Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Martxoak 27

Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzeko eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murrizteko Ponentziaren ondorioen txostena onetsi da

Parlamentuak eskatu du "enpresa eredu inklusibo eta paritario berri bat” sor dadila, erantzukidetasun handiagoko portaera-eredua sortzen lagunduko duten legegintza-neurrietatik abiatuta

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Batzordeak emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera bideratutako proposamenak biltzea helburu izan duen ponentziaren ondorioak onetsi ditu gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin. Arazoa “dimentsio anitzekoa eta egiturazkoa” dela eta “zeharkako konponbidea” behar duela adierazi du. UPN abstenitu egin da (PPNk ez du parte hartu bozketan).

 

Ponentziaren erabakietako batek dioenez, hura prest dago “Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Legeari lotutako plan estrategikoa egiten laguntzeko”. Lege hori ziur aski ostegunean onetsiko da legegintzaldiko azken osoko bilkuran, eta erakunde publikoei egozten die “lanaren eremuan emakumeen diskriminazioari eta bereizkeriari amaiera emateko beharrezkoak diren ekintzak sustatzeko ardura”.

 

Xede horretarako, “lan guztien berdintasunezko balorazio ekonomiko eta sozialerantz” aurrera egiteko, “erantzukizun partekatuaren, informazioaren eta soldata-gardentasunaren” arloetan legegintzako neurriak eskatzen dira. Halaber, “esku hartzen duten eragile guztiek onartutako diagnostikotzat” jotzen dutena oinarri hartuta, emakumeen sustapena eskatzen da zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren eremuetan eta automobilgintza, garraioa edo eraikuntza bezalako sektoreetan”.

 

Hori guztia, Kontratu Publikoei edo Zientzia eta Teknologiari buruzko legeek eta horiek bezala genero-ikuspegia txertatu duten beste batzuek ekarritako aurrerapenak ahantzi gabe, genero-ikuspegia funtsezkoa baita, txostengileen esanetan, “enpresa eredu inklusibo eta paritario berri bateranzko bidea egiteko”.

 

Hala, “emakumeei laneratzea, irautea eta mailaz igotzea zailtzen dien produkzioaren kultura sexistak” sortutako “antolamenduzko oztopoek” oraindik badirautela baieztatu ondoren, “portaeren eredu alternatibo bat” diseinatzea proposatzen da, zeinak, “estereotipoak eta rolak hautsiz, zainketa despenalizatuko baitu, lanpostuak sailkatzeko eta ebaluatzeko sistema neutro bat ahalbidetuko, eta gizartean, enpresetan nahiz erakundeetan lan-ordutegiak arrazionalizatu eta malgutzeko ituna sustatuko baitu”.

 

Erantzukizun partekatuaren esparruan “dagoen defizita berdintze aldera”, dei egiten da “zainketa lanak gehiago nabarmendu eta bistaratzeko” eta “pertsona zaintzaileen baldintzak duintzeko, profesionalak izan nahiz ez”.

 

Bestelako gizarte eredu bateranzko bidean hartu beharreko neurri batzuk aipatzen dira berariaz, esaterako “Gizarte Segurantzako kotizazioak berreskuratzea zaintzaile ez-profesionalentzat eta lan-eskubide osoak aitortzea etxe-zerbitzariei”. Horri gehitu behar zaio “menpekotasuna duten pertsonak artatzeko eta 0-3 urteko ziklorako baliabide soziokomunitarioen” sustapena.

 

Enpleguari dagokionez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egitekoa indartu nahi da enpresa pribatuetako laneratze-metodoetan, eta, gainera, “pertsonaren sexua haren gaitasun eta trebezien gainetik jarriko ez duten” prozesuak ezarri nahi dira kontratazio publikoan. Aurrekoaren haritik, funtsezkotzat jotzen da genero-berdintasunaren irizpidea gehitzea negoziazio kolektiboan. Horretarako, NBIk “enpresen eta ordezkari sindikalen prestakuntza sustatuko du”.

 

Iradokitzen da, xede horri begira, gaiaren arabera eskumena duen atalari ahalmena ematea, enpresa ituna edo hitzarmena erregistratu eta argitaratu baino lehen egiazta dezan hura bat datorrela aukera-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko araudiarekin. Analogiaz, Lan Ikuskatzailetzaren ahalmenak ere indartu eginen lirateke parekotasun kontuetan.

 

Era berean, bateragarritasun-planak eta berdintasun-planak aztertzea proposatzen da, eta horiek kudeatzeko erregistro bakarra sortzea, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Lan Zerbitzuaren ardurapekoa. Zerbitzu horrek “bi urtean behin planen garapena eta emaitzak” ebaluatuko lituzke.

 

Ohartarazten da, hala ere, planen bideragarritasunerako baldintza izanen dela, hein handian, “negoziazio kolektiboaren fruitu izatea, enpresak eta langileen ordezkariek batera aldez aurretik egindako diagnostikotik abiatuta”.

