Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 1

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena prestakuntza eguneratua ezar zezan adingabeak babesteko gaitasun digitalen arloan

Legegintza, hezkuntza eta kontzientziazio-neurriak susta daitezen eskatzen zuen PPNk, adingabeen segurtasun zibernetikoa, erabilera arduratsua eta alfabetatze digitala indartzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren eta Geroa Bairen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren, Contigo-Zurekinen eta Voxen aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “adingabeen babeserako gaitasun digitalei buruzko formakuntza etengabe eta gaurkotua ezar dezan hezitzaile, guraso, tutore eta zaintzaileentzat, eta hezkuntza digitaleko programa iraunkor eta gaurkotuak sor ditzan adingabeentzat, besteak beste honako gai hauek jorratuko dituztenak: teknologiarekiko adikzioa, sare sozialen erabilera arduratsu eta begirunetsua, sareko pribatutasuna, datu-erabilera etikoa, segurtasun zibernetikoa eta adimen artifiziala”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen zuen “legez berma dezan adingabeek eduki teknologikoak eskuratzeko mugak handiagoak izatea, eta egin beharreko lege-moldaketak egin ditzan haurraren interes gorena izan dadin ingurune digitaletako kezka Nagusia”.

 

Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “etengabeko kanpainak egin ditzan adingabeek teknologiaren erabilera desegokia egitearen arriskuaz ohartarazteko, eta neurriak susta ditzan arrisku horiei aurrea hartzeko, adingabeen alfabetizazio digitala sustatuta, batik bat adingabeak babeste eta ingurune digitala kontrolatze aldera”.

 

Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen zen “haur-pornografiaren legezko definizioa zabalagotu dezan, barne hartzearren adingabeak jarrera sexualki esplizituetan erakusten dituzten edo haien intimitateari eragiten dieten Adimen Artifizialezko irudiak”.

 

Horrez gain, Estatutako Gobernuari eskatzen zitzaion “adimen artifizialaren erabilerari buruzko berariazko arauak ezar ditzan irudiak sortu eta manipulatzeari dagokionez, bereziki adingabeak tartean badira”.

 

Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “abusu-mota horren biktimei laguntza psikologikoa eta legala emateko berariazko programak ezar ditzan, eta biktimek sareko informazio iraingarria ezabatzeko baliabideak eskuratu ahal izatea berma dezan”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “adingabeen pribatutasuna urratzen duten adimen artifizialezko irudiak identifikatzeko detekzio-teknologia aurreratuz horni dezan Foruzaingoa, eta lan hori, gainera, gainerako segurtasun indar eta kidegoekin lankidetzan egin dadin”.

 

Zioen azalpenean, PPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak ingurune digitalaren arriskuen gorakadaz ohartarazten du, adingabeen zaurgarritasuna bereziki esanguratsua baita, eta teknologien erabilera desegokiak gaitasun psikosozialen garapenean eta, oro har, osasun fisiko eta mentalean izan ditzakeen ondorio larriak mahai gaineratzen ditu.

 

Zehazki, proposamena egin duenak honako hauekin lotutako arriskuak azpimarratzen ditu: sareko sexu-esplotazioa, jazarpena, ciberbullyinga, eduki desegokiekiko esposizioa, sareko indarkeria, adikzio digitala, isolamendu soziala, datuen merkantilizazioa, datu pertsonalen lapurreta eta sareko manipulazioa, edo adimen artifizialaren erabilera okerra.