Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Azaroa 6

2017ko azaroaren 6ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, AZAROAK 6, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, azaroak 6–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan barne-deribazioko protokolo bat ezar dezan eta deribazio horiek Autoimmuneen Unitaterantz eta Ubeitiseko Diziplinarteko Kontsultarantz bultza daitezen, Bechçet-en gaixotasunak ukitutakoei diagnostikoa eta tratamendu lasterra bermatze aldera. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Horren bidez, Osasun Departamentua premiatzen da lantalde bat sor dezan, aztertu eta baloratuko duena Tuterako Reina Sofía ospitalean espezialitate medikoei lotutako hezkuntza-gailuak ezartzea. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Nafarroako Gobernuko Administrazio Erroan 1973ko montepio-sistemari atxikitako funtzionarioen ordezkariekin egin beharreko lan-bilkura erretiratzea. Lan-bilkuraren helburua zen eskubide pasiboei dagokienez hautaketa egiteko epe berri bat irekitzearen komenigarritasuna azaltzea. Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- ADECANA-Nafarroako Ehiztarien Elkartearen ordezkariekin, informa dezaten ehiztarien elkarteari zer kalte egiten dion Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko Foru Legearen 68. artikuluaren aplikazioak, eta artikulu horren bigarren paragrafoaren aplikazioa eragiten ari den arazoaz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Casado Oliver jaunak aurkeztu du.

- Ekologistak Martxan kolektiboaren ordezkariekin, informa dezaten lindanoak Nafarroan dakarren arazoaz, nazio-mailako egoeraz eta eta Europar Batasunak Espainiari uren eta hondakinen arloan egiten dizkion kargu-hartzeez, eta pestizida horren gaineko balizko kudeaketa-neurriak azal ditzaten. EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek aurkeztu dute.

- “Amagintza” edoskitzearen aldeko elkartearen ordezkariekin, azal dezaten Nafarroan egiten duten lana eta zehatz ditzaten amagandiko edoskitzeak osasun-neurri gisa dituen onurak. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Domenech Linde andreak aurkeztu du.

- Mahaiak ez du onartu Tuterako Udaleko mendietako zinegotziaren eskaera, batzorde parlamentarioak Barcelosako eta Santa Anako zelaiguneetara egitekoa den bisitan parte hartzeari buruzkoa.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Parlamentuko Zerbitzu Juridikoei txosten bat egin dezaten eskatzea, Zerbitzu Juridikoek euskarari buruzko foru lege berri baterako proposamen bat egiteko batzorde berezi baterako funtzionamendu-arauak prestatzeko eskariari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak eskatu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Eskaria, batzordean izapidetu dadin egoera ekonomiko txarrean dauden ikasleei baliabide ekonomikoak esleitzeari begira irakaskuntza itunduaren eta publikoaren artean dauden ezberdintasunei buruzko galdera. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Bigarren Hezkuntzako Masterra ez daukaten irakasleak kontratatzeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Gipuzkoako zabor organikoa Caparrosora eta Artaxoara igortzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.

- Foru Administrazioak software librerako migrazioa egiteko planari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Rubén Velasco Fraile jaunak aurkeztu du.

- Ospitalez kanpoko larrialdietako zerbitzuko burua kargutik kentzeko arrazoiei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Banda Zabalaren 2021eko Plan Zuzendariari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- Berriro aurkeztuko da Lizarrako egungo udalbatzak Oncineda kasuan erreklamatutako kalte-ordainari aurre egiteko izan dezakeen erantzukizunari buruzko galdera. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.

- Botere-banaketari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Nafarroako Kutxa Fundazioaren Hondarribiko instalazioei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Ospitaleetako biribilgunetik Nafarroako Ospitaleko sarrera nagusira bitarteko seinaleztapen horizontalari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean Euskarabideak emandako diru-laguntzei buruzko daturik ez egoteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.

- Sarrigurengo Joakin Lizarraga ikastetxe publikoko kanpo-errotulazioari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ospitaleetan edo osasun etxeetan medikuaren aginduz ama-esnearen analisiak edo kultiboak egiteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Domenech Linde andreak aurkeztu du.