 

Txostenaren amaieran azpimarratzen da talde parlamentario guztiek hartu dutela konpromisoa “desberdintasunak sortutako arraila murriztearen alde eta emakumeen enpleguaren alde”, eta dei egiten zaie hurrengo legegintzaldian horretarako plan estrategikoa presta dezaten Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Legearen esparruan. Hori esan aurretik ohartarazten dute lege horretan azaltzen den bizimodu jasangarriaren kontzeptu “berritzailea” dela “aldaketa sozial eta ekonomikoa lortzeko gakoa”, eta bai legea bai kontzeptua garatzeko beharrezkoa izanen dela “finantzaketa egokia eta iraunkorra”.

 

Ponentzia berriz lanean jartzeak, beraz, genero-ekitatearen printzipioa aplikatzerakoan “eragile aktiboak” izateko borondateari erantzuten dio.

 

Geroa Bai talde parlamentarioak proposatua, ponentzia horrek Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera bideratutako txostena egiteko behinola eratu zen batzorde berezian du sorburua. UPN talde parlamentarioen ekimena izan zen, eta Mahaiak, legebiltzarreko talde eta elkarte guztien eskariz, hura indarrik gabe uztea erabaki zuen 2018ko irailaren 3ko bilkuran.

 

Batzorde berezi hori apirilaren 24an sortu zen, baina formazko kontuengatik bertan behera geratu zen, eta arazo hori gainditu nahi izan da formatu berria emanez, bizkorragoa eta malguagoa, lanerako plan bat osatzeko, bihar, hilak 28, bozkatuko den Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legea aberastu behar duena.

 

Parlamentuko Mahaiak 2018ko martxoaren 26an onetsitako arauek diotenez, batzorde bereziaren xedea —eta gero ponentziarena— izan da “txosten bat egitea, emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera bideratutako proposamenak jasoko dituena, Nafarroa baita gizonen soldaten eta emakumeenen artean alde handiena duen erkidegoa”.

 

Horri dagokionez, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako diagnostikoa aipatzen zen, argi uzten zuena emakumeek “gutxiago, baldintza txarragoetan eta soldata txikiagoaren truke” lan egiten dutela. Gainera, “etxea eta familia zaintzeko ordaindu gabeko lanetan ordu bat eta 44 minutu gehiago ematen dute gizonek baino”.

 

Diagnostikoak nabarmentzen duenez, soldata-arraila, lan-merkatuko genero-arrailen adierazle nagusia, Nafarroan % 19,68koa da. Ondorioz, “Nafarroako emakumeen errenta mailak eta prestazio motak apalagoak dira eta pobrezia arrisku handiagoa dakarte, kalteberatasun handiagoa”.

 

Nafarroan biztanle landunen % 45,6 emakumeak dira. Emakumeek besteren konturako lanaren % 48 egiten dute eta norberaren konturako lanaren % 32 (emakume autoenplegatuak 14.200 baino ez dira). Gehienak zerbitzuen sektorean ari dira (emakume landunen % 57), eta behar baino gutxiago ari dira industrian (emakume landunen % 26). Aldi baterako kontratuen % 55 eta lanaldi partzialeko kontratuen % 78,9 emakumeenak dira. Emakume ez-aktiboen eta langabeen kopururik handienak muturretako adin tarteetan daude, hau da, 19 urtera arte eta 55 urtetik aurrera.

 

Halaber ponentziak oinarritzat erabili ditu UGTk eta CCOOk Nafarroako emakumeei eta enpleguari buruz egindako txosten bana, zeinetan ohartarazten baita hazkunde ekonomikoak eta enpleguaren suspertzeak ez dietela berdin eragiten gizonei eta emakumeei, eta horrela areagotu egiten direla lan arloko desberdintasunak.

 

Ponentziak hainbat erakunde, pertsona, aditu eta eragile sozialen ekarpenak jaso ditu. 2018ko irailaren 19an eratu zen, eta 8 bilera egin ditu (batzorde bereziak beste lau).

 

Lehen fasean bilerak egin ziren ordezkaritasun handieneko sindiketuekin (ELA, LAB, UGT eta CCOO). Eta bigarren fasean, Foru Administrazioko eta Administrazio zentraleko ordezkariekin, Nafarroako Emakume Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartearekin eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NBI) zuzendariarekin.

 

Ponentziako burua Virginia Alemán izan da, eta kideak, Carlos García Adanero (UPN), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Nuria Medina (PSN) Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

 

Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa) buru zutela, gaur arratsaldeko bilkuran izan dira Maribel García Malo, Luis Zarraluqui, Pachi Irízar (UPN talde parlamentarioa), Koldo Martínez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Arantza Izurdiaga, Dabid Anaut (EH Bildu talde parlamentarioa), Tere Saéz, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa), Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).