Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 18

Gobernuak aurreratu du 2020 – 2023ko Gazte-Estrategiak Nafarroa Suspertu planarekin bat eginen duela

PSNren interpelazio bati erantzunez, zeinak errealitate berriei erantzutea eskatzen duen, gazteak ez daitezen berriz ere kaltetuenak izan 2008an gertatu zen bezala

Javier Remírez kontseilari eta lehendakariordeak adierazi du 2020-2023 Gazte-Estrategiak Nafarroa Suspertu planarekin eta 2030 Agendarekin bat eginen duela, eta arlo honetarako toki entitateentzako 320.000 euroko laguntza deialdia prest dagoela iragarri du.

 

PSNren interpelazio bati erantzun dio Remírezek, eta bere aburuz, egunero jarri behar zaio balioa gazteria-politikari, departamentuen arteko zeharkako politika parte-hartzaileari eta koordinatuari, legegintzaldi osoan erdigunean egon dadin.

 

Gaineratu du gazteak funtsezkoak direla gizarte justu eta kohesionatu baten oraina eta etorkizuna idazteko, eta haien gaitasunak kontuan hartzeko, lehenik eta behin, haien eskaerei erantzun behar zaie, beharrizanetan laguntzeko.

 

COVID-19arekin enpleguaren edo emantzipazioaren arazoak areagotu direnez gero, Remírezek gazteriaren bizi-proiektuetarako estrategiak markatzearen alde eta prestakuntza egokia eskaintzearen alde egin du.

 

Alderdi hauek eta beste asko jasoko dira 2020-2023 Gazte-Estrategian, zeina, Institutuak diagnostikoa amaitzen duenean landuko den. Hiru ardatz izango ditu: soziala, emantzipazioarena (horretarako Emanzipa Plana zabalduko da) eta osasuna, sormena edo kirola.

 

“Gure gazteen gaitasunak indartzeko lanean jarraitu behar dugu, eta, horretarako, haien beharrei erantzuna eman behar diegu neurri zehatzekin, estrategia sendoekin eta euskarri izango diren egitura-politikekin" esan du.

 

Hala, Carlos Mena sozialistaren interpelazio bati erantzuten dio Remírezek, zeinak adierazi baitu gazteriaren beharrez eta haren erronkez hitz egin behar dela, eta honek zeharkako politikak eta errealitate berriei erantzutea eskatzen duela, gazteak ez daitezen berriz ere kaltetuak izan, 2008an gertatu zen bezala.

 

“Ekonomia Soziala, gazteentzako kalitatezko enpleguarekin; gizarte eskubideak eta ongizateak inor atzean ez uzteko; bizi dugun egoerari egokitutako hezkuntza, murrizketarik gabe eta berrikuntza eta zientzia sustatuko dituena”, hauek dira PSNrentzat ildo nagusiak.

 

Carlos Menak “hezkuntza ez formala, berdintasuna, desberdinarekiko errespetua, internazionalizazioa, asoziazionismoa eta jasangarritasuna” gehitu ditu, kontuan hartzeko funtsezko alderdi gisa.

 

“Gazteak jada aspertuta daude etorkizuna baino gehiago direla esateaz, oraina ere badira”, eta horregatik “Gobernuaren departamentu guztiei kolektibo honentzako politika publikoak berma ditzaten” eskatu du.

 

Navarra Sumako Ángel Ansak adierazi du biek “hitz politak” besterik ez dituztela, “aurrekontuetan eta ekintza politikoan ez baita aldaketarik ikusi”. Ildo horretan, azpimarratu du gazteen % 27,64 langabezian dagoela, eta arlo honetarako iragarritako plan bat ere ez dela egin oraindik. Era berean, aisialdiaren inguruko ekimenei buruzko edo beka politikei buruzko interesa agertu du.

 

Geroa Baiko Jabi Arakamak diagnostiko bat edukitzearen garrantzia azpimarratu du, eta 2015 urtetik aurrera egindakoa nabarmendu du. Gazteek “proposamen positiboak” behar dituzte, errenta bermatua edo emantzipaziorako laguntzak” bezalakoak, “baita kalitatezko enplegua ere, baina araudiak ez du hori ahalbidetzen”.

 

Maiorga Ramírezek (EH Bildu) bestetik, adierazi du gazteek ideia dituztela, baita erabakitzeko gaitasuna ere, eta horregatik politikaren bidez haien “parte-hartzea” bermatu behar dela nabarmendu du. “Lan erreformak ahalbidetzen duen prekarietateak gazteengan duen eragina” ere azpimarratu du.

 

Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznárezek ohartarazi du gazteria oso kolektibo zaurgarria dela arlo sozioekonomikoan, eta krisialdi honetan “kaltetuenak” izango direla esan du, beren bizi proiektuak “bertan behera gelditzeko arriskuarekin”. Eredu “arduratsuago eta parte-hartzaileago bat” bermatzeko politikak eskatu ditu.

 

Azkenik, I-Eko Marisa de Simónek azaldu du gazteek “etorkizuna eraikitzeko denbora, aukerak eta ardura” dutela. Aukera berdintasuna bermatu behar zaiela adierazi du, beren betekizun eta eskubideekin “oraina ere baitira”.