Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 1

Gardentasun Ataria edukiz horni zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa atzera bota dute

Zalantzan jarri da INAIri bideratutako aurrekontu-partida, eta gaitzetsi egin da Comptosek generoari eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko politikak ikuskatzeari Eledunen Batzarrak uko egin izana

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Gardentasun Atarian argitara daitezen jendaurrekoak izan beharreko elementu guztiak, barne hartuta urteko kontuak, auditoretza- eta fiskalizazio-txostenak, goi-kargudunen eta langileen ordainsariak, kontratuak, hitzarmenak, dirulaguntzak, langile kontratatuak eta haien ordainsariak, besteak beste”.

 

Zioen azalpenean, Vox parlamentarien elkarteak sustatutako mozioak Eledunen Batzarrak Kontuen Ganberari Nafarroako Berdintasunerako Institutuari (INAI) buruzko auditoretza-txosten bat eskatzeari uko egin ziola gaitzesten du, eta "gastu publikoaren eraginkortasuna" aztertzearen garrantzia nabarmentzen du, kasu honetan "genero-berdintasunerako, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko edo LGTBI+ arloko politikekin" lotutakoa.

 

Horri dagokionez, proposamena egin duenak ikuskaritzari uko egin izana deitoratu du, 2024rako INAIrentzat aurreikusitako aurrekontu-partida zalantzan jarri du (6,5 milioi) eta ohartarazi du Gardentasunaren Atarian organo horren finantzaketa "eguneratu eta zehaztu gabe" dagoela.