Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Irailak 1

Nafarroako Parlamentuaren IX. legegintzaldiko bigarren urteko jardueren oroitidazkia aurkeztu da

Legebiltzarrak 30 lege, 107 ebazpen eta 138 adierazpen instituzional onetsi ditu legegintzaldiko bigarren urtean

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, Nafarroako Parlamentuaren IX. legegintzaldiko bigarren urteko (16-5-24/17-5-24) jardueren oroitidazkia aurkeztu du gaur.

 

Legegintzaldiko bigarren urte honetan 30 foru lege onetsi dira; horietatik 22 Nafarroako Gobernuak igorritako proiektuei dagozkie, eta beste 8 Legebiltzarreko talde politikoek aurkeztutako 25 foru lege proposamenen artetik sortuak dira. Gainera, proiektu bat, Nafarroako 2015eko Kontuena, atzera bota da, eta bat izapidetzen ari da. Aurkeztutako hogeita bost foru lege proposamen horietatik zazpi ez dira aintzat hartu, bat erretiratu egin da, bat ez da onartu, eta zortzik ez dute amaitu Parlamentuko tramitazioa.

 

Gobernua bultzatu eta kontrolatzeko eginkizunen atalean 23 interpelazio eta 836 galdera egin dira. Galdera horietatik 481 Osoko Bilkuran edo batzorde baten aurrean ahoz erantzutekoak izan dira, eta 355 idatziz erantzutekoak.

 

Gainera, Gobernuak 259 eskaera jaso ditu Parlamentuko batzordeen aurrean agertzeko, bere kudeaketaren kontu ematera.

 

Gobernuaren jarduketen kontrolaren eta adierazpen politikoen atalean, 787 informazio eskaera erregistratu dira, eta 107 ebazpen eta 138 erakunde-adierazpen onetsi dira. Hori dela eta, Ainhoa Aznárezen iritziz, legegintzaldiko bigarren urte honetan “Parlamentuaren dinamismoa ikusi da, haren pluraltasun politikoa eta gehiengoaren babesa jasotzeak koalizioko Gobernuari ematen dion egonkortasuna ezaugarri dituena; faktore horrek Gobernuaren jarduna erraztu du aldaketaren jokalekuan, eta horixe izanen da hurrengo hilabeteetan aurrean izanen duten erronka garrantzitsuenetako bat”.

 

Parlamentuko organoek guztira 463 bilkura egin dituzte 475 bilera-egunetan: Osoko Bilkurak 39, Mahaiak 78, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak 56, eta batzordeek 346 (152 lan-saio eta 40 bisita).

 

Parlamentuko jarduera areagotu egin da

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak oso balorazio positiboa egin dio Legebiltzarreko jarduerak legegintzaldiko bigarren urtean izan duen gehikuntzari. “Bigarren bilkuraldi honetatik atera dezakegun ondorio deigarriena da bilkuraldi batean aurkeztutako ekimenen errekorra hautsi dugula Nafarroan demokrazia parlamentarioa ezarri zenez geroztik —adierazi du—. Guztira 2.425 ekimen aurkeztu dira 2016ko irailetik 2017ko ekainera bitartean. Zazpigarren legegintzaldira egin behar genuke atzera, hirugarren bilkuraldira (2009-2010), 2.000 ekimen baino gehiago ikusteko, 2.071, zehazki. Sekula ez ziren 2.000 ekimen baino gehiago aurkeztu”.

 

“Lehenengo bilkuraldian baino 562 ekimen gehiago aurkeztu dira, hau da, % 30 gehiago —bukatu du—. Ia gehikuntza portzentaje bera, aurreko legegintzaldiko epe berean aurkeztu ziren ekimenekin alderatuta; eta aurreko hori jarduera gehien izandako legegintzaldietako bat izan zen”.

