Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Uztailak 2

2018ko uztailaren 2ko bilkura

ERABAKIAK, HARTUAK NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, UZTAILAK 2, EGINIKO BILKURAN

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, uztailak 2–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Mahaiak jasotzat eman du dokumentu bat, zeinean biltzen baitira Nafarroako Parlamentuko hizkuntza-kudeaketa hobetzeko Planaren hizkuntza-irizpideak, oinarritzat hartuko direnak Nafarroako Parlamentuko hizkuntza-kudeaketako erabilera-eskuliburu bat prestatzeko.

 

Erabakia hartu da alde bozkaturik Legebiltzarreko Lehendakari Ainhoa Aznárez andreak, Lehen Lehendakariorde Unai Hualde Iglesias jaunak eta Lehen Idazkari Maiorga Ramírez Erro jaunak; Bigarren Lehendakariorde Alberto Catalán Higueras jauna eta Bigarren Idazkari Maribel García Malo andrea abstenitu egin dira.

 

Legebiltzarreko Mahaiak 2019ko otsailaren 19an onetsi zituen AEK enpresak euskararen egoerari eta erabilerari buruz eginiko diagnostikoa, bai eta Nafarroako Parlamentuko hizkuntza-kudeaketa hobetzeko Planeko helburu orokorrak ere.

 

2018ko apirilaren 23an, Mahaiak onetsi egin zuen Nafarroako Parlamentuaren Euskara Planeko 2018, 2019 eta 2020. urteetarako jarduera-proposamena.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak lan-bilera bat egin dute, Nafarroako Parlamentuan kudeaketa elektronikoa ezartzeko proposamena ezagutzearren. Bilera horretan halaber egon dira Zerbitzu Orokorretako burua eta Legebiltzarreko teknikari informatikoak, eta gaia ebazkizun gelditu da hurrengo bilera baterako.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak lan-bilera bat egin dute, Nafarroako Parlamenturako antolaketa-azterlana egiteko proposamena ezagutzearren. Bilera horretan halaber egon dira Nafarroako Gobernuko Analisi Estrategikoaren eta Plangintzaren Ataleko zenbait langile, aurreikuspenen arabera "Nafarroako Parlamentuaren zerbitzu-alorreko Eraldaketa eta Berrikuntza Proiektu"aren prestaketan parte hartuko dutenak.

 

- Eledunen Batzarrak erabaki du ezestea, goiztiarregia izateagatik, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren eledun Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztutako errekurtsoa Mahaiaren 2018ko ekainaren 28ko Erabakiaren aurka, zeinak errefusatu egiten baitzuen Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren izena aldatzea Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai izateko. Ezespenaren oinarri gisa hartu da errekurtsoa aurkeztu zela errekurritutako Mahaiaren erabakia jakinarazia izan aurretik.

 

- Mahaiak onetsi egin ditu 2018rako Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren ordainsariak (58.111,90 euro), Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kide diren lanaldi osoko foru parlamentarienak (57.569,40 euro), lanaldi osoko foru parlamentarienak (51.171,68 euro), lanaldi osorik gabeko Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kide diren foru parlamentarienak (43.176,98 euro) eta lanaldi osorik gabeko gainerako foru parlamentarienak (38.378,62 euro).

 

Horrez gain, Mahaiak foru parlamentarien bertaratzeengatiko ordainsariak onetsi ditu, honako modalitate eta zenbatekoekin:

a) 139,58 euroko dieta, deituak diren ekitaldi parlamentarioetara bertaratzeagatik, helbidea Iruñean edo Iruñetik 25 kilometrora bitarteko herrietan daukaten foru parlamentarientzat.

b) 165,05 euroko dieta, deituak diren ekitaldi parlamentarioetara bertaratzeagatik, helbidea Iruñetik 25 kilometro baino gehiagora dauden herrietan daukaten foru parlamentarientzat.

