Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroa 14

320.000 euroko kreditu berezia ematen duen Foru Legea, Garesko Udalak sustaturiko Gares Energia trantsizio energetikorako proiektu aitzindariaren finantzatze-beharrizanei aurre egiteko

Osoko Bilkura onetsia. 2019ko azaroaren 14an

Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Lege bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez 320.000 euroko kreditu berezi bat ematen baita Garesko Udalak sustaturiko Gares Energia trantsizio energetikorako proiektu aitzindariaren finantzatze-beharrizanei aurre egiteko.

 

Kreditu bereziaren zenbatekoa, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluaren arabera, sortuko den aurrekontuko partida honetan aplikatuko da: Garesko Udala. Gares Energia Proiektua: instalazio fotovoltaikoa.

 

2019ko martxoaren 22an, IX Legegintzaldia amaitzear zegoela, Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomikorako Batzordeak ebazpen bat onetsi zuen aho batez “Gares Energia proiektuari babesa” emanez, “intereseko inbertsio” deklara zedin eta “behar adinako finantzazioa” bermatu zedin proiektua abian jartzeko eta betetzeko.

 

Proiektuak La Ermineta, 1918tik 80. hamarkadara arte indarrean egon den eredu energetikoa berrezartzea defendatzen du, hiru udal eraikin eta frontoia argiztapen publikoaz hornitzeko. Frontoiaren estalki berriak, panel fotovoltaiko edukiko du, eta zentral elektrikoaren ekoizpena gehituta, 349.000 kWh sortzea ahalbidetuko du (udalaren premia globalen %46) eta egun beharra duten puntuen %95.

 

Gares-Energia proiektua saritua izan da bai maila energetikoan duen izaera berritzaileagatik (Germinador Social) baita berrikuntza sozialagatik ere (Emun kooperatiba), eta bere aspektu azpimarragarrien artean daude, esaterako, bere ekarpena hezkuntzaren eta lanaren arloari, uraren erabilera soziala eta sortutako ekoizpenaren gaineko eskumena.

 

Proiektua Europako Batzordearen Smart specialisation and social innovation: from policy relations to opportunities and challenges txostenean sartu da, kontinenteko proiektu berritzaile gisa.

 

La Ermineta minizentral hidraulikoak 1918tik 1980ra bitarte funtzionatu zuen Garesen, Nafarroako beste herri askotan bezala, eta bere jabetza Udalarena eta Ureztatzaileen Erkidegoarena baitzen. Minizentrala funtzionamenduan egondako denboran, inguruneko argiteria publikoa eta industriaren bat hornitu zituen.

 

80. hamarkadan, energia sistemaren zentralizazioarekin, abandonatuta gelditu zen. Hala ere, eraikina, makinak eta gainerako sistemak, hau da, ur hargunea, kanala eta abar, mantendu egin ziren, baratzak ureztatzeko.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautuko dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Beraz, gastuen aurrekontuan esleitutako kreditua nahikoa ez denez, bidezkoa da lege hori onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrean. Legea NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.