Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Ekainak 5

Nafarroako Gobernua premiatzen da berrebatualu dezan Lizarrako hirian turismoko paradore nazional bat egiteko proiektua

Santa Clarako komentuaren hasierako ideia berreskuratu nahi da eta Iratxeko Monasterioak alderdi juridikotik eta ondarearen aldetik duen egoerari konponbidea bilatu nahi zaio

Garapen Ekonomikorako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta PSNren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Espainiako Gobernuarekin koordina dezan, ahalik eta lasterren, Lizarrako hirian turismoko paradore nazional bat egiteko proiektuaren berrebaluazioa, hura kokatzeko Lizarran bertan dauden aukerak aztertuz, edo bestela lehenagotik ere aztertu zen aukera, Iratxeko Santa María la Real monasterioan kokatzearena”.

 

Bigarren atalean, onetsitako ebazpenak Gobernua premiatzen du “dauden aukerak kontrasta ditzan erakunde eskudunekin, Lizarrako Udala barne, ostatu hori egingarri bihurtzeko lankidetza akordioak eguneratuz”.

 

Azkenik, Gobernuari eskatzen zaio “erakunde eskudunekin lan egin dezan, Iratxeko monasterioak gaur egun alderdi juridikotik eta ondarearen aldetik duen egoerari behin betiko konponbide bat bilatzeko, xedea izanik haren arkitektura ondarea balorizatzea eta behin betiko konponbidea ematea “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoaren kokapenari”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak jatorrizko ideia berreskuratzea defendatzen du, Turismoko paradore Nazionala Lizarrako hirigunean ezartzea alegia, Santa Klarako komentuan hain zuzen ere, egun ez baitu erabilerarik. Izan ere, 2006an, Nafarroako eta Espainiako gobernuek erabaki zuten Iratxen kokatzea paradore berria, baina egoera ekonomikoa ikusita, 2012an geldiarazi egin zen Iratxeko Paradore Nazionalaren proiektua.

 

Sustatzaileak uste du bere monumento eta natura ondare aberatsa dela eta (Urbasa-Andia) Lizarrak baldintza guztiak betetzen dituela Nafarroan bigarren paradore bat ezartzeko (Oliteko Gaztelua), are gehiago Done Jakue Bidearen erakargarritasun turistikoa kontuan hartuta, 2017an 300.000 erromes kreditatu jaso baitzituzten (%55 atzerritarrak).

 

2017-2025erako Nafarroako Turismoko Plan Estrategikoan Done Jakue Bidearen aldeko apustua egiten da, eta horrek justifikatzen du Lizarrako Paradorearen aldeko apustua, era horretan ibilbidearen sustapenean lagunduko baitu eta hala herriarenean ere bai.

 

Guztira 97 instalazio ditu Paradore Nazionalen Sareak, eta horrek ekarpen garrantzitsua egiten du Espainiako eta Nafarroako ondare historiko-artistikoa zaindu, balorizatu eta zabaltzeko, eta sektore turistiko bat, kulturari dagokiona, dibertsifikatzeko. Horrez gain, inguruan garapena sortzen dute merkataritzan, zerbitzuetan eta gastronomian nahiz artisautzaren arloan.

 

Jokin Castiella izan du buru saioak (Geroa Bai), eta bertaratu diren parlamentarioak izan dira Carmen Segura, Óscar Arizcuren, Maribel García Malo, Luis Zarraluqui (UPN), Rafael Eraso, Virginia Alemán (Geroa Bai), ARantxa Izurdiaga, Esther Korres (EH Bildu), Carlos Couso, Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia y Ainhoa Unzu (PSN).