 

Bestalde, Mahaiak Legebiltzarraren zerbitzuko langileen ordainsariak onetsi ditu: A maila, 26.176,78 euro; B maila, 22.021,72 euro; C maila, 18.267,76 euro; D maila, 15.909,88 euros; eta E maila, 13.994,54 euro. Halaber onetsi ditu behin-behineko langileen ordainsariak: Lehendakaritzako Kabineteburua, 52.425,80 euro; Lehendakaritzako Idazkaria, 38.431,40 euro; Mahaiko kideen Idazkaria, 30.904,16 euro; eta talde parlamentarioen laguntzaileak, 30.904,16 euro.

 

Mahaiak onetsitako ordainsariak 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege berriki onetsiaren ondoriozkoak dira; izan ere, sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariei dagokienez, ezarri zuen ezen ezin izanen direla osotara igo 2017ko abenduaren 31n indarrean zeudenen gainetik %1,5 baino gehiago. Mahaiak, urtarrilean, erabaki zuen ordainsariak igoko zirela sektore publikoaren zerbitzuko langileentzat estatu-legediak 2018rako ezarritako gehieneko gehikuntza orokorraren neurrian, eta orain horren araberako egokitzapena egin du.

 

Mahaiak ordainsariei buruz harturiko erabakiak betekizun geratuko dira, harik eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu arte 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea.

 

- Mahaiak izan du Kontuen Ganberak egina den eta 2017ko ekitaldiko Nafarroako Parlamentuaren Kontuei buruzko konklusio eta gomendioak jasotzen dituen txostenaren berri.

 

Kontuen Ganberak honakoa gomendatzen du bere txostenean:

1. 1. Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileen plantilla organikoa urtero onestea.

2. Nafarroako Parlamentuko plantilla organikoan dauden lanpostu hutsen egoera aztertzea, lanpostu horiek behin betikoz beteak izan daitezen, indarreko araudiaren araberako deialdi publikoan.

3. Talde parlamentarioei esleituriko ordainsarien kontrolerako prozedura batzuk ezartzea, aintzat harturik talde parlamentario horiei eskatu ahal izatea jasotako diru-laguntzen berariazko kontabilitate bat, diru-laguntza horiek behar bezala erabili direla egiaztatze aldera.

 

Bestalde, txostenean 2015 eta 2016ko ekitaldietarako eginiko eta betekizun dirauten gomendio batzuk jasotzen ditu: horietako bat, Parlamentuko Erregelamenduaren 71.3 artikuluaren testu berriari buruzkoa da, non xedatzen baita ezen Legelari Nagusiaren izendapena eginen dela Parlamentuko eta Kontuen Ganberako legelarien artetik edo Nafarroako Gobernuaren ahokulari juridikoen artetik. Hori ez da islatu Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan, ez eta Nafarroako Parlamentuko Antolaketa Erregelamenduan ere. Eta, etxebizitza erosteko nahiz beste helburu batzuetarako maileguak langileei ematean, horri buruzko araudi argitaratua egokitu behar dela Mahaiak geroztik harturiko erabakien arabera, mailegu horiek itzultzeko epeei dagokienez (2015eko ekitaldiari buruz). Halaber gomendatzen da kargua utzi ondoko ordainsariaren prestazioak izan ditzakeen balizko bateraezintasunak kontrolatzeko prozedura bat sistematiza dadila, Parlamentarien ordainsariei buruzko Arauaren 5.c artikuluak xedaturiko moduan, zeina egiten baita baldintza-betetzeari buruzko adierazpen baten bitartez (2016ko ekitaldiko gomendioa).

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu Nafarroako Gobernuak zuzemenak egin ditzan Altsasuko zazpi gazteak Iruñeko espetxera ekarriak izateko.

 

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu Nafarroako Gobernuak zuzemenak egin ditzan, Altsasuko zazpi gazteak Iruñeko espetxera ekarriak izateko. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak; kontrako botoa UPNk eta PPNk eman dute, eta PSN abstenitu egin da.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak behar diren zuzemenak egin ditzan Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiaren aitzinean, ahal den eperik laburrenean bermatze aldera Altsasu kasua dela-eta gaur egun kartzelan dauden zazpi gazteak Iruñeko espetxera ekar ditzaten”.