Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Urriak 29

Kontrolerako Osoko Bilkura. Gaurkotasuneko galderak

Taldeek hezkuntzako hornidurei, itxaron-zerrendei, transexualentzako diru-laguntzei, enpleguari, heredatutako gastuei, errepideei, Sodenari, Nafarroako Ubideari eta Zilbetiko meategiari buruzko galderak egin dituzte

Hezkuntzako Lanen Plan Zuzentzailerik ez dagoelako atzeratu dira hobekuntzak

Hezkuntzako kontseilariak, Jose Luis Mendozak, esan du ikastetxeetan hobekuntzak egiteko prozesua atzeratu dela aurreko Gobernuak ez zuelako Lanen Plan Zuzentzailerik, eta orain aztertzen ari direla eta hein handi batean 2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren menpe egongo dela.

I-Ek aurreko gobernuen “utzikeria kezkagarria” dela-eta Nafarroan “aski ez den eta kasu askotan hondatuta dauden ikastetxeen azpiegituren mapari” buruz egin dituen galderei dagokienean, kontseilariak gai hori hobetzeko asmoa duela adierazi du.

"Ikasleen fluxua egiten ari gara plan zuzentzaile hori taxutu ahal izateko, hainbeste faltan bota duguna, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren arabera” lanak “hierarkizatzeko”.

Bestalde, PPNren galderari erantzun dio, zeinak zenbait ikastetxeri buruzko “datak eta epeak” jakitea eskatzen zuen, Mendozak esan du Sarrigurengo Eskola Publikoaren lehenengo fasea dagoeneko amaituta dagoela eta bigarrena lizitaziora atera dela eta lanak 2016.eko abuzturako amaituta egongo direla aurreikusten dela, era horretan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako beharrak 2021 arte asez.

Buztintxurin ikastetxe berria eraikitzen hasi dira dagoeneko, eta Castejonen ere DBHko ikastetxe berriari ekin zaio, 2018 arte 3,2 milioiko gastua aurreikusten zaiona. Biurdanaren, Erronkariren eta Elizondoren kasuan aldiz beharrak aztertzen ari dira oraindik.

Hezkuntzak ez du Amerika 66 erregimentua ikastetxeetara joateko gonbidapenean parte hartu

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Jose Luis Mendozak, azaldu duenez, bere departamentuak ez du Amerika 66 erregimentuak “ia Nafarroako ikastetxe guztiei” ekintza ezberdinetan parte hartzera egin dien gonbidapenen berri izan, besteak beste, parada militarretan parte hartzeko, baina edonola ere gonbidapen horiek “legalak” dira.

Mendozak EH Bildu-k Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen galdera bati erantzun dio eta azaldu duenez, bere departamentuak ez zuen gonbidapen horien “berri izan era zuzenean” eta azaldu du informazio hori Mendillorriko Mendigoiti ikastetxeko gurasoen elkartearen bidez jaso zuela.

Gurasoen elkarteak erregimentuarekin hitz egin zezan eskatu zion departamentuari, era horretako gonbidapen gehiagorik ez jasotzeko. Jarraian, Hezkuntzak egiaztatu zuen ia ikastetxe guztiek erregimentuaren jakinarazpena jaso zutela.

Mendozak baieztatu duenez, ikastetxe batzuk jarduera horien “aurka” egon daitezkeen arren, gonbidapena legala da eta ikastetxe bakoitzak egoki deritzona erantzun dezake.

Kontseilariak esan du departamentuarentzat hezkuntzaren arloan “lehentasuneko” ahalegina izan dela “bitartekaritza eta elkartasunaren alorra indartzea. Bitartekaritza abian jartzen saiatzen ari gara. Horrela, arazo bat konpondu nahi dugu eta, hain zuzen, hezkuntzaren erkidego osoa sartzen saiatuko gara, ez irakasleak bakarrik, baizik eta ikasleak, istilua konpontzen saiatzeko. Gai horiek prestatzen jarraitu behar dugu eta bakea nahi baduzu guda prestatu dioen esaldi hori gezur bilakatu”, esan du.

Miren Aranoak (EH Bildu) baieztatu duenez, “estatu espainoleko hezkuntzako lege guztiek bakerako eta bizikidetzarako hezkuntzaren gaia jasotzen dute eta kontua da egiaz sinesten ote dugun, edo hipokresia mundu batean bizi ote garen, hain funtsezkoak diren kontzeptuak paperean uzten dituen mundu batean. Egiaz sinesten badugu, guztiz desegokia da gure haurrek proposatzen den moduko jarduera batean parte har dezaten baimentzea, zinez gerrazaletasunaren apologia gisa defini dezakeguna”.

