Lehendakariaren Agurra

Nafarroako Parlamentuaren XI. legegintzaldiaren hasiera honetan, lehendakari hautatu naute berriz ere, eta nirekin batera Mahaia nork osatuko duen erabaki da. Parlamentuko lehendakari batek agintaldia errepikatzen duen lehen aldia da honako hau; beraz, eskerrak eman nahi dizkiet legebiltzarra osatzen duten eta nireganako konfiantza adierazi duten guztiei. Orobat agurtu nahi ditut botoa niri eman ez zidaten parlamentariak, eta ni haien lehendakaria ere banaizela senti dezaten nahiko nuke. Saiatu saiatuko naiz.  
Nafarroako Parlamentua foru-erkidegoko herritarrak ordezkatzen dituen erakundea da eta horregatik, hain zuzen ere, osatu den Mahaia askotarikoa da, gehiengo parlamentario berria osatzen duten talde nagusiak ordezkatzen dituena. 
Abiarazi berria den legegintzaldi hau emankorra izan bedi, bai legegintza-eginkizunari bai Gobernuaren kontrolari begira. Nafarroako Parlamentuko Erregelamendu berriarekin ekinen diogu lanari; horri esker, egunean-egunean areagotuko dira gardentasuna eta herritarren parte-hartzea, bai eta herritarrek egiten dugun lanari buruz duten ezagutza ere.
Orobat nahiko nuke legegintzaldi honetan aurrerabidea egin dezagun arlo sozialean, herritarren eskubideetan eta aniztasunaren errekonozimenduan eta balioespenean. Aurreko legegintzaldian bezala, asko eta asko hitz egin beharko dugu gure artean, eta ezberdinen artean ados jartzeko eta elkar ulertzeko prest egon beharko dugu. Legebiltzar berriaren osaerak erakusten duen aniztasunak berak horixe bera exijituko digu.
Nik, lehendakaria naizenez gero, nire esku dagoen guztia eginen dut Legebiltzarrean eztabaida patxadatsua eta eraikitzailea nagusitu dadin populismoaren aldean. 
Eta jakina, aurreko legegintzaldiko ildoari jarraikiz, Parlamentua gure erkidegoko elkarte-sarearen parte-hartzeari irekita egon dadin bilatuko dugu, politika publikoen eta lan parlamentarioaren mesedetan betiere.
.