroa Bai talde parlamentarioko Isabel Aranburu aritu da batzordeburu, eta honako parlamentari hauek jardun dira: Isabel Olave, Isabel García Malo, Iñaki Iriarte, Pachi Pérez, Alberto Bonilla, Miguel Bujanda (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena, Arantza Biurrun, Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Laura Aznal, Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).