 

Parlamentuko legegintzako jardueraren atalean, Legebiltzarreko lehendakariak, Aznárez Igarza andreak, azpimarratu du Aurrekontuei buruzko Legea onetsi dela bigarren urtez jarraian oraingo legegintzaldian. “Horrek aukera eman du, besteak beste, Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legea onesteko. Nafarroan baztertuta edo bazterketa arriskuan zeuden 33.000 pertsona baino gehiago pobrezia larritik ateratzeko bide eman duen legea. Pobrezia larria borrokatu ez ezik, gizartearen kohesioa hobetu eta Nafarroako gizarte osoaren integrazio soziala eta laneratzea lortzea helburu duen legea”.

 

Onetsitako beste lege batzuen garrantzia ere azpimarratu du Aznárez Igarza andreak, hala nola abenduaren 13ko 18/2016 Legea, 2017-2019 aldirako toki inbertsioen plana arautzen duena, “inbertsioak izoztu zitzaizkien udalentzako baliabide iturri handia izanen dena”, abenduaren 13ko 20/2016 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile publikoei 2012an etendako aparteko ordainsariaren parte ordaindugabea ordaintzekoa, “eta ordaindu ere ordaindu da azkenean”, eta etxebizitzari buruzko beste lege batzuk, esaterako abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legea, zeinaren bidez herritarrentzako laguntza-neurriak ezartzen baitira etxebizitzaren alorrean.

 

Onetsitako legegintzako testuen artean “lege aitzindari” batzuk goraipatu ditu Legebiltzarreko lehendakaria, hala nola LGTBI Legea, “Estatu osoko lege aitzindari eta aurreratuena, pertsona guztien eskubideak aitortzen dituena bizitzako arlo guztietan, lehen aitortzen ez zirenak, sinestezina iruditzen bazaigu ere. Urratutako eskubideen ordainaren bermea dakar lege horrek, eta historikoki bereizkeria jasan duten kolektiboentzako aitortza eta konpentsazio ekintzak ezartzen ditu”.

 

Azkenik, Parlamentuko lehendakariak Euskararen Foru Legea onestearen garrantzia nabarmendu du. “Estellerriko eta Erdialdeko 33.000 nafar baino gehiago parekatu ditu Iruñeko biztanleekin. “Eremu ez-euskalduneko” hogeita hamarretik gora udalerrik onetsi dute “eremu mistora” libreki biltzea. Aldaketak bermatu eginen du euskararen erabilera publikorako eskubidea, hizkuntza propio gisa”.

 

Legebiltzarreko organoen jarduerari dagokionez, Parlamentuko lehendakariak azpimarratu nahi izan du “463 deialdi egin direla legebiltzar honetako organoen bileretarako: Osoko Bilkura, mahaiak, Mahaia eta Eledunen Batzarra, edo Nafarroako Legebiltzarraren egitura osatzen duten 16 batzordeak. Parlamentuko jarduera horietatik guztietatik —erantsi du— azpimarratu nahi nuke Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordearen berrirekitzea; batzorde horren ondorioak hurrengo asteetan aurkeztu behar dira. Baita Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikerketa batzordearen irekitzea ere; irail honetan bukatzear da”.

 

Lehendakaritzaren jarduera

 

Parlamentuko lehendakariaren zuzendaritza eta ordezkaritza jardueren atalean, Aznárez Igarza andreak bere agenda publikoan jasotako 400dik gora ekitaldiak baloratu ditu. “Agerian jarri nahi izan ditugu erakunde honen transformazioa, aldaketa, eta Legebiltzarraren irisgarritasunaren bidez egin dugu, agenda soziala jasotzeko apustuaren bidez, agenda politikoarekin uztar dadin. Ongi jabeturik nago —esan du azkenik— nafar herri osoaren ordezkaritza etxea dela hau, eta horregatik inoiz baino presentzia zabalena izan behar du”.

