Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Irailak 19

Ebazpen bat onetsi da Nafarroako Gobernua premiatuz HMEI indizearen araberako hipoteken jarraipena egin dezan

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren balizko epai bati begira, hipoteken kontratazioan gardentasunik egon ez dela esan baitezake

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatuaren iritzia jakitera eman zenetik auzi-kopuruak gora eginen duela aurreikusi denez, HMEIaren erreferentzia duten hipoteken jarraipena egin dezan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak haiei buruzko epaia emateke dagoen kasuetan”.

 

Bestalde, Gobernuari eskatzen zaio “behar diren baliabideak jar eta erabil ditzan Nafarroako gizartearen informazio- eta aholku-beharrei erantzuteko, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren balizko epai bati begira, epai horrek ekar bailezake erabakitzea jokaera oker bat egon dela, hau da, gardentasunik ez dela egon hipoteken kontratazioan”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak HMEI klausulari buruz egindako txostena aipatzen du, Auzitegi Gorenean klausula hau “abusuzkoa den edo ez” erabakitzeko egon diren irizpide desberdinen aurrean, Europar Batasuneko abokatu nagusiak aholkatzen duen “kontrol judizialari” dagokion irizpide parekatzea eskatzeko.

 

Espainiako Auzitegi Gorenak 669/2017 epaian bazter utzi zuen HMEI klausula abusuzko deklaratu ahalko zenik, nahiz eta bi magistratuk sinatutako boto partikular bat egon zen, esanez epaia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren aurkakoa zela, eta honako hau gehitzen zuen HMEI horri buruz: “kontsumitzaile arruntarentzat duen ulergarritasun konplexuagatik egokia izan daiteke gardentasunaren kontrola jaso ahal izatea”.

 

Testuinguru horretan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren auziarekin, Espainiako Gobernuak 2018ko ekainaren 7an ohar batzuk aurkeztu zituen, “bankaren interesak defendatzera bideratuak”. Bertan argudiatzen zen “ez zela beharrezkoa aztertzea HMEI klausula gardena zen ala ez, eta, halaber, HMEIa abusuzkoa izateagatik baliogabe deklaratuko balitz, ez lukeela atzeraeragineko ondoriorik eduki beharko, neurri horrek banku-entitateen emaitza-kontuan edukiko lukeen inpaktu ekonomikoagatik”.

 

Amaitzeko, sustatzaileak oroitarazten du aipatu indizearekin lotutako maileguetan “eragin larria” eduki zuela euriborraren beheranzko joerak. Izan ere, HMEI hori duten hipotekek behera egin zuten, baina zenbatekoa euriborrarena baino askoz txikiagoa izan zen, eta horren ondorioz hainbat kasutan, erreferentzia bata ala bestea izan, “alde nabarmena egon da ezaugarri bertsuak dituzten maileguen hileko kuotetan”.

 

Horregatik guztiagatik eta Nafarroan eskatutako maileguetan HMEI-k izan dezakeen eragina oraindik jakiteke egonik, egoeraren jarraipen bat egitea eskatzen da Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Gorenaren txostenak dioenari men eginez.