Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Azaroak 26

Hitzorduak-ek Parlamenturaino eraman ditu Robert Manrique ETAren biktimaren eta Idoia Zabaltza Mikel Zabaltzaren arrebaren lekukotasunak

Unai Hualdek gehiengo soziala eta gehiengo politikoen programa-konpromisoak baliatu nahi ditu bizikidetasun demokratikoa lortzeko bidean aurrera jarraitzeko

Nafarroako Parlamentuan gaur Hitzorduak bilkuraren hirugarren edizioa egin da. Foro Sozial Iraunkorrak sustatutako herritarrentzako saio horren bidez bizikidetasuna indartzen lagundu nahi da “bake justu eta iraunkorra sendotzeko” tarteko pauso gisa. Oraingoan, entzuketaren sustapena izan da jardunaldiaren gaia, entzuteko prest egotea bizikidetasuna eraikitzeko ezinbesteko jarrera den aldetik.

 

Ekitaldiaren hasieran Unai Hualde mintzatu da. Bileraren zentzuaren harira —Entzutea bizikidetasuna eraikitzeko—, azpimarratu du beharrezkoa dela “topaguneak eskaintzea, hartara, enpatia lagun, ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzeko. Jakina denez, hainbat aldiz legebiltzar honetako eztabaiden ildoa asko urrundu da asmo horretatik, eta biktimen senitarteko eta lagunek berek irakasbidea eman behar izan digute beren prestasun eta jokabidearen bidez”.

 

Adierazitakoaren haritik, eta “aurreko legegintzaldian emandako lehen urratsei jarraipena” emateko asmoz, lehendakariak “gehiengo sozialaren mandatua eta gehiengo politikoek hauteskundez hauteskunde taxutu dituzten programa-konpromisoak” ekarri ditu gogora, “bizikidetasun demokratikoaren eraikuntzan erabakigarria izan daitekeen” ziklo baten aurrean gaudela berresteko.

 

Hori horrela, eta jakinik biktimekiko lana ez dela huskeria, “izugarri konplexua” baizik, Unai Hualdek esan du Parlamentuak eragile funtzioa bete behar duela gizarteko sentsibilitate guztiak identifikatu, hauteman, ulertu eta bideratzeko, “nafarren ordezkaritza organoa” den aldetik.

 

“Zer hoberik Robert edo Idoia bezalako biktimei hitza eta haien esperientziei oihartzuna ematea baino. Izan ere, senitartekoen galerak eragin dien atsekabea gorabehera, gizartea adiskidetzearen alde lan egiten dute. Mila esker zuen adore eta bihotz-zabaltasunagatik, izan duzuen bizi esperientzia latzaren berri emateagatik, hain beharrezkoa dugun bizikidetasunaren eraikuntza sozialaren alde hartu duzuen konpromiso irmoagatik”.

 

Adostasuna, tolerantzia, harremana eta elkar ulertzea sustatzen dituen plataforma gisa Foro Sozial Iraunkorrak betetzen duen eginkizuna goraipatu du lehendakariak, eta, azkenik, “Parlamentuak memoriaren, egiaren eta indarkeria ororen biktima guztientzako justiziaren aldeko konpromisoa” duela azpimarratu du. “Gogoak irekitzeko eta zenbait diskurtso aireberritzeko garaia da. Horrela bakarrik egin dezake aurrera gurea bezalako gizarte batek bizikidetasunaren arloan”.

 

Aurkezpenaren ondoren, Fernando Rey arduratu da bi biktimen arteko elkarrizketaren atarikoak eta testuingurua azaltzeaz. Mutur banatako indarkeriek jo dituzte, baina antzeko ondorioak ekarri dituzte: oinazea eta gizartearen haustura. “Inoiz gertatu behar ez zuenaren oroigarri etengabea dira. Haiek ez zuten bizikidetasuna hautsi, haustura pairatu besterik ez zuten egin. Kalte hori konpontzea ez da haien egitekoa; gizarte osoari dagokio, biktima guztientzako eskubide guztien aldarria barne dela. Ezer konparatzeko edo justifikatzeko asmorik gabe, giza eskubideen urratzeen bi adibideren aurrean gaude”.

