Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Martxoak 10

Kultura eta Kirol Batzordeak Lodosako Velasco dorrea bisitatu du

Haren balio arkitektonikoa berreskuratu eta kultura eta turismo erabilera ematearren Nafarroako Gobernuak egin duen zaharberritze lana ikusteko

Kultura eta Kirol Batzordeak gaur Lodosako Velasco dorrea bisitatu du, Radako dorrea ere esaten zaiona. Erdi Aroko eraikuntza militarra da, eta interes kulturaleko ondasun izendatu dute. Duela gutxi Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzuak berreraiki egin du.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egitera agertu dira Lourdes San Miguel Lodosako alkatea, Laura Remírez lehen alkateordea, eta obraren arduraduna, Ondare Historikoaren Zerbitzuko José Luis Franchez arkitektoa.

 

Sarrerako hitzaldietan Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduko eledunek zehaztu dutenez, bisitaren helburua izan da bertatik bertara ikustea dorrea berreraikitzeko obrak, Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak eginak 2021ean eta 2022an.

 

Lourdes San Miguel Lodosako alkateak azaldu duenez, esku-hartze horri esker “dorrearen eraikuntzaren historia ezagutu dugu, haren balio arkitektonikoa berreskuratu dugu formaren nahiz eraikuntzaren aldetik, eta multzoa kultura eta turismo erabilerarako egokitu dugu, jasotako herentzia kultural baliotsu hau etorkizuneko belaunaldientzat zaintzea lehentasunezko helburua dugula”.

 

José Luis Franchez arkitektoak zaharberritze lanak deskribatu ditu. Defentsarako eraikin hau 1487an jaso zen, eta gaztelar jatorrikoa da.  “Izan ere, haren elementu arkitektoniko batzuk ez dira ohikoak Nafarroako Behe Erdi Aroko dorreetan”. Goragune baten gainean dago eta handik bistan dauka Ebro ibaiaren zati luze bat, Lodosatik Sartagudaraino, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko muga historikoa egiten duena.

 

Esku-hartzeak milioi euro inguruko kostua izan du, egindako azterlan eta obra guztiak barne. Bi fase izan ditu. Lehendabizi, dorrearen berreraikitze arkitektonikoa egin da jatorrizko ezaugarriei eutsiz. “Aldez aurretik, haren fabrika eta eraikuntza-taxuera aztertu dira, Erdi Aroko beste dorre batzuekin erkatuta, eta planoek, egindako ikerlan historikoak eta eraikinaren analisiak eskaini zituzten datuak kontuan hartuta”.

 

Bigarren faseko lan nagusia 1570 aldera eraikitako kapera errenazentistaren hondarrak finkatu eta babestea izan da. Kaperaren balio arkeologikoa zaintzearren, aurriak finkatu egin dira eta babes estalki berria jarri zaie, izei zurez egina eta zinkez estalia. “Estalki hori aurrietatik desberdindu eta bereizi da berariaz”. Kaperaren barrualdean, habeartearen bi zatien gainean behinola adreilu txantiloiduneko izar-gangak egon ziren. Haien abioek iraun dute, bai eta zati horien arteko arku zorrotz batek eta oinaldeko goi koru txiki batek ere.

 

Obretan sendotu eta konpondu egin dira hormak eta haien matakanak, eta barrualdeko forjatuak berritu dira, iraun dutenen eraikuntza-ereduari jarraituz. Forjatuek zurezko habexkak dituzte, eta erreboltoiak zeramikazko adreilu meheekin. Bi tarte independente dituen eskailera bat eraiki da, ageriko adreiluzko trenkada-ganga duena, hau da, zinbriarik gabekoa, eta hormen barrualdea kareorez estali da.

 

Teilatua bi isurkikoa da, teila makurrekoa. Perimetroko erronda-pasabidea berreskuratzeko aukera eman du, eta handik dorrearen inguruen ikuspegia dago. Adarbe edo gotorleku-hormarako sarrera eta irteera ateetan, teilatuan eta lau fatxadetako leihoetan arotz-lanak berritu egin dira haritzezko armazoiarekin eta oholekin.

 

Parlamentariek azalpenak eskertu dituzte, eta ondoren bisita gidatua egin dute Franchezen eskutik.