Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Apirilak 15

2020ko apirilaren 15eko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTEAZKENA, APIRILAK 15– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –asteazkena, apirilak 15–, 17:00etan, bideokonferentzia bitartez, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

1.- Mahaiak izapidetzeko onartu ditu 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; eta Foru Lege proiektua, zeinaren bidez kreditu berezi bat ematen baita GIZAIN-Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioarentzat (presako prozeduraren bidez). Baliozkotzeko eztabaida datorren astearterako deitutako Osoko Bilkuran eginen da, apirilaren 21ean, 09:15ean.

 

Foru Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea astelehenean, apirilak 20, 12:00etan amaituko da.

 

Lehendakariaren martxoaren 25eko ebazpenarekin bat etorriz, boto-eskuordetza Parlamentuko Idazkaritzaren aurrean formalizatu beharko da (astelehenean 10:00etan amaituko da epea), hark emanen baitu dagokion ziurtagiria. Interes publikoko arrazoiengatik gomendatzen bada ere, boto-eskuordetza borondatezkoa izanen da, ohartarazten baita “ezinezkoa” dela 50 parlamentarirekin Osoko Bilkura bat egitea.

 

2.- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, izapidetzeko onartu ditu heldu den apirilaren 17rako, ostirala, 12:00etan aurreikusitako Foru Araubideko Batzordearen bilkurako gai-zerrenda dela-eta talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteak adierazitako agerraldi-zioak eta informazio eta dokumentazio eskariak.

 

Onetsitakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Lehendakariak koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiaren kudeaketari eta hartutako neurriei buruzko azalpenak ematen jarraitu beharko du, osasunaren, ekonomiaren, hezkuntzaren, kulturaren, eskubide sozialen eta landa garapenaren arloetan, besteak beste.

 

Hartutako erabakiaren arabera, Foru Araubideko Batzordeak honako formatua izanen du: Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hitzaldia, denbora mugarik gabe. Eledunen txanda, 10 minutuz, ordezkaritza handiena duenetik txikienera. Gobernuko lehendakariak banan-banan erantzuteko aukera izanen du (10 minutuz) eta ondoren eledunek eta lehendakariak berak 5 minutuko ihardespen txanda izanen dute. Orotara, 30 minutuko sei bloke, eledun bakoitzeko bat.

 

Mahaiak martxoaren 27an erabaki zuen Foru Araubideko Batzordeak bilkura bat eginen duela astero, Nafarroako Gobernuaren eta talde parlamentarioetako eledunen arteko hartu-emanari eusteko Gobernua kontrolatzeko eginkizunaren esparruan. Kasu honetan koronabirusak eragindako krisi sanitarioari buruzko gaietara mugatuko da gai-ordena. Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n koronabirusa nazioarteko pandemia gisa katalogatu zuenez geroztik egin diren gainontzeko bilkurak bezala, bilkura horiek Osoko Bilkuren aretoan eginen dira (streaming bidez).

 

3.- COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren babesean hartutako ohiz kanpoko euste-neurriak aldatzeko Navarra Sumak egindako proposamenari dagokionez, edozein erabaki apirilaren 27an Mahaiak eta Eledunen Batzarrak eginen duten bilkurarako uztea erabaki da.

 

Navarra Sumak astero Gobernuaren kontrolerako Osoko Bilkura bat burutzea proposatzen zuen, baita Foru Araubideko Batzordeaz gain presako arrazoiak direla eta beste batzorde batzuk burutzea ere, betiere koronabirusak eragindako krisi sanitarioari buruzko gaietara mugatuta. Horrez gain, idatzizko jarduerari dagokionez, hau da, idatzizko galderei eta informazio eskaerei dagokienez, administrazio epeen etendura kentzea ere planteatzen zuen.

 

Nafarroako Parlamentuak apirilaren 8an aho batez erabaki zuenez, apirilaren 26ra bitarte –eta luzatzeko aukerarekin- luzatu ziren COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren baitan Legebiltzarreko Mahaiak martxoaren 16an onetsitako ohiz kanpoko euste-neurriak. Bigarren luzapena izan zen, pasa den martxoaren 27an apirilaren 13ra arte luzatzea erabaki baitzen.

 

Gogoratuko denez, martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi zituen, baita lan parlamentarioak murriztu ere. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.