Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Azaroak 4

Izapidetzeko onartu da 2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua

Kontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 11n amaituko da, eta abenduaren 22an egitekoa da eztabaida Osoko Bilkuran

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onartu dute izapidetzeko 2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua. Aurrekontua 5.748.951.173 eurokoa da; kopuru horretatik 5.238.730.313 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 510.220.860 euro, finantza-gastuari (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa).

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 9,28 igo da 2022ko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.767.034.210 eurokoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 471 milioiko aldea dago, horietatik 249 europar funtsei dagozkie.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak proiektua izapidetzeko onartzeaz gain, izapidetzeko egutegia ere onetsi dute gaur.

 

Foru lege proiektua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita —azaroaren 7an argitaratuko da—, parlamentu-taldeek eta foru parlamentarien elkarteek azaroaren 11ko 12:00etara arteko epea izanen dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta azaroaren 22ko 14:00etara arteko epea zuzenketa partzialak aurkezteko.

 

Azaroaren 17an Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, horiek onartu ezean, abenduaren 12tik 16ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean.

 

Azkenik, abenduaren 22an Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak 2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren gainean emandako irizpena.

 

2023rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua gaur sartu da Legebiltzarrean, azaroaren 4an. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Areto Instituzionalean hartu du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz, eta azken horrek proiektuaren entrega formala egin dio.

 

Era berean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru lege proiektua izapidetzeko onetsi dute.

 

Unai Hualdek lege honen "esangura berezia" azpimarratu du, “are gehiago kontuan hartuta pandemiak, krisi ekonomiko eta soziosanitarioak eta orain Ukrainako gerrak baldintzatutako legegintzaldi atipiko baten ondoren, ziklo honen amaierara iritsi garela Gobernua babesten duten taldeen arteko akordio berri baten eskutik. Hala ere, aurrekontu horien bigarren erdia maiatzeko hauteskundeetan aterako den Gobernuak gauzatuko du”.

 

Hualdek, azkenik, Foru Parlamentuari egokitu zaion "funtsezko" papera nabarmendu du Gobernuan gehiengo absoluturik ez dagoelako, eta talde parlamentarioei "beharrezkoak diren akordioak lortzeko lan egiteko" eskatu die. “Lan handiko asteak ditugu aurretik”.

 

Elma Sáizek, bere aldetik, adierazi du 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua ezinbesteko tresna dela “ongizate-estatua mantentzeko, herritarrak babesteko, bereziki kolektibo ahulenak eta produkzio-sarea babesteko. Lehentasuna gastu soziala da. Horiek dira kontuan hartu diren maximoak, Europak ere eskatzen duen eraldaketaren helburu diren hedapen-kontuak zehazterakoan; izan ere, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik (MRR) eta React EU programatik datozen 249 milioi euroko sarrera aurreikusten da”.