Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Azaroak 18

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da “Agramontarrak eta Beaumontarrak. Erresuma zatitu zuen bando-borroka” erakusketara

Otsailaren 26ra arte ikusgai egonen den erakusketa horrek Erdi Aroko gatazka ikuspegi “sozialago” batetik azaltzen du, azpimarra jarriz erabilitako indarkerian

Kultura eta Kiroleko Batzordea bisitan joan da gaur Nafarroako Errege Artxibo Nagusira, Navarra Suma talde parlamentarioak eskatuta, “Agramontarrak eta Beaumontarrak. Erresuma zatitu zuen bando-borroka” erakusketa ikustera, zeina otsaileko 26ra arte egonen baita ikusgai, Artxiboaren eraikinean den kripta protogotikoan. 

 

Bertaraturiko parlamentariak izan dira Isabel Olave, Iñaki Iriarte (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa) eta Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa).

 

Legebiltzarraren ordezkariei harrera egin dietenak izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erdi Aroko Historiako irakasle titular eta erakusketako komisario Íñigo Mugueta, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko zuzendari Félix Segura eta Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llansó.

 

Félix Segurak balioan jarri du erakusketaren atzean dagoen ikerketa lan “garrantzitsua”. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Amaiurko gaztelua 1522an hartu izana ospatzen den urtean antolatu du erakusketa eta bertan ikusgai daude “orain arte inoiz erakutsi ez” diren agiriak.

 

Erakusketa “berritzailea”, gehitu duenaren arabera, Artxibo Nagusiak ematen dion hedapenagatik, haren “ibilbidea handitze” aldera. Ildo horretatik, unitate didaktiko bat prestatu da, gaztelaniaz eta euskaraz, QR kode baten bidez libreki jaitsi daitekeena,eta haurrendako gida bat familien eskura jarri da, erakusketako elementu batzuk jendeari helarazteko, oro har. Halaber, unitate didaktiko bat prestatu da Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleentzat.

 

Jarraian, Íñigo Muguetak gidatuta, Legebiltzarreko ordezkariek aukera izan dute erakusketa bisitatzeko, non historia kontatzen baita ikuspegi “sozialki interesgarriago batetik. Erakusketan agiri politiko oso esanguratsuak daude, baina helburua izan da historia sozialaren alderdiak islatzea, arreta jarriz 1450etik 1521era arteko gatazka guztiz luze hartan erabilitako indarkerian”, azaldu du Muguetak.

 

Erakusketaren diskurtsoa hiru bloketan banatzen da. Lehena, “Agramontarrak eta Baumontarrak. Nortzuk izan ziren” izenekoa da eta aztertzen du nola sortu ziren noblezia-bandoak Nafarroan, nortzuk osatu zituzten, alderdikerien nagusiak ere aurkeztuta, zertan izan zen Blanca erreginaren testamentuak ireki zuen gatazka dinastikoa, XV. mendeko gainerako urteetan luzatu zena, eta nolakoa izan zen noblezia-leialtasunen bilakaera garai hartan, Fernando Katolikoaren erregealdira arte.

 

Arlo horretan, erakusketak arreta berezia eskaintzen die bi noblezia-bandoen arteko borroka ankerretik iritsi ziren traizio eta gorroto gertaerei, erailketa, sakrilegio eta herrietako arpilatze kasu adierazgarriekin.

 

Bigarren blokea, “Nafarroako gerra eta dibisioa” hiruetako luzeena da, gatazkaren bilakaera kronologikoa aztertzen duelako. Hasieran aztertzen du nola hasi zen gerra dinastikoa, 1451n, eta nola banatu zen erresuma bi legitimitateren artean, Juan II.arena eta Vianako printzearena.

 

Azken hori zendu eta gero, aztertzen du nola luzatu zen gatazka etengabeko gerra bandokide baten moduan, Juan II.aren eta haren alaba Leonorren erregealdiaren bukaerara arte. Katalina I.a eta Juan III.a erregina-errege berriak iristea begiratzen da koroak beaumontarren bandoaren aurka ezarritako errepresio-neurrien ikuspegitik, Leringo kondea 1507an behin betiko egotziz amaitu zena.

 

1512ko Nafarroaren konkistak hasiera ematen dio aldi berri bati, Gaztelako monarkiak sustatzen duen bandoen hurbilketarekin. Azkenik, 1521eko gertaerek berpiztu egin zituzten bi aldeen arteko liskarrak, zeinek jarrera ezberdinak hartu zituzten, esate baterako Noain, Amaiur eta Hondarribiko gertakarietan.

 

Hirugarren blokeak, “Zaldun heroikoak edo gaizkile feudalak?” izenekoak, Erdi Aroko bukaerako noble gerlari horien arteko liskarraren balantze bat egiten du, suntsipen-ondaretzat jotzen duena. “Suntsipenak erresumaren arlo administratiboari eragin zion, bai eta sozialari ere, aurreko erregealdietan eraikitako makineria fiskal eta judizialaren kolapsoa eta errege-ondarearen besterentzea ekarri zuelako” azaldu dute erakusketaren arduradunek.

 

Ondare materialaren suntsipena ere liskar zibil horren adierazle bat izan zen, eta horri gehitu zitzaion Nafarroako gotorlekuen eraispena, erresumaren konkistaren ondoren Gaztelako koroak abiarazita.

Era berean, bandoen buruzagi nagusiek eraikitako ondareari heltzen zaio, gaur egun ere ikusgai duguna lurraldean zehar diren nobleziaren dorre eta jauregietan. “Ondare horrek, azken finean, nobleen estamentuaren garaipenaren sinboloa da, prozesu luze eta gatazkatsu horretan leinu handiak indartuta atera zirelako garai berriei aurre egiterakoan”, adierazi dute.