Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 1

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena edozein dirulaguntza Memoria Historikoaren arloko legeria betetzearen mende jar zezan

Ganberak, adostasunik gabe, foru eta estatu legerian xedatutakoa aipatzen du, bertan ezartzen baitira zehapenaren xede diren eta laguntza publikoak jasotzeko eskubidea galtzea ekar dezaketen elementuak

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PPNren eta Voxen aurkako botoekin, PSNren eta Geroa Bairen abstentzioekin eta EH Bildu eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua eta toki entitateak premiatzen baitziren “Nafarroako Gobernuaren laguntza eta dirulaguntza publikoen deialdi guztien oinarrietan klausula bat sar dezaten, laguntza edo dirulaguntzaren ematea baldintzatzekoa Memoria Historikoaren arloan indarrean dagoen legedia zorrotz betetzearen mende jartzeko”.

 

UPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Contigo-Zurekin ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Gobernua premiatzen zuen “memoriari buruzko bere politika oinarritu dezan totalitarismo, autoritarismo, terrorismo eta estremismo politiko, nazionalista eta erlijioso ororen aurkako gaitzespenean eta sentsibilizazioan, eta, bereziki, diktadura frankistaren, diktadura faxisten, diktadura marxista-leninisten eta erradikalismo nazionalistaren aurkakoan”.

 

Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatu nahi zion “azter dezan Nafarroako Gobernuko Departamentuko laguntza eta dirulaguntza publikoen deialdi guztien oinarrietan klausulak sartzea, laguntzak ematea gaitzespen horretara baldintzatzekoak, honako hauek betez: memoria historikoaren arloko legeria indarduna; Europako Kontseiluaren Parlamentu-biltzarraren 1481 Ebazpena; Kontseiluaren 2008/913/JAI Esparru Erabakia; Kontzientzia europarrari eta komunismoari buruzko Pragako Adierazpena; 2011ko abuztuaren 23ko Varsoviako Adierazpena; Europako Parlamentuaren 2819/2019 Ebazpena eta totalitarismoen eta antzeko estremismoen aurkako gainerako ebazpen eta adierazpen europarrak”.

 

Azkenik, toki-erakundeei eskatu nahi zien “azter dezaten kultura eta memoria historikoaren arloko laguntza eta dirulaguntza publikoen deialdi guztien oinarrietan klausulak sartzea, laguntzak ematea gaitzespen eta sentsibilizazio horretara baldintzatzekoak, aurreko puntuan aipatutako legeria eta ebazpenak eta adierazpenak betez”.

 

PSNk ere ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du baina Contigo-Zurekinek ez du onartu. Asmoa zen Nafarroako Gobernua premiatzea “Foru Legearen 10. artikuluan ezarritako lanarekin jarrai dezan sinbolo, idazkun eta aipamen frankisten zentsuaren etengabeko eguneratzeari dagokionez. Hori guztia, Foru Lege horren 11.3. artikuluan ezarritakoa bete eta horrela espazio publikoaren demokratizazioari laguntzeko”.

 

Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioak sustatutako mozioak jarduera-plan bat eskatzen zuen, Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legean xedatutakoa betetzeko. Bertan, indarkeria mota guztietako biktimen duintasuna erreparatzeko eta aitortzeko politikekin batera doazen printzipio eta balio etikoen aurkako elementuak zehazten dira.

 

Legeak altxamendu militarrari eta diktadurari, diktadurako buruzagiei, errepresio-sisteman parte hartu zutenei edo diktaduraren sostengu izan ziren erakundeei, bai eta Bigarren Mundu Gerran zehar erregimen frankistaren eta Ardatzeko potentzien arteko lankidetzako unitate zibil eta militarrei ere, gorazarre pertsonal nahiz kolektiboa egiteko mezuak dauzkaten eraikuntzak, armarriak, intsigniak, plakak nahiz eraikin publikoetan itsatsitako edo bide publikoan dagoen beste edozein elementu edo objektu aipatzen ditu, eta dirulaguntzak kentzea ere jasotzen du, administrazio-ebazpen irmoaren bidezko zehapena jaso ondoren.

 

Memoria demokratikoaren arloko eskumena duen departamentuak datu-base bat du lege hau aplikatzean administrazio-ebazpen irmoz zehatutako pertsona fisiko nahiz juridikoen, publiko nahiz pribatuen, jarraipena eta egiaztapena egiteko.