 

“Erakundea gune demokratikoago bat bilakatuko duten planen garapenaren” esparruan Lehendakaritzak bultzatutako beste jarduketa batzuk ere azpimarratu ditu: “Estatuko parlamentu batean lehen aldiz Berdintasun Plana ezarri dugu; jasangarritasun plana garatu dugu, iragan uztailean aurkeztu eta kurtso berrian ezarriko duguna; Kontuen Ganberaren gomendioak bete ditugu, besteak beste parlamentariek kilometrajeagatik tributatu beharra, urteetan ‘black’ kilometrajea izan baita, Mahai eta Batzarrean zerbitzatzen ziren gosariak kentzea, botilako ura kentzea, edo Gobernuaren ibilgailuak erabiltzea parlamentarien joan-etorrietarako ez ezik, baita mahai eta eledunen batzar ibiltarietan laguntzen gaituzuen kazetarion joan-etorrietarako ere. Guztiok berdintzen gaituzten keinu txikiak dira”.

 

Aipatu du, gainera, NUPeko Nafarroako Parlamentua Katedra sortu dela, iritzi publikoaren azterketa soziologikoa kudeatzen duena, zeina, iaz bezala, aurten ere abenduan aurkeztuko baita; iaz sortu dela Zuzenbide Parlamentarioa Ikertzeko I. Nafarroako Parlamentua Saria, lau unibertsitateren eskutik (NUP, UN, eta UNEDen Iruñeko eta Tuterako ikastegi elkartuak); eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarekin batera abian jarri dela Estatu osoko lehen Parlamentu Gaztea, urrian errealitate izanen dena, eta Aznárez Igarza andreak honela definitu duena: “proiektu berri bat, Foru Parlamentuak duen konpromiso bati erantzuten diona, alegia, ezagutzarako, harremanetarako eta eztabaidarako toki bat ahalbidetze aldera herritarrek parte hartzeko guneak irekitzeko konpromisoari”.

 

Legebiltzarreko lehendakariak, aurkeztutako balantzearen barnean, Parlamentuko ikus-entzunezko sistema berritzeko prozesuaren egoera baloratu nahi izan du. Aurrekontua 750.000 euro ingurukoa da, eta helburua, berriz, “erakundearen komunikazioa hobetzea, herritarrek hobeki ezagut ditzaten Parlamentua, beraren eginkizunak eta jarduera, eta harekin elkarrekintzan jardun dezaten”. Oraingoz prozesu hori “geldiarazita dago, arrazoia zein den ongi ez dakigula”, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegian, eta, beraz, heldu den kurtsoan ekinen zaio proiektuari.

 

Parlamentuko hurrengo kurtsorako jarduera

 

Kurtso berrirako helburuei dagokienez, lehendakariak honako hauek nabarmendu ditu: erregelamenduaren erreforma, jada hasita dagoena; “Parlamentu Ibiltaria”ren zabalkunde lanari eustea, “lan pedagogiko handia egiten baitu, bai herrietan, non Parlamentuak egiten duen lanera hurbiltzen baitira, bai politikariekin, zenbaitetan landa inguruneetako arazoetatik urruti samar ibiltzen baikara”; eta “Parlamentuan onesten diren legeak gauza daitezen lortzea, bai eta prestatu ditugun barne-planak ere. Eta, lehentasunezko helburu gisa, Parlamentuan sortzen diren ekimenek herritarrengan eragina izan dezaten lortzea. Ez digu ezertarako balio jardueraren errekorra izatea, herritarrek ez badute nabaritzen; politika herria zerbitzatzeko dago, eta gu horretan ahalegindu behar gara”.

 

Bukatzeko, lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela “erakundea ahalduntzen jarraitzea. Nafarroako Parlamentuak —esan du— aldarrikatu egin behar du bere egitekoa, Nafarroako herriaren ordezkaritza eta hark bere parlamentariengan jarri duen konfiantza, legeak egiteko, herriaren premiei konponbidea emanen dieten ekimenak planteatzeko, eta Gobernuari horiek aurrera eraman ditzala exigitzeko”.