Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Otsailak 16

Foru Araubideko Batzordeak Patxi Vera Donazar hautagai bakarra izendatu du Foru Komunitateko Ararteko

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren babesa jaso ondoren, Mahaiak, gutxienez hamabost egunen buruan, Osoko Bilkura deituko du hautaketarako

Foru Araubideko Batzordeko kideen hiru bostenen aldeko botoa lortu ondoren, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek proposatutako Patxi Vera Donazar hautatu dute gaur arratsaldean Ararteko kargurako hautagai gisa. Isilpeko bozketa boto-txartelen bidez egin da eta aldeko 9 boto eta 6 zuri zenbatu dira, azken hauek Navarra Sumaren ordezkariei dagozkienak.

 

Lehen izapidea egin ondoren, Foru Araubideko Batzordeak Parlamentuko Mahaiari helaraziko dio erabakia, Vera Donazarren hautagaitza osoko bilkurara eramateko ardura duen organoari, gutxienez hamabost egunen buruan. Ararteko izendatzeko gutxienez 30 parlamentariren babesa beharko da, Ganbera osatzen dutenen hiru bostenena.

 

Informazio Zientzietan lizentziatua eta UCANeko egungo zuzendari kudeatzailea den Patxi Vera Donazarrek agerraldia egin du gaur Foru Araubideko Batzordean, bere merezimenduak eta kargurako jarduera-programa azaltzeko.

 

“Pentsatu nahi dut hemen egoteko arrazoietako bat pertsonengan jarri dudala beti arreta, eta konfiantza eta sinesgarritasun nahikoa sortu dudala. Nire lehen helburua inor atzean ez uztea izango da. Arartekoan aliatu bat, agente hurbil eta proaktibo bat ikustea nahi dut. Bitartekaritza funtsezkoa da akordioa eta adostasuna bilatzeko”,Vera Donazarrek adierazi duenez.

 

Jarraian, talde parlamentarioetako eledunek hitz egin dute, eta gehienen adostasuna agertu dute hautagaiaren egokitasunarekiko, bozketaren emaitzan adierazi den bezala.

 

Javier Esparzak (Navarra Suma) esan du ez dutela parte hartuko Veraren hautaketan, “ez zaigulako kontuan hartu”.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 2.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Parlamentuak hautatuko duela Arartekoa, sei urterako. Foru lege horretako 8.1.b) artikuluak ezartzen du Arartekoak kargua utziko duela ezarritako epea amaitzean, eta 8.2 artikuluak zehazten du Nafarroako Parlamentuko lehendakariak kargua hutsik dagoela deklaratuko duela kargualdia amaitzean.

 

Gaur egungo arartekoa, Javier Eneriz, 2007ko martxoaren 15ean hautatu zuten gehiengo osoz, eta 2013ko martxoaren 22tik bitarteko egoeran dago. Maria Jesús Aranda ordezkatu zuen, 2001ean izendatua.

 

Ainhoa Unzu (PSN) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Javier Esparza, Ángel Ansa, Carlos Pérez Nievas, José Suárez, María Jesús Valdemoros, Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Inma Jurío (PSN), Uxue Barkos, María Solana (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Arauak (8. NPAO, 2022-01-26)