Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Martxoak 11

Eledunen Batzarrak ez du lortu martxoaren 7ko Osoko Bilkuran Ganberaren egoitzan indarrez sartzeko saiakera gaitzesteko testu bat adostea

Ganberak Endometriosiaren Mundu Egunarekin bat eginez martxoaren 14an ekitaldi bat burutuko du eta bere fatxada horiz argiztatuko du

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi eta errefusatu egiten baitu pasa den martxoaren 7ko Osoko Bilkura egiten ari zelarik bere egoitzan bortxaz sartu eta Parlamentuaz jabetzeko ahalegina.  Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Voxek aurka bozkatu du, UPN eta PPN abstenitu egin dira eta PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-zurekinek aldeko botoa eman dute.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1.- Erakunde honek gaitzetsi eta errefusatu egiten ditu joan den martxoaren 7ko Osoko Bilkura abian zelarik izandako gertakari larriak, bere egoitzaren aurrean elkarretaratutako pertsona-talde batek eraikinaren barrenean bortxaz sartu eta Nafarroako Parlamentuaz jabetzeko ahalegina egin zuenekoak.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu bere irekitasun eta prestasuna, gure erkidegoko orotariko elkarte eta kolektiboen aldarrikapen zilegiak artatu eta bideratzekoa, noiz eta horiek modu baketsuan eta horretarako ezarritako bideetatik helarazten diren.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi eta errefusatu egiten baititu  joan den martxoaren 7ko Osoko Bilkura abian zelarik izandako gertakari larriak, pertsona-talde batek eraikinaren barrenean bortxaz sartzeko ahalegina egin zutenekoakUPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta Vox abstenitu egin dira; UPNk eta PPNk alde bozkatu dute.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1.- Erakunde honek gaitzetsi eta errefusatu egiten ditu joan den martxoaren 7ko Osoko Bilkura abian zelarik izandako gertakari larriak, pertsona-talde batek eraikinaren barrenean bortxaz sartzeko ahalegina egin zuenekoak.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu bere irekitasun eta prestasuna, gure erkidegoko orotariko elkarte eta kolektiboen aldarrikapen zilegiak artatu eta bideratzekoa, noiz eta horiek modu baketsuan eta horretarako ezarritako bideetatik helarazten diren.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak berresten du Foruzaingoak eginiko lanaren erabateko babesa eta aitortza.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Endometriosiaren Mundu Egunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Endometriosiaren Mundu Egunarekin eta martxoaren 14an Nafarroako elkarteek patologia kroniko horri ikusgarritasuna emateko eginen dituzten jarduera eta ekimenak babesten ditu.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berresten du 2022mo maiatzaren 11n onetsitako mozioa, zeinaren bidez endometriosia izateko susmoa edo diagnosia duten emakumeentzako laguntzarako antolamendu-eredu bat osatu, diziplina anitzeko endometriosi unitate bat ezarri, patologia horren detekzio goiztiarrerako protokolo bat taxutu, Oinarrizko Osasun Laguntzako osasun-langileen prestakuntza hobetu, Nafarroan dauden gaixoen erregistro edo errolda erreal bat osatu, endometriosiaren genetikari eta tratamenduari buruzko ikerketa sustatu eta gaixotasun honi buruzko difusio-kanpainak egitearen aldeko apustua egiten baita.

 

3. - Nafarroako Parlamentuak, ASENNA eta ADAEC elkarteekin batera, ekitaldi bat eginen du martxoaren 14an Endometriosiaren Mundu Eguna gogoratzeko. Ekitaldia Parlamentuko atalondoan izanen da eta aipatu elkarteek komunikatu bat irakurriko dute.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak horiz argiztatuko du bere egoitzaren fatxada martxoaren 14an, Endometriosiaren Mundu Eguna dela-eta.