Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Otsailak 13

‘Stand by: mugetatik haratago’ erakusketa gaurtik aurrera Nafarroako Parlamentuan

Erakusketak gure egungo garapen ereduak eta urtero milioika pertsona kaltetzen dituzten krisien arteko harreman estua azaleratu nahi du, Ivan Benitezen argazki bilduma baten bidez

‘Stand by: mugetatik haratago’ argazki erakusketa Nafarroako Parlamentuko atarian ikusgai dago gaurtik aurrera. Alboan GKEak sustatutako eta Ivan Benitezen argazkiekin osatutako bilduma honek Siriako errefuxiatu familien egunerokora hurbiltzen gaitu.

 

Erakusketa honek gure egungo garapen ereduak eta urtero milioika pertsona kaltetzen dituzten krisien arteko harreman estua azaleratu nahi du.

 

Alboan GKEk zabaldutako datuen arabera, kalkulatzen da egun 45 milioi pertsona daudela munduan zehar gogoz kontra alde eginda (30 milioi barne migratzaileak eta 15 milioi errefuxiatuak), eta horietatik %80 emakumeak eta haurrak dira. “Migrazio hauek sortzen dituzten gatazka armatuen jatorria batez ere baliabide naturalen kontrolagatik sortutako borrokak dira”.

 

Alboan GKE Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuitarekin elkarlanean aritzen da errefuxiatuei eta migratzaileei laguntzen, egoera hauek sorrarazten dituzten gatazkak salatzen eta laguntza humanitarioa eskainiz.

 

Iván Benítez (Zaragoza, 1972) bere lan profesional gehienetan aritu da gatazken, hondamendi naturalen eta goseteen berri ematen hainbat herrialdetatik: Jugoslavia ohia, Libano, Palestina, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda, Bolivia, Peru, Kolonbia… Hainbat sari jaso ditu, tartean Nafarroako kazetarientzako Teobaldo saria 2010ean, Argazkirik Onenaren saria 2014an eta ONCE-Nafarroa sari solidarioa 2015ean.

 

‘Stand by: mugetatik haratago’ erakusketa 70 x 60 cm-ko 30 argazkik osatzen dute, eta horien bidez Siriako errefuxiatuen egunerokotasuna islatzen da, gehienak Libano eta Grezian Errefuxiatuentzako Jesuita Zerbitzuak kudeatzen dituen kanpalekuetan. Parlamentuko atarian egongo da ikusgai otsailaren 28ra arte, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.

 

Ohikoa denez, erakusketa hau KulturAtrio programaren baitan antolatzen da, 2016ko otsailetik Parlamentuak ateak ireki dizkie artistei, kultura babesteko asmoz.