 

Robert Manrique harakin lanean ari zen Bartzelonako Hipercorren 1987ko ekainaren 19an, ETAk bonba bat leherrarazi zuenean (hipermerkatuko sotoan). Eztandak 21 lagun hil eta 45 zauritu zituen. Egun hartan ez zuen lan egiteko txanda, baina lankide bati trukatu zion. Eztandak aurpegia, burua, eskuak, besoak eta zangoaren zati bat erre zizkion. Oraindik ere arazoak ditu giltzurrun batean, baina ondorioek ez zioten galarazi ETAk 2011n bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri ondoren Barne Ministerioak antolatu zituen biktima eta biktimarioen arteko erreparazio bileretan parte hartzea. 2012ko ekainaren 15ean, Arabako Zaballako espetxean, Rafael Caride Simónekin hitz egin zuen, atentatuaren egileetako batekin. Haren eskaerari baiezkoa eman zion, bi orduz entzun zion, “eragindako minagatik agertutako damua” onartu zion, baina ez zion eskua eman nahi izan, “azken finean 24 hildako dituelako bizkarrean”.

 

“Zainketa intentsiboetan hiru egun eman ondoren jakin nuen ez zela hozkailu baten leherketa izan, atentatu bat baizik. Hortik aurrera, batez ere Estatuak ez duela lagunduko jabetzen zarenean, aldaketak etengabeak dira. Nik, zoritxarra zoritxar, errekonozimendua behintzat izan dut. Zuek ez, eta ulertzen dut eskatzea. Kontua ez da bakarrik zer gertatu zen jakitea, zergatik gertatu zen baino. Edozein ideiarengatik jendeari eskubideak lapurtu izana ikertu beharrekoa da. Nire kasuan gaiztakeria egin zuenak ordaindu egin zuen, zuen kasuan ez”, esan du Robert Manriquek, Idoia Zabaltzari zuzendurik.

 

“Gertatu denarekin bizitzen ikasi dugu. Baina indarkeriaren biktimen kolektibo zabal honetan, berriz ez gertatzeko nahiak enpatia sorrarazten du. Nik, ETAren biktima gisa, ezin dut legeria nire nahien arabera aldarazi. Proposatu ahal dugu, baina ezin dugu horretara behartu. Asko gara ildo horretan gaudenok. Katalunian eskuin muturraren biktimak aitortuta daude, nik bezalako eskubideak dituzte”.

 

“Etengabea da birbiktimizazioa, bigarren biktimizazioa. Lege mailan, Administrazioan, duela 40 urteko hutsegite berak egiten ari dira. Biktimen artapena hobetu egin da, baina legerian zerbait baliagarria jasotzera behartu behar dugu klase politikoa. Batzuk saiatu egiten dira, baina, tamalez, lau urteko epera begira egiten dira legeak, nork bere buruarengan pentsatuz, eserlekuari nola eutsiko, jendearengan pentsatu ordez. Zoritxarrez badira gaitasunik gabeko pertsonak postu garrantzitsuetan, gehien-gehienok bat gatoz horretan”.

 

“Jada ez dago ETArik, oinaze asko kostata, baina jada ez dago. Orduko haren falta duen jendea badagoela sumatzen dudanean, min ematen dit. Era berean min ematen dit beren funtzioetan gehiegikeriak egiten dituzten uniformedunak daudela ikusteak. Nire herrian ere gertatu izan da, baina orain baditugu bitartekoak zorrotzago kontrolatzeko, identifikatzeko. Gertatu zena transmititzen saiatuz, baina gorroto sentimendu oro saihestuz bizi behar da. Indarkeriaren biktimek ez dute justizia beren kabuz egin. Soziologikoki aztertzea merezi du horrek. Hau guztia buka dadin ekarpen handiena egin dugunok indarkeriaren biktimak gara, gure kasuan ETAren biktimak. Nola lortu dugu geure burua kontrolatzea? Hitz eginez. Hau guztia berriz gertatzea eragotzi duen portaera horren errekonozimendua zor zaigu oraindik”.

