Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 1

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena foru-lege proiektu bat aurkez dezan instalazio eta azpiegitura elektrikoen onura publikoaren aitorpena eteteko

4/2022 Foru Legean energia eolikoko eta fotovoltaikoko instalazioak paratzeko lurzoruak baimengarriak edo debekatuak izateko irizpideak garatzeko eskatu du EH Bilduk

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, Geroa Bairen, PPNren eta Voxen aurkako botoekin eta EH Bilduren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “foru-lege proiektu bat aurkez dezan, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legearen 31. eta 33. artikuluak betetzen ez diren bitartean deklaratze aldera eten egiten direla onura publikoa aitortzeko administrazio-prozedurak, gauzatuak Elektrizitate-sektoreari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluaren babesean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren babesean –zeinak arautzen baititu energia elektrikoa sortzeko instalazio elektrikoei eta horiek husteko azpiegiturei dagozkien energia elektrikoaren garraio, banaketa, merkaturatze eta hornidurarako jarduerak eta energia elektrikoko instalazioak baimentzeko prozedurak–, zeinak ebaztea Nafarroako Foru Komunitateari baitagokio”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legearen 31. eta 33. artikuluak betetzen ez diren bitartean, eten ditzan lurzoru urbanizaezinetan erabilera- eta jarduera-baimenak emateko administrazio-prozedura guztiak, energia elektrikoa sortzeko instalazio elektrikoei eta horiek husteko azpiegiturei buruzkoak, kanpoan utzita energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 9.1.a) artikuluaren arabera”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Foru Exekutiboa premiatzen zen “eskura dituen urrats politiko eta juridiko guztiak egin ditzan, Estatuaren aurrean baliarazte aldera, ministerioek (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak) izapidetzekoak diren proiektuetan, toki-erakunde ukituen eta gai horretan eskumena duten Nafarroako Gobernuaren Departamentuen jarrera”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak ekonomiaren deskarbonizazioarekin eta berotegi-efektuaren gasen isurien murrizketa zorrotzarekin lotutako ingurumen-erronkak eta helburuak errepasatu ditu, energia berriztagarria sortzeko instalazio handiak eta beste autonomia-erkidego batzuetan sortutako elektrizitatea garraiatzeko ekimen pribatuko makroazpiegitura-proiektuak ugaritzen ari direla ikusita, onura publikoa aitortzeko administrazio-prozedurak etetea eskatzeko, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen 31. eta 33. artikuluak garatzen ez diren bitartean.

 

4/2022 Foru Legearen artikulu horietan ezartzen zen Nafarroako Gobernuak erregelamenduz zehaztuko dituela, gehienez ere urtebeteko epean, energia eolikoko instalazio bat paratzeko modukoak diren edo ez diren lurzoru baimengarriak nahiz debekatuak, eta epe hori amaitu izana da arazoa.