Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 20

Ez da aintzat hartu lana eta familia bateragarri egiteko laguntzei buruzko Foru Lege proposamena

Seme-alabak edo mendetasun-egoeran dauden senideak zaintzeko lan-eszedentziarako eta lanaldi-murrizketarako laguntzak arautzea proposatzen zuen Navarra Sumak

Gaur egindako osoko bilkuran Nafarroako Parlamentuak ez du aintzat hartu Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzei buruzko Foru Lege proposamena, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin.

 

Navarra Sumak sustatu du lege proposamen hori. Xedetzat zuen seme-alabak zaintzeko, mendekotasun-egoeran dauden senideak zaintzeko eta gaixotasunen bat duten edo istripu larria izan duten senideak zaintzeko lan-eszedentziarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzak arautzea, etengabeko zaintza beharrak irauten duen bitarteko aldirako.

 

Zioen azalpenean zehazten zenez, foru lege horrek “eszedentziarako eta lanaldi-murrizketarako laguntzen araubide bat ezarri nahi zuen, benetan pizgarria izanen dena eta ahalbidetuko duena hala nahi dutenek lana eta familia bateragarri egiteko modu horren alde egin ahal izatea. Ezarri nahi zen laguntza-araubideak kontuan hartzen zituen familia-mota desberdinen ezaugarri bereziak, bai eta gizonak zaintza horietaz arduratu ahal izatea sustatzeko beharra ere, zainketetan genero-rola ez betikotzeko”.

 

Horretarako, 300 eta 700 euro bitarteko laguntza ekonomikoak ezartzen ziren langileentzat, baldin eta lan-eszedentziako egoeran badaude 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko, mendekotasun-egoeran dauden senideak zaintzeko edo gaixotasunen bat duten nahiz istripu larria izan duten senideak zaintzeko. Zenbateko horiek % 10 handituko ziren guraso bakarreko familietan eta genero-indarkeriaren biktimaren bat duten familia-unitateetan. Lanaldi-murrizketarako laguntzen zenbatekoa 150 eta 350 euro bitartekoa izanen zen, egoeraren arabera.

 

Ildo horretan, hau zehazten zen: “Nafarroako, Espainiako eta Europako datu demografikoak ikusita, jaiotza-tasa sustatzea ez da aukera bat, baizik eta gure gizartearen etorkizuneko ongizatea bermatzeko beharrezkoa den zerbait. Belaunaldien arteko ordezkapenik gabeko gizarte zahartu bat ez da jasangarria, eta, horregatik, ezinbestekoa da familiei ikuspuntu guztietatik laguntzea. Laguntza horren ezinbesteko elementua da norberaren eta familiaren bizitza bateragarri egiten laguntzea eta familien askatasuna bultzatzea, beren burua nola zaindu aukeratzerakoan”.