Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Abenduak 20

Nafarroako Parlamentuko 2017ko iritzi 'barometroaren' emaitzak aurkeztu dira

Jasotako bozka intentzioaren arabera, UPN lehenengo indarra litzateke 16 aulkirekin, eta bere atzetik EH Bilduk 9 lortuko lituzke, Geroa Baik 8, Podemos-Ahal Duguk 6, PSNk 5, PPNk 3, I-Ek 2 eta Ciudadanosek 1

 

Foru Legebiltzarreko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, Nafarroako Parlamentuko 2017ko iritzi ‘barometroaren’ emaitzak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan.

 

Jasotako bozka intentzioaren arabera, UPN lehenengo indarra litzateke 16 aulkirekin (bozken 28,3%), eta bere atzetik EH Bilduk 9 (16,5%) lortuko lituzke, Geroa Baik 8 (15,3%), Podemos-Ahal Duguk 6 (11,2%), PSNk 5 (10,4%), PPNk 3 (5,3%), I-Ek 2 (3,7%) eta Ciudadanosek 1 (3,1%).

 

Nafarroako herritarren iritzia eta bozka intentzioa aztertzen dituen inkesta soziopolitiko hau 2000. urtetik egiten den zazpigarrena da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Departamentuak egin du, Iritzi Publikoko eta Berrikuntza Sozialeko Nafarroako Parlamentua Katedraren barnean.

 

Parlamentuaren eta NUPen arteko hitzarmenaren ondorioz eginiko lan honek bozka intentzioa aztertzen du, eta egoera ekonomiko eta politikoaren balorazioa eta herritarren kezka nagusien laburpena egiten du. Parlamentuko eledunen balorazioa jasotzen du eta Nafarroaren ahalmenen eta estatus politikoaren asebetetze maila ere bai. Foru erakundeen ekintzak ere aztertzen ditu, eta zundaketak Nafarroan ongizatea legeztatzeko moduaren inguruko galderak ere egiten ditu. Nafarroako politika ezagutzeko erabiltzen diren komunikabideen inguruan ere galdetzen da eta komunikabide desberdinen bidez politikaren jarraipenaren maiztasunaren inguruan ere bai.

 

Parlamentuko Erabilera Anitzeko Aretoan burutu den prentsaurrekoan Vidal Díaz de Rada eta Ernesto Pérez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Departamentuko kideek azaldu dituzte inkestaren emaitzak eta honen garapena, eta Eloísa Ramírez, NUPeko errektoreordea ere bertan izan da.

 

Ainhoa Aznarez Igarzak azpimarratu du inkesta honek Nafarroaren egoeraren argazki zabal bat adierazten duela alderdi desberdinak kontuan hartuz, baina batez ere politikari eta Nafarroako Parlamentuari dagokionean. Nabarmendu du Herritarrei irekitako Parlamentuaren estrategia zuzena izan dela, iazko datuekin alderatuz erakundearen ezagutze 5 puntutan igo baita. Azaldu du igoera hau “Parlamentu Ibiltaria, osoko bilkura sozialak, edo Kulturatrio bezalako proiektuei esker izan dela, hauen helburua erakundea herritarrei zabaltzea eta batez ere herritarrek kamera legegilearen inguruan duten ezagutzan sakontzea baitzen”.