Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Azaroak 12

Eskubide Sozialetako Batzordeak Tuterako La Atalaya zentroa bisitatu du

Adimen desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-baliabideen falta egiaztatuta, Navarra +, PSN, GB eta EH Bildu taldeetako eledunek arazoari ekiteko eskatuko diote Parlamentuari

Eskubide Sozialetako Batzordea gaur Tuterara joan da, Navarra Suma taldeak eskaturik, adimen desgaitasuna duten pertsonentzako La Atalaya zentroa ikustera. Kudeaketa itunduko egoitza publikoa da, eta tratamendu espezializatuak eta errehabilitazio etengabea behar dituzten pertsonek erabiltzen dute.

 

Parlamentari hauek bertaratu dira: Marta Álvarez, Ángel Ansa (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Ana Sánchez La Atalaya egoitzako zuzendariak, María Luz Lacarra, María José Jiménez, Julio Pérez eta Juan Alonso Senideen Elkarteko kideek, Iván Palacios eta Carmen Diago Enpresa Batzordeko kideek, Arantxa Goñi erabiltzaileen ordezkariak eta Anichu Goñi Tuterako Gizarte Ongizateko zinegotziak.

 

Marta Álvarezek sarrera gisara zehaztu duenez, bisitaren xedea izan da “instalazioak gertutik ezagutu eta zentroko Parte-hartze Kontseiluko kideekin hitz egitea” premia larrienen berri jakiteko. Kontseilu horretan ordezkariak dituzte zuzendaritzak, familiek, langileek eta erabiltzaileek.

 

Ondoren egin den bileran, María Luz Lacarrak eta Juan Alonsok (guraso elkartekoak) nabarmendu dute adimen desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-tokien falta pairatzen dutela Erriberan, eta konponbidea eskatu dute, hurrengo urteetarako aurreikusten den eskari gero eta handiagoa aseko dela bermatzeko. Hasteko, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan berariazko partida bat egitea eskatu dute.

 

“Ez dago tokirik ez La Atalaya egoitzan, ezta eguneko zentroan ere, eta biek dituzte itxarote-zerrendak (hurrenez hurren 13 eta 3 lagun daude zain). Torre Monreal Hezkuntza Bereziko Ikastetxe Publikoko ikasleak 21 urte betetzean hona etortzen dira. Ikastetxe horrek 30 ikasle zituen duela lau urte eta 70 ditu gaur egun, eta haietatik 20 inguru besterik ez dira Tasubinsan lan egiteko gai. Gainera, zahartze unitateak falta dira (65 urterekin egoitza arruntetara bideratzen dituzte), eta adingabeentzako eta egonaldietarako tokien falta ere nabari da”.

 

Hori horrela, familien ordezkariek azpimarratu dute konpondu beharreko arazoa ez dela politikoa, “soziala” baizik, eta talde parlamentarioetako eledunengana jo dute, “eskaintza handitzen hasi ahal izateko aurrekontu partida bat” egiteko konpromisoa eskatuz. “Dagoen blokeoa hautsi eta, zerbait egin behar bada, zirt edo zart egin behar da. La Atalaya erreferentziako zentroa da Erriberan, biztanleak 100.000 baino gehiago dira eta zentroa beterik dago”.

 

Ana Sánchez zentroko zuzendariak adierazi duenez, “zentroak badu lekua, baina ez da aski handitzea, behar diren baliabideak ere jarri behar baitira. 50 tokiak beterik daude. Egoitzako itxarote-zerrendan 13 pertsona daude, aspaldikoena 2014tik, eta eguneko zentrorako zerrendan hiru daude”.

 

Hitz egiteko txanda hartzean, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunek aho batez komenigarritzat jo dute azaldu diren beharrei azkar erantzutea, baina Departamentuaren esku utzi dute zer jarduketa egin behar diren zehaztea, azterketa sakona egin ondoren.

 

Marta Álvarezen iritziz (Navarra Suma), hobe da “instalazioak handitzea, gero egoitza-tokiak gehitzen joateko, premien arabera. Lehenik dirua eduki behar da obrei ekiteko”.

 

Arantza Biurrunek (PSN) konpromisoa hartu du egungo egoeraren berri “Departamentuari helarazteko, egin beharreko urratsak zehaztuz joan dadin, betiere azterketa sakon batetik abiaturik, etorkizunari begira”.

 

Ildo beretik, Isabel Aranburuk (Geroa Bai) baieztatu du bere taldeak berehala zerbait egiteko eskatuko diola Gobernuari. “Erantzuna, dena dela, Gobernuak emanen du. Ulertzen dugu premia eta larritasuna”.

 

Txomin Gonzálezek (EH Bildu) “pertsona horiek beren kargura dituzten familiek bakarrik ikusten dituzten errealitate ezkutuak” aipatu ditu, eta bai baliabide materialak bai giza baliabideak jartzeko eskatuko dutela baieztatu du. “Guztia, hori bai, azterketa zehatz bat egin ondoren”.

 

Bilera amaitu eta gero parlamentariek ibilbide gidatua egin dute La Atalaya zentroan zehar, eta, zuzendariak lagundurik, zer hornidura dituen ikusi dute. Zentroa 1990ean ireki zen, 50 pertsona artatzen ditu egoitzan (batez beste 35-40 urtekoak) eta beste 24 eguneko zentroan, eta plantillan 106 langile ditu.

 

La Atalaya egoitza-zentroa Nafarroako Gobernuarena da. Artatzen dituen pertsonek adimen desgaitasun larria dute eta tratamendu espezializatuak eta etengabeko errehabilitazioa behar dituzte, narriadura ahal den neurrian geldiarazteko. Eguneko zentroa ere badu, eta hor egokitze pertsonal eta sozialerako programak eskaintzen dira, bai eta errehabilitazioko tratamenduak ere, normalizazioa lortzeko eta narriadura progresiboa ahal den neurrian geldiarazteko.