Dominguezek baieztatu du Osasuna itxaron zerrendak murrizteko “lanean” ari dela, “lehentasuneko xedea” dela

Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak, Fernando Dominguezek, baieztatu duenez, osasunean itxaron zerrendak murriztea “lehentasuneko xedea” da departamentuarentzat, eta dagoeneko horretan lanean ari dira. Alabaina, aitortu du epe motzerako ere ez dagoela konponbide errazik.

Dominguezek Podemos-Ahal Duguk Parlamentuko Osoko Bilkuran itxaron zerrendei buruz egin zuen galdera bati erantzun dio eta zehaztu du 2011ko uztailean 26.124 pertsona lehenengo kontsultarako itxaron zerrendan zeudela, eta 2015eko hilabete berdinean ordea 51.704, “lau urte lehenago baino 25.580 pertsona gehiago”.

Egoera “kezkagarri” horren aurrean, kontseilariak adierazi du “inork ez dezan zalantzan jarri itxaron-zerrendak murriztea kontseilu honentzat lehentasuneko xedea dela, eta legegintzaldi osoan mantenduko dela”.

Bere ustez, “soilik plan integral bat abian jartzea eraginkorra izan daiteke”, hortaz ez dira “talka planen aldekoak, salbuespen egoeretan bakarrik, orain adibidez”.

Dominguezek azaldu du departamentua hiru ildo estrategikotan “lanean ari da dagoeneko”: itxaron zerrenda eta epea murriztea, eskaria murriztea eta itxaron zerrendatik ateratzea hobetzeko hirugarren ildo bat.

Kontseilariak esan duenez, Nafarroako Ospitalgunean “epe motzerako neurrien plan bat abiarazi da, 2015eko azarotik 2016ko otsailera, itxaron zerrenden arazo nagusiei aurre egiteko”.

Tere Saezek (G.P. Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, herritar batzuk itxaron zerrendak direla-eta “haserre” daude eta “eskerrak” eman ditu datuak jakinarazteagatik. “Oso garrantzitsua da herritarrek eta profesionalek gertatzen ari denari buruzko informazioa izatea. Osasuneko langileen iritzia izan behar da gauza gehiago nola hobe daitezkeen jakiteko”.

Dominguezek Osasuneko dekretu berriak pertsona transexualentzako diru-laguntzak aurreikusten dituela azpimarratu du

Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak, Fernando Dominguezek, azaldu duenez, bere departamentuak egin duen eta asteazken honetan publiko egin den Foru Dekretuaren zirriborroak genero identitateko arrazoiengatik ez baztertzeari eta pertsona transexualen eskubideak aitortzeari buruzko foru legean aitortzen diren diru-laguntzak jasotzen dituena.

Dominguezek Geroa Bai-k Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen galdera bati erantzun dio eta adierazi du Dekretuaren zirriborroak diagnostiko eta tratamendu integrala eta arreta psikologiko, psikoterapeutiko eta sexologikoa jasotzen dituela.

Gainera, Nafarroako Osasun Zerbitzuak pertsona transexualei arreta integrala emateko plan bat prestatzea aurreikusten du. Bertan Gobernuaren zerbitzuak jasoko dira eta baliabide publikoak egokiak ez direnean zein kontzertu dagokien zehaztuko da.

Virginia Alemanek (Geroa Bai) kontseilariaren erantzuna eskertu du eta deitoratu du gaur arte “ez dela lege honen araudia garatu, eta ondorioz Nafarroako pertsona transexualek haien eskubideak epaileen aurrean defendatu behar izatea”.

Era berean, Gobernua zoriondu du asteazken honetan aurkeztutako Dekretu zirriborroarengatik, “Nafarroako emakumeen eta transexualen gizarte eskubideei dagokienez dakarren aurrerapauso eta ondorioengatik”.

Ayerdik ziurtatu du Nafarroako Gobernua enplegua sortzeko “neurriak hartzen” ari dela eta “beste batzuk aztertzen” ari dela

Nafarroako Gobernuko ekonomiako lehendakariordeak, Manu Ayerdik, adierazi duenez, Nafarroako Gobernua ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko “neurriak hartzen ari da” eta “beste batzuk aztertzen ari da”.

