Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urriak 28

Espainiako Gobernua premiatzen da aukera-berdintasuneko agentearen figuraren ziurtagiri profesionala onets dezan

Osoko bilkuran onetsia. 2021eko urriaren 28an

1.- Espainiako Gobernua premiatzen da aukera-berdintasuneko agentearen figuraren ziurtagiri profesionala onets dezan, errege dekretu bat prestatu eta argitaratuz, honako hauek bilduta:

 

– Ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak jasotzen dituen parametroak.

 

– Prozesu bat ezartzea jarduna aukera berdintasunaren esparruan betetzen ari diren profesionalek bildutako esperientzia eta lortutako prestakuntza homologatzeko, Europako Goi Mailako Esparruan unibertsitateko irakaskuntzen egitura hori onetsi baino lehen.

 

– Ikasketa planek gainditu beharreko jarraibideak, baldintzak eta egiaztatzeko eta akreditatzeko prozedura ezartzea, aukera-berdintasuneko agenteen gaitasun profesionala ziurtatzen duten tituluak lortzeari begira.

 

– Ebaluaziorako prozeduraren ibilbiderako proposamen bat, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuneko agenteen prestakuntza egiaztatzeko, master mailako graduondoko programaren bidez: Unibertsitateko master ofiziala, politika publikoetara bideratua, ikasi beharreko gaietako hamar modulurekin, zeinak irakatsiko baitira irakaskuntza presentzialean, erdipresentzialean edo online, eta lan bat idaztea ere sartuta.

 

2.- Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio berdintasunaren lurralde arteko batzordean lan egin dezan, aipatu arauketa lehenbailehen izateko.

 

3.- Nafarroako Gobernua eta beste administrazio publiko batzuk premiatzen dira lantaldeak susta ditzaten, aukera-berdintasuneko agenteak eta berdintasun-sustatzaileak edukiko dituztenak (profil ezberdin baina osagarriak dira), berdintasunerako politika publiko efiziente eta kalitatezkoen taxuketa eta gauzatzea bermatzeko.

 

4.- Hezkuntza Departamentua eta INAI-NABI premiatzen dira alda dezaten 1 B) Eranskina-Produkzio Sistema, apirilaren 3ko 45/2019 Foru Dekretuan, zeinak ezartzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean Genero Berdintasuna Sustatzeko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma, behar bezala definitzearren, halatan, lanbide-profil bakoitzaren trebetasunak. Izan ere, aipatu apartatuan berdintasun-planen taxutze, gauzatze eta ebaluatzearekin loturik jasotzen diren eginkizunak sustatzaileei esleitzen zaizkie, berdintasun-agenteen eskumenekoak izan arren.

 

Berdintasun-sustatzailearen postuak beste eginkizun batzuk ditu, berdintasun-agenteek dituztenen osagarri direnak, eta zerikusia dutenak gizarte osoan emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko informazioa, sentsibilizazioa eta sustapena lortzearekin.

 

Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du. 

 

Aho batez onetsi da.