Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Maiatzak 17

Nafarroako Parlamentuak bat egin du LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin

Bere fatxadan oihal bat zintzilikatu du sexu-joeraren eta genero-identitatearen araberako bereizkeriaren kontrako borrokari atxikitzeko

Nafarroako Parlamentuak gaur bat egin du LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Eguneko ospakizunarekin. Hori dela eta, Navarra territorio libre de LGTBIfobia-Nafarroa LGTBIfobiarik gabeko lurraldea lema idatzita duen oihala zintzilikatu du bere fatxadan, estigmei eta aurreiritziei aurka egiteko borrokaren babesaren erakusgarri.

 

Asteleheneko bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak aho batez onetsi zuen PSN talde parlamentarioak aurkeztutako adierazpen instituzional bat.

 

Honako hau dio adierazpenak:

 

“Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du:

 

- Eskubide-berdintasunaren aldeko eta sexu-joerarengatik nahiz genero-identitatearengatik pertsonak diskriminatzearen kontrako borrokan Nafarroako Parlamentua erakunde eredugarria izan dadin lan egiteko. Xede horrekin, Lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI) berdintasun sozialari eta Nafarroako Foru Komunitatean sexu-joerarengatik edo genero-identitate edo -adierazpenarengatik diskriminatzearen aurkako politika publikoei buruzko Foru Legea izapidetzen ari da.

 

-Sexu-joerarengatik eta sexu- edo genero-identitatearengatik pertsonak diskriminatzen diren egoeren aurkako ekintzak sustatzeko, eta, xede horretarako, izapidetzen ari den lege hori bete-betean garatu ahal izan dadin, kontusailak jartzeko Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean. Halaber, izapidetzen ari den lege horren arauzko garapena sustatuko da Foru Gobernuko arlo guztietan, baita udaletan eta eskualde-erakundeetan ere.

 

- Maiatzaren 17a, LGTBIfobiaren aurkako mundu eguna, eta ekainaren 28a, sexu-askatasunen eguna, Nafarroako Foru Komunitateko kultura eta hezkuntzako ekintzen multzoan txertatzeko, ageriko ekintzen bidez.

 

- LGTBI arloko araudia osorik betetzeko, horrela gure gizartea anitza eta begirunetsua izan dadin eta pertsona guztiak elkarrekin molda daitezen bakoitzaren genero-identitatea edo sexu-joera gorabehera.

 

Berdintasun hori lortze aldera eskura dituen zerbitzu eta tresna guztien eraginkortasun eta koordinazio handienak bilatzeko”.