Ayerdik PSNk Parlamentuko Osoko Bilkuran ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko neurriei buruz egin zuen galdera bati erantzun dio eta adierazi duenez, Nafarroako Gobernua “Volkswagen gaia lantzen du egunero, enpresaburuekin eta sindikatuekin lan-harremanen esparru berri bat sortzen ari da, zailtasunak dituzten enpresak laguntzen ari da eta proiektu berriekin datozen enpresekin biltzen ari da”.

Ziurtatu duenez, Gobernua “elkarrenganako bermea duten sozietateekin dago”, eta 2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan lan egiten ari da, “datorren urterako hartu nahi ditugun funtsezko neurriek aurrekontuen babesa izan dezaten saiatzen”.

Ayerdik ziurtatu duenez, “nekazaritzako elikagaien sektorean inbertsiorako 90 eskaera ebaluatu” dituzte, eta enpresa txiki eta ertainetan inbertsioa sustatzeko deialdian, Gobernuak “inbertsiorako 38 milioiri sarbidea emateko ahalegina egingo du, kanpoan geratzen ziren 57 proiektu jakini”.

Bestalde, Maria Chivitek (PSN) Gobernua kontrolatzeko lehenengo osoko bilkura honetan Nafarroako lehendakaria ez egotea deitoratu du. Esan duenez, “enplegua sortzeko, kalitateko enplegua sortzeko, arazoa dugu”.

Esan duenez, “enpresek enplegua sortzen dute eta Gobernuak konfiantza eta egonkortasuna transmititu behar du, eta nire ustez orain arte ez da egiten ari. Ez da konfiantzarik sortzen ari”, esan du, eta kritikatu du Nafarroako Gobernua mantentzen duen alderdi batek “Espainiaren sezesioa eskatzea. Herritarrek haien buruari galdetuko diote hau ote den herritarrek eskatzen zuten aldaketa”, esan du.

Bere ustez, “Europako funtsen aldeko apustua egin behar da” eta adierazi duenez, “beste autonomia erkidegoak aurreratzen ari zaizkigu” Juncker Planari dagokionez. “I+G+Baren aldeko apustua egin behar da, autonomoen aldekoa, zuntz optikoaren aldekoa… eta Administrazioan behin-behinekotasun tasak murriztu”, esan du.

Ayerdik PSNko parlamentariari erantzun dio eta galdetu dio ea zer iruditzen zaion “lehendakaria Pirinioetako Lan Erkidegoaren osoko bilkuran egotea”, horregatik ez dagoela Osoko Bilkuran, eta erantzun dio “gustatuko litzaidake jakitea zertan ari ote zaizkigun aurrea hartzen beste autonomia erkidegoak Juncker Planari dagokionez”.

Nafarroako aurreko gobernuetatik “heredatutako konpromisoak” 183,7 milioikoak direla esan du Ayerdik

Nafarroako Gobernuko ekonomiako lehendakariordeak, Manu Ayerdik, adierazi duenez, Nafarroak aurreko gobernuetatik “heredatutako konpromisoak” ditu, 183,7 milioi eurokoak, eta “zama handia da, oso handia”.

Ayerdik EH Bildu-k Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran “aurreko legegintzalditik itzalpeko ordainsariak, zorren ordainketa eta bestelako gaiak direla-eta eratorritako konpromisoen zenbatekoari” buruz egin zuen galdera bati erantzun dio.

Zehaztu duenez, zorraren interesak 104,4 milioikoak dira; Pirinioetako Autobiaren kanona 16,5 milioikoa; Bideko Autobiaren kanona 43 milioikoa; Nafarroako Ubidearen lehenengo faseko eremu ureztagarriaren arriskuen kanona 15,3 milioikoa eta Nafarroako Ubidearen lehenengo fasea hedatzearen kanona 4,4 milioikoa. Osotara, esan du, 183,7 milioi.

Gainera, Canasari 2016 arte urtean 8 milioi euro emateko konpromisoa dagoela zehaztu du.

Maiorga Ramirezek (EH Bildu) adierazi duenez, “Administrazioak aldaketa, justizia soziala bultzatzeko dituen baliabideez… hitz egin nahi dugu, baina herentziarekin topo egin dugu, UPNren aurreko Gobernuak ia 200 milioi hipotekatu zituela topatu dugu”.

Ramirezek Nafarroako Gobernua prestatzen ari den zerga erreforma babestu du, herritarrei murrizketa gehiagorik egin ez dakiekeen eta “justizia soziala” egon dadin. Halaber, Gobernua bultzatu du “autogobernuak ematen dituen bide guztiak aztertzera, bidesari horien aurrean aukera guztiak berrikustera eta zerga erreformarekin esku hartzera”.

