Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Urriak 26

Espainiako Gobernua premiatzen duen ebazpena Esako urtegia handitzeko obrak geldiaraz ditzan, segurtasun auziak argitzen ez diren bitartean

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko urriaren 25ean

1.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du Esako urtegia handitzeko proiektuari eta azpiegitura horren kudeaketari buruzko elkarrizketa ireki eta anitza behar dela, bai gizartean bai erakundeetan.

 

Era berean, Legebiltzarrak azaltzen du “ados dagoela presaren segurtasunaren eta kudeaketaren jarraipen-batzorde bat sortzeko erabakiarekin, zeinean egonen baitira –ministerioaz eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaz gain– Nafarroako eta Aragoiko gobernuak, ukitutako udalak, Bardeako ureztatzaileak eta urtegia handitzearen ondorioz ukitutakoen elkarteak”. Halaber, “batzorde horren lana gardentasunez eta zalutasunez egin dadila” eskatzen du.

 

2.-  Espainiako Gobernua premiatzen da Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Lanbide Elkargoari eskuragarri dagoen informazio guztia aztertzeko xedearekin agindu dion azterlanean kontuan har eta balora daitezen Nafarroako Gobernuaren departamentuarteko lantalde batek 2016ko ekainean egindako “ebaluazio-txosten teknikoaren” konklusioak nahiz Esako urtegiaren eskuineko mazelaren egonkortasunari eta segurtasun-ebaluazioari buruz Nafarroako Gobernuak 2018ko urrian eskatutako txostenetik heldu diren konklusioak eta gomendioak.

 

3.- Espainiako Gobernua premiatzen da Esako urtegia handitzeko obrak geldiaraz ditzan, salbu eta obren eta presaren segurtasunari dagozkionak, harik eta argitzen ez diren arte segurtasunari buruzko auziak; besteak beste, horretarako eginen diren aztelan independenteen bidez. Geldiarazpen horretan halaber sartuko dira Sigüésen inguruan egiten ari diren obrak eta jarduketak, halako moldez non, baldin xedatzen den betetze-kuotak ez baditu obra eta jarduketa horiek beharrezko egiten, behin betikoz geldiaraziko baitira, eta desjabetze-prozedurak atzera botako.

 

Espainiako Gobernuari eskatzen zaio segurtasunaren arloko legedi eta araudi indardunak alda ditzan; hartara, segurtasun-faktore bat ezarriko da mazelen eta ezponden luizi-arriskuen arloan besteak beste, arlo horretan beste estatu batzuetan –esate baterako, AEBetan, Portugalen edo Italian– duten mailara heltzeko.

 

4.- Gobernua premiatzen da Aspurtzen kokatuko litzatekeen presaren proiektua baztertu dezan eta behin betikoz erretira dezan are hipotesi gisa jasota legokeen plan orotatik.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkeztua.

 

1. eta 2. puntuen alde bozkatu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Ek, aurka UPN eta PPNk.

 

3. puntua Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin.

 

4. puntuaren alde bozkatu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek, PSNk abstentzioa eta UPN eta PPNk aurka.