Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Martxoak 27

Garapen Ekonomikorako Batzordea bisitan joan da San Adriango El Navarrico kontserba fabrika zaharrera

Kontserba industriaren bilakaera historikoa erakusten duen museoa bertatik ezagutzera

PSNk eskatuta, Garapen Ekonomikorako Batzordea gaur bisitan joan da El Navarrico kontserba fabrika zaharrera. Lantegi hori kontserba industriaren bilakaera historikoari buruzko museo bilakatuta dago.

 

Parlamentari hauek joan dira: Carlos García Adanero (UPN talde parlamentarioa), Jokin Castiella (Geroa Bai talde parlamentarioa), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia eta Conchi Ruiz (PSN talde parlamentarioa).

 

José Pedro Salcedo Conservas El Navarricoko zuzendari nagusiak egin die harrera Parlamentuko ordezkariei.

 

Bisitaren helburua, Guzmán Garmendiak sarrerako hitzetan azaldu duenez, 1960an sortutako El Navarrico familia-enpresaren lantegi zaharrean “berriki inauguratu diren instalazioak ezagutzea” izan da.

 

Ondoren egin den bileran, José Pedro Salcedo “bokazio publikoa duen enpresa pribatu” horren ezaugarriez mintzatu da. “Lehenik inguruko pertsonak eta gero auzoko herrietakoak eta urrunagokoak ere integratzeko” izan duen eragina nabarmendu du, eta “emakumeek kontserba industrian duten garrantzia” azpimarratu.

 

Jarraian, Fabrika Zaharra martxan jartzen lagundu duten guztien ekarpena eskertu ondoren, Salcedok museoko hiru eremuetan zehar gidatu ditu parlamentariak. Guztira museoak 300 metro karratu ditu.

 

Hala, Garapen Ekonomikorako Batzordeko kideek lehenik Ikus-entzunezkoen Eremua ezagutu dute eta San Adriango kontserba industriaren bilakaera historikoari buruzko dokumental bat ikusi dute bertan. Gero 360 graduko ikuspen-teknologiaren eremura pasatu dira, non sentitu egin daitezkeen Nafarroako baratzeetako produktuak biltzeko prozesuak (sasoi bakoitzeko produktu bat, oraingoan zainzuria).

 

Erakusketa-aretoan amaitu dute bisita. Denboran zehar erabilitako erreminta, ontzi, etiketa, makina eta tresnen erakusketa ikusgarri batean gorpuztuta ikusi dute industriaren historia.

 

UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSN taldeen eledunek azalpenak eskertu dituzte eta balorazio positiboa egin dute museoak Foru Komunitateko kontserba industriaren historia iraunarazteko egiten duen ekarpenaz.