Ayerdik Nafarroako errepideen egoerari buruzko abisua eman du eta jada “onenak direla dioen topikoa” ez dela erreala esan du

Nafarroako Gobernuko ekonomiako lehendakariordeak, Manu Ayerdik, Nafarroako errepideen sarea nolako kontserbazio egoeran dagoen jakinarazi du eta esan du hainbat azterlanen arabera jada ez da erreala “gure errepideak estatuko onenetakoak direla dioen topikoa”.

UPNk autopista eta autobideen doakotasunaren edo doakotasun ezaren irizpidean bateratzeari buruz Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen galdera bati erantzun dio eta azaldu duenez, “legegintzaldia hasi berri dugu eta errealitatea egiaztatzeko unea da. Eskualdean oso errealitate ezberdinak ditugu, oso oinarri juridiko ezberdinekin, bi itzalpeko bidesari, titulartasun publikoko ardatz batzuk, eta soilik AP15ean ematen da dirua”.

Gobernuko lehendakariordeak esan du bere departamentuak lantalde bat abian jarriko duela egoera hori “kontuz” aztertzeko, harekin “zerbait egin nahi duelako”.

Esan duenez, Nafarroak trafiko sare “oso zabala du, 5.000 kilometrokoa, eta Gobernuarentzat kohesionatua egotea oso garrantzitsua da. Gure errepideen egoera eskualdearen kohesionatzeko eta egituratzeko osagai bat da, eta hori Gobernuak duen kezketako bat da”.

Luis Casadok (UPN) ziurtatu duenez, “egoera aldakorra dela begi-bistakoa da. Kezkatzen gaituena da, hainbesteko aldakortasunarekin, justu honekin kezkatuta egotea. Arrazoi askoz garrantzitsuagoak daude, langabeziaren gaia dago, hezkuntzaren gaia, unibertsitatearen gaia. Gobernu berriaren liburu lodian ez dago langabeziak eskualdean sortzen dituen aldakortasunei buruzko ezer. Atzo arte AP15 doakoa izatea defendatu duzue, eta orain hausnartuko duzuela eta gero erabaki bat hartuko duzuela esaten duzue. Dagoeneko ez duzue aztertu? Hori da urteetan zehar exijitu duzuena. Ez duzue baloratu? Ez al zenuten kosta ahala kosta autopista doakoa izatea defendatzen?”.

Ayerdiren ustez Sodena ez litzateke proiektu enpresarial garrantzitsuetan bakarrik sartu behar

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoaren lehendakariordeak, Manu Ayerdik, Sodenak Caviar Per Sé enpresan egin zuen ia 9 milioiko inbertsioa kritikatu du. Enpresa hori hartzekodunen konkurtsoan dago orain, eta esan du elkarte publikoa ez zela hain garrantzi handiko proiektu enpresarialetan sartu behar.

Manu Ayerdi Geroa Bai-k Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen galdera bati erantzun dio eta azaldu du Sodenak bi une ezberdinetan inbertitu zuela Caviar Per Sé enpresan. Lehenengoa, 2008an izan zen, bost milioirekin, informe teknikoak eta negoziorako plan bat izan ondoren. “Urtebete beranduago ikusi zen negoziorako plan horrek ez zuela inola ere funtzionatzen”.

Gaineratu du une horretan Sodenak beste behin inbertitzea erabaki zuela, 3 milioi baino gehiagorekin, negoziorako plana birbideratu ondoren. “Enpresaren egoera gainbehera hasi zen eta orain hartzekodunen konkurtso egoeran gaude”, azaldu du.

Egin ziren gauzen analisiari dagokionez, Manu Ayerdik zalantzan jarri du Sodena izan zenik hasieran dirua jarri zuen alderdi bakarra, eta gaineratu du bigarren fasean elkarte publikoa izan zela hein handi batean diru sarrera berria egin zuena. “5 milioiko galera bat ez onartzeak irabazi zuen”.

Koldo Martinezek (Geroa Bai) deitoratu du Sodenak “ez duela egin zuen inbertsioko euro bat ere berreskuratu eta ez duela berreskuratuko” eta oroitarazi du “Kontuen Ganberak babes finantziero hori gaitzetsi” zuela. “Noski, laguntza behar duten enpresak lagundu behar dira, baina horrek ez du esan nahi Nafarroako Gobernua enpresaburu bihurtu behar denik”.

