Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Urtarrilak 29

Lurralde Kohesiorako Batzordeak Fiterorako sarbidea aztertu du

Egiaztatzeko ez dela egokia, errepide estua eta bihurgune arriskutsu ugarikoa izateagatik

Navarra Sumak eskaturik, Lurralde Kohesiorako Batzordea NA-6900 errepidearen tarte bat ikustera joan da gaur, N-113 errepidetik Fiteroko hiriguneraino doana. Sarbide horrek arazoak ditu, eta Fiteroko Udalak konponbiderako laguntza eskatu die Parlamentuan ordezkaritza duten taldeei.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Javier García, Raquel Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Nafarroako Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Miguel Aguirre Fiteroko alkateak, José Yanguas Barneko zinegotziak, José Francisco López Nafarroako Gobernuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuko zuzendariak, Maria Carmen González Proiektuen Ataleko buruak, eta Ángel Rupérez, Raúl Sanz, Nacho Yanguas eta Carmen Azpilicueta inguruko enpresaburuek.

 

Javier Garcíaren esanetan, bisitaren helburua izan da “egiaztatzea Fiterorako sarbide hau ez dela egokia, errepide estua eta bihurgune arriskutsu ugarikoa delako, eta horrek udalerriari nola eragiten dion jakitea”.

 

Jarraian, parlamentariek errepide tartea bertatik bertara ikustera joan dira Udaleko arduradunekin eta Gobernuko teknikariekin batera. Denek onartu dute errepidea zabaltzeko eta 2011n egindako proiektua eguneratzeko premia dagoela.

 

Aldez aurretik, José Francisco López Nafarroako Gobernuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuko zuzendariak azaldu du 2011. urtean “NA-6900 Cascante-Fitero errepideko N-113 tartea, Fiterorako sarbidea, zabaldu eta hobetzeko eraikuntza proiektua” egin zela, bost milioikoa, eta azpimarratu du proiektu hori berritu beharra dagoela “lehentasuna emateko errepidea zabaltzeari, bazterbideak egiteari eta bihurgune arriskutsuak kentzeari”.

 

Miguel Aguirrek ere esan du errepidea “kamioi eta autobusek zirkulatzeko estuegia” dela eta zabaldu egin behar dela, hartara “industrialdea ustiatu ahal izateko, Fiterora urtero hurbiltzen diren 19.000 bisitarien segurtasuna bermatzeko eta herriari bizirik eusteko, jendegabetzearen mehatxuaren aurrean. Agian pixka bat faraonikoa izan zen 2011n egindako proiektua, baina ziur nago erdibide batera irits daitekeela aurrekontu txikiagoarekin proiektua berritu ahal izateko, premia larrienetara egokituta”.

 

Hitz egiteko txandetan, Navarra Suma, Geroa Bai eta EH Bildu taldeen eledunek aho batez aitortu dute errepidea presako jarduketa baten beharrean dagoela eta hura zabaltzea lehenetsi behar dela. Azalpenak eskertu dituzte, eta informazioa bildu dute behar diren neurriak hartzeko.