 

Idoia Zabaltza Mikel Zabaltzaren arreba da. Duela 34 urte nebaren hilotza Endarlatza ibaian agertu zen, Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean preso eduki ondoren.

 

Haren amesgaiztoa 1985eko azaroaren 26an hasi zen, Guardia Zibilak Donostian Mikel Zabaltza atxilotu zuenean bere lehengusu Manuel Bizkairekin batera. Idoia Aierbe neskalaguna eta Ion Arretxe ere atxilotu zituzten. Orbaizetan atxilo hartu zituzten Mikel Zabaltzaren anaiak ere, Patxi eta Aitor. Hamar ordu geroago askatu egin zituzten. Guztiak inkomunikaturik eduki zituzten, Terrorismoaren kontrako Legea aplikatuta.

 

Biharamunean Mikel Zabaltzaren desagerpenaren berri eman zen. Bertsio ofizialak adierazi zuen ihes egin eta Bidasoa ibaira salto egin zuela, guardia zibil batzuei zulo bat non zegoen erakustera zihoanean. Egunak iragan ziren, Mikel ez zen agertzen eta indarra hartu zuen Zabaltza Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean jasotako torturen ondorioz hil zelako hipotesiak.

 

“Ez gara gauza nola aldatu zitzaigun bizitza deskribatzeko ere. Ordurako gertatua zela bagenekiena gerta ez zedin desiratzen egun asko eman genituen —kontatu du Idoia Zabaltzak—. Bagenekien Intxaurrondoko kuartelean hil zutela. Gero, gure kasuan beldurrak inposatzen zuen amorru, oinaze eta abaildurarekin bizitzen ikasi beharra dago. Inguruneak, ibarrak agertutako maitasun eta elkartasunak, herriaren eta zenbait erakunderen deiadarrak adoretuta ere bai”.

 

“Ez dugu justiziarako eskubiderik izan, 34 urte geroago puntu berean jarraitzen dugu. Inpunitatea erabatekoa izan zen. Egia izan behar da lehen urratsa, egiak ere kaltea konpontzen baitu. Doluaren amaieraren hasiera da. Gustatuko zitzaigun erantzuleen ahotik erantzukizun aitorpena entzutea. Ez dugu mendekurik nahi, justizia hutsa baizik. Beldurraren presioak ez digu utzi gorrotatzen, eta beldurra amaitu denean jada ezin dugu. Edo agian ez gara gorrotozaleak”.

 

“Ez gaude Roberten maila berean, ez zaigulako erreparaziorako eskubiderik aitortzen. Estatuko indarren biktimen kasuan ez dago zer gertatu zen jakiteko modurik, sekretu ofizialei buruzko 68ko lege batek babesten ditu eta eskubidea baliorik gabe uzten du. Parlamentu honek onetsi zuen lege bat saiatu zen hutsune hori betetzen ondorio juridikoak saihestuz, eta errekurtsoa jarri zioten. Ez dago modurik. Egiaren batzorderik gabe sekula ezin izanen dugu aurrera egin. Politikariei horretarako legeak egitea exigitzeko betebeharra dugu. Itxaropen izpirik ere ez dut. Amnesiak ez du laguntzen gizarte osasuntsua eraikitzen”.

 

“Mikelen kasuan torturak goikoek agindutakoak ziren eta aparatu osoa inplikatzen zuten. Oraintsu arte iraun duen jardunbide erregularra zen. Hala ere, gure bizitza egin dugu, jakinik gure anaiari zor diogula zer gertatu zen argitzea eta erantzukizunak argitzea, baina mina atzeraelikatu gabe”.

 

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrean biltzen diren erakunde eta pertsonek bide luzea egin dute giza eskubideen defentsan, eta prest daude modu inklusibo eta horizontalean lan egiteko lau ardatzen inguruan: desegitea eta armagabetzea; preso eta iheslarien gizarteratzea; giza eskubideen sustapen bermatzailea; eta etorkizuneko bizikidetasuna sustatzea, egiaren eta memoriaren oinarri bidezkoen gainean.