Elizaldek esan du Gobernuak ez diola helegiterik aurkeztuko Zilbetiko epaiari baina eskualdeko garapen ekonomikoa babesten duela

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumeneko kontseilariak, Isabel Elizaldek, azaldu duenez, asteazken honetan erabaki zuen Gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari, Zilbetiko meategiaren proiektua indargabetzen duenari, helegiterik aurkeztuko. Aldi berean, defendatu du Gobernuak “Erroko bailarako herrien garapen ekonomikoari eta sozialari bai” esaten diola.

Isabel Elizaldek UPNk eta Podemos-Ahal Duguk Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zituzten galdera banari erantzun die eta adierazi duenez, “epaia oso kritikoa da” aurreko Gobernuek “orain arte egin dutenarekin” eta ziurtatu du badaudela bere departamentuak egin dituzten txosten juridikoak, helegitea ez aurkeztea defendatzen dutenak, “nahikoa oinarri juridiko dago-eta”.

Gainera, kontseilariak defendatu du “ingurumena babestearen eta garapen sozial eta ekonomikoaren arteko konfrontazioa gainditzea” eta ingurumen analisi zorrotza eskatzen duten proiektuak era egokian izapidetu daitezen eskatu du, “laster ezartzea Administrazioak egin behar duen lanaren gainetik egon gabe”.

Javier Esparzak (UPN) ziurtatu duenez “Gobernuak ‘ez’ esaten dio enplegua eta garapena esan nahi duen guztiari, alde batera uzten dituzte Erroko bailara, 203 langile, zeharkako 200 lanpostu, eta 1945etik ingurumena zainduta lanean diharduen enpresa bat”.

Esparzaren ustez, “Gobernu hau ez da konfiantzarik ematen ari, enpresei beldurra sartzen ari zaie eta herritarrek ordaintzen dute. Erabaki honekin Nafarroako zati garrantzitsu baten heriotza sinatzen ari dira”.

Eduardo Santosek (Podemos-Ahal Dugu) baieztatu duenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak “zuzenean ezabatzen du proiektuak aurrera jarraitzeko aukera. Epai gogorra da, Administrazioa kostuak ordaintzera kondenatzen duena, ohikoa ez den zerbait, eta orain arte egin dena oso era gogorrean kritikatzen duena”.

Santosek adierazi duenez, “orain arte baliabide judizialak erabili dira prozedurak bizirik mantentzeko, irabazteko aukerarik ez egon arren, ingurumena desegin zezakeen jarduera bati ekiteko xedearekin. Eskualdea desegingo ez duten aukerak bilatu behar zaizkio bailarari”.

Elizaldek baieztatu du Gobernua ura Erriberaraino eramateko lan “gogorra” egiten ari dela, baina hori kontua “nola” egin dela

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariak, Isabel Elizaldek, azaldu duenez, Gobernua “lan gogorra egiten ari da ura Erriberaraino eramateko”, baina gaineratu du “kontua nola eta zeren truke” dela.

Kontseilariak UPNk Gobernuak Erriberako ur beharrak bermatzeko dituen aurreikuspenei buruz Nafarroako Parlamentuan egin zuen galdera bati erantzun dio eta esan duenez, Gobernua “dagoen errealitatean oinarrituta planifikatze prozesuan dagoela, hortik abiatuta, edateko eta ureztatzeko uraren banaketa egokia planteatzeko”.

Esan duenez, “pausuak ematen hasi gara, behar diren azterlanak egin daitezen ureztatzeko eta edateko uraren hornidurari konponbideak emateko, bai eta eskualdeko nekazaritzarekin eta nekazaritzako elikagaien industriaren garapenarekin bat egiten duen politika bat garatzeko”.

Elizaldek esan du Nafarroako Ubidea “berrikusten” ari direla “azpiegitura horren bideragarritasuna ezartzeko. Erriberako udalekin, ureztatzaile elkarteekin eta bestelako eragileekin bilerak egiten ari gara”.

Baieztatu duenez, “garatuko ditugun azterlanek zorroztasun eta objetibotasun maximoaz egingo ditugu kaltetutako udalekin prozesu ireki batean eztabaidatzeko. Horrelako prozesuei esker ura era iraunkorrean kudeatzeko proiektu baterantz aurrera egingo dugu”.

