Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Irailak 20

Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko egonkortze prozesuak egiteko neurriei buruzko Foru Legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko bilkurak onetsi du. 2022ko irailaren 15ean

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak gaur, Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta I-Eren abstentzioarekin, onetsi du 19/2022 Foru Legea, Nafarroako administrazio publikoetan enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legetik eratorritako egonkortze prozesuak egiteko neurriei buruzkoaren aldaketa.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk sustatutako legearen xedea da “barne mugikortasunaren eskubide osoa berreskuratzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan lanpostuak betetzeko prozesuen bidez, helburua izanik egonkortze prozesuek ez ekartzea langile finkoen eskubideen galerarik”.

 

Horretarako, baliogabetu egiten da erresulta deiturikoak kanpo uztea (beste lanpostu bat lortzen duten pertsonek uzten dituzten lanpostu hutsak), eta aurrez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan barne egokitzapenerako deialdian sartzea aurreikusten da; horrela, “langile finkoek, atxikita dauden lantokian bertan mugikortasunaren eskubidea baliatu nahi badute lanpostu horiek eskuratu ahal izango dituzte”.

 

Halaber, xedapen gehigarri bana txertatzen da, suhiltzaile-laguntzaileentzat (peoi laguntzailea eta gidaria) eta gradu ertaineko tituludunentzat, haien merezimendu-lehiaketen antolaketarako arauei dagokienez. Xedapen horiek zehaztu asmo dute zerbitzu-urtealdi osoa eman izana joko dela "gutxienez ere kanpaina bat osoa lan egin denean (baso-kanpaina edo errenta-kanpaina) urte naturalean". Berdinketak ebatziko dira "kasuko lanpostuan lan egindako egunen osoko kopuru"ari erreparatuz.

 

Zertzelada horiek legean txertatu dira Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aurkezturiko eta aho batez onetsiriko beste hainbeste gehitze-zuzenketaren bitartez. Kasu batean zein bestean, asmoa da aintzat hartzea "kanpainakako deien bitartez lan egiten dutenen egoera, ez daitezen kaltetuta suerta edozein administrazio publikoren beste zerbitzu batzuetan lan egin duen beste edozein pertsonaren aldean".

 

Hortaz, hirugarren xedapen gehigarriaren 2.2 apartatua aldatzen da, eta honela gelditzen da idatzita:

 

“2. 2. Deialdia eginen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek onesten duten enplegu publikoa egonkortzeko eskaintzan sartzen diren lanpostuetarako eta aldez aurreko barne egokitzapeneko prozesu horietan parte hartzeagatik beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuetarako.

 

Aldez aurreko barne-egokitzapenaren ondoren hutsik geratzen diren lanpostuetarako deialdia eginen da foru lege honen 10. artikuluan ezarritako lekualdatze-lehiaketan”.

 

Bederatzigarren xedapen gehigarria:

 

Arauak, aldi baterako enplegua merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko prozedurei aplikatzekoak, baso-kanpainetako lanpostuen kasuan:

 

"Suhiltzaile-peoi laguntzaile eta suhiltzaile-gidari laguntzaile lanpostuak merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko prozeduretan, 9.1 artikuluko a.1) letrak adierazten duen lanbide-merezimenduen balorazioak zerbitzu-urtealdi bat osoa eman dela joko du noiz eta, gutxienez ere, kanpaina bat osoa lan egin denean urte naturalean.

 

Berdinketarik egonez gero, ebatziko da suhiltzaile-zerbitzuan lan egindako egunen guztizko kopuruari erreparatuz".

 

Hamargarren xedapen gehigarria:

 

Arauak, aldi baterako enplegua merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko prozedurei aplikatzekoak, errenta-kanpainetako lanpostuen kasuan:

 

"Gradu ertaineko tituludun lanpostuak merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko prozeduretan, 9.1 artikuluko a.1) letrak adierazten duen lanbide-merezimenduen balorazioak zerbitzu-urtealdi bat osoa eman dela joko du noiz eta, gutxienez ere, kanpaina bat osoa lan egin denean urte naturalean.

 

Berdinketarik egonez gero, ebatziko da kasuko lanpostuan lan egindako egunen guztizko kopuruari erreparatuz".

 

Irakurketa bakarrean izapidetuta, Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

 

  •