Kontseilariak gaineratu du Estatuaren eta Ebroko arro hidrografikoarentzat Nafarroako Gobernuaren arteko kolaborazioa gauzatzen duen esparru orokorra “birformulatzea” beharrezkoa dela.

Alberto Catalanek (UPN) esan du “ura bizitza eta etorkizuna” dela eta “Erriberak ura behar” duela. Bere ustez, Nafarroako Ubidea “garapenerako eta aurrera egiteko aukera ezin hobea zen”.

Defendatu du Ubideak “eskualdearen oreka bermatu behar” zuela, baita iristen den lekuetako aberastasuna ere. “Horrez gain, lanpostuak sortzeko aukera bat zen. Gobernua babesten duten alderdiak beti Itoitzeko urtegiaren eta Nafarroako Ubidearen binomioaren kontra egon dira”.

Beaumontek esan duenez Gobernuak “ez zuen zer esanik” akusazio partikular gisa Riau-Riauko gertakarietan

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barneko kontseilariak, Maria Jose Beaumontek, esan du Nafarroako Gobernuak “ez zuen zer esanik” 2012ko Riau-Riauko gertakarietan parte-hartzeagatik irakasle funtzionario baten aurkako akusazio partikularrean.

Astearte honetan alderdien artean kondena adostu ondoren, Beaumontek adierazi duenez Nafarroako Gobernua “ez da damutzen” Administrazioko Aholkularitza Juridikoaren txostenaren ondorioz “hartutako erabakiaz ” eta baieztatu duenez “zerbait ongi egin dugu”.

Kontseilariak UPNk akusazio partikularra kentzeari buruz Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen galdera bati erantzun dio eta adierazi du Gobernua adostasun horretara iritsi zela iragan urriaren 7an, txosten juridikoaren berri izan ondoren. Baieztatu duenez, bere garaian aurreko Gobernuak akusazio gisa aurkeztea adostu zuen “inongo txosten juridikorik gabe”.

Gobernuak prozedura horretan “zer esanik ote zuen edo ez” egiaztatzeko, Aholkularitza Juridikoari txosten bat eskatu zitzaion, “Gobernua bere langile batek haren funtzio publikoari ez dagokion egoera batean ustez delitu den egitate batengatik jardun prozesal batean agertzeak zentzua zuen edo ez zehazteko”.

Beaumontek zehaztu duenez, txostenak ondorioztatzen du “akusazio partikularra funtzio publikoari ez dagokion egoera batean egin zela” eta aurrekaririk ez zegoela.

Esan duenez, “txostenak funtzionarioa lan ordutegiaren barruan zegoen edo ez aipatzen du, baina haratago doa eta garrantzi handia du, esaten baitu ez dagoela kasu horietan Nafarroako Gobernua ekintza popularra erabiltzeko legitimatzen duen araurik”.

Barneko titularrak errepikatu du “Gobernuak ez zuen zer esanik hor, Gobernuan gauden bitartean ez da egon behar ez den lekuan egongo eta dagokion lekuan egongo da”.

Iñaki Iriartek (UPN) ziurtatu duenez, “ez zen Sanferminetako mozkor batzuen arteko liskar bat izan” eta kritikatu du ezker abertzaleak hamarkadetan zehar “tentsioaren estrategia” erabili duela eta “horretarako Sanferminen erakusleihoa erabili duela. Beldurraren egiazko politika garondoko tiroak eta funtzionario honen gisako indarkeria ziren”.

Bere ustez, Gobernuak “berebiziko aukera galdu du” “indarkeriaren aurrean tolerantzia zeroaren” “frontea gidatu nahi duela agertzeko”; eta esan du Gobernuak “neurriak hartu behar zituela pertsona horrek ezin dezan irakaskuntzan lan egin, irakasleek ezagutzak irakasteaz gain, balioak irakasten dituztelako”.

Iriartek bere buruari galdetu dio “zein motatako autoritate morala ote duen irakasle honek bere ikasleen aurrean, bikotea jotzea gaizki dagoela, baina abertzalea ez dena jotzea ongi dagoela esango ote die?. Institutuko irakasle batek etorkinak joko balitu, inork ez luke irakaskuntzan jarraitzea ulertuko. Pertsona horrek gu jotzen gintuen, eta badirudi hori Iruñeko alkatearentzat meritu bat dela”.

Iriartek adierazi duenez, “badirudi txosten juridikoan Nafarroako Gobernuak akusazioa kentzen duela soilik pertsona hori beraien aldekoa delako, haien Gobernua eusten duen aldekoa”.