- Artikako ikasleak Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan eskolatzeko erreferentzia-ikastetxeak ezartzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Tuterako Udalaren 2016ko ekitaldiari buruzko fiskalizazio-txostena.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Lizarrako Oncineda hirigintza-proiektuari buruzko fiskalizazio-txostena egin dadin eskatzea. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak eskatu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Berako Udalak Labiaga Ikastolari lagatako lokalen inbertsio-gastuei eta gastu arruntei buruzko fiskalizazio-txostena egin dadin eskatzea. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak eskatu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Iruñerriko hiri-garraioaren VI. Plana (2017-2019). Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztu du.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Galiziako Parlamentuko lehendakariaren idazkia, eskerrak ematekoa Nafarroako Parlamentuak onetsitako adierazpen instituzionalagatik. Haren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazi zizkien galiziarrei, pairatzen ari ziren sute-bolada zela-eta.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu bipil errefusatzen dituela Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa eta Kataluniako Gobernuko kideen behin-behineko espetxeratzearen gehiegizko neurria. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du modurik bipilenean errefusatzen dituela Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa eta Kataluniako Gobernuko kideak –Kataluniako herritarrek zilegitasunez eta demokratikoki hautatu zituztenak– behin-behinekoz espetxeratzearen gehiegizko neurria. Halaber, azaltzen du bere borondatea dela berehala askatuak izan daitezen.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du txit larria, kezkagarria eta onartezina dela Espainiako PPren Gobernuak, PSOE eta Ciudadanosen babesarekin, Kataluniako Gobernuan hasitako esku-hartzea, eta berresten du bere konpromisoa askatasun demokratikoekin, zeinak herritarren ondare baitira, eta ez emandako zerbait.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua eta Estatuko botereak premiatzen ditu beren errepresio-estrategia albo batera utz dezaten eta elkarrizketaren nahiz errespetuaren bidea jorra dezaten – Kataluniako erakundeen ordezkarien eskubide zibil eta politikoekikoa– , egoera hau bideratzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari berriz ere dei egiten baitio Marokoko Erresumari exiji diezaion nazioarteko erkidegoa errespetatzeko. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPN eta PPN, berriz, abstenitu dira.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari berriro dei egiten dio Marokoko Erresumari exiji diezaion nazioarteko erkidegoa zorrotz errespetatzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko, ordezkari politikoek dagozkien jarduera guzti-guztiak askatasunez eta egokiro egin ahal izateko Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Erantzukizun Sozialerako Ekintza Plana ezartzen baitu. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Erantzukizun Sozialerako Ekintza Plana ezartzen du Nafarroako gizartean duen eragina garatzeko xedez, betiere kontuan hartuta Erantzukizun Sozialak bere baitan hartzen duela legegintzatik harago era positiboan doan guztia, betiere aintzat hartuta legea bera bete eta hobetzea. Hala, ulertzen da Erantzukizun Sozialak iraunkortasun irizpideak bete behar dituela gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloetan; eta hori lortzeko beharrezkoa da epe luzerako prozesu bat abian jartzea, jarritako helbururantz pixkanaka eramango gaituena.

 

2. Prozesu horretan, Nafarroako Parlamentuak identifikatu ahal izan ditu erakundean jada erabiltzen diren praktika on batzuk; besteak beste, Kontuen Ganberak urteko auditoretzak egitea, gardentasunaren ebaluaziorako kanpoko auditoretzak, urtero iritzi publikoaren barometroa egitea, berariazko Berdintasun Plana ezartzea, enpresei eta profesionalei garaiz ordaintzeko baldintza sistema bat edota energia eta ur kontsumoko adierazleak izatea.

 

3. Horretaz gain, Nafarroako Parlamentuak zenbait alor eta eremu detektatu ditu, eta horiek hobetu nahi ditu hurrengo 18 hilabeteetan, hala aurreikusten baitu Ekintza Planak; zehazki: interes-taldeentzako komunikabideak hobetzea, herritarren parte-hartzerako prozesu gehiago sortu eta bultzatzeko beharra, gardentasun maila ebaluatzeko metodologia egokitzea, erakundearen kode etiko bat garatzea, bateragarritasun-neurrien arloan koordinazio handiagoa, kontratatzerakoan klausula sozialak aplikatzea edota ingurumen politika bat aplikatzea.

 

4. Nafarroako Parlamentuak bere gain hartzen du prozesu horrekiko konpromiso tinkoa, eta prest dago erakunde honen jardueretan interesa duten interes-talde guztiei horri buruzko aldizkako informazioa emateko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Ijito-hizkeraren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du azaroaren 5ean ospatzen den Ijito-hizkeraren Nazioarteko Egunaren aitorpenarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du ijito-hizkera ofizialki europar hizkuntza gisa aitortzeko eskaerarekin, Europako gainerako hizkuntzekin batera.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Erregio edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Kartak jasotzen duen gomendioarekin, ijito-hizkuntzak aitorpena izan dezan Estatuko administrazio eta erakundeetan.

4. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du ijito-hizkuntzaren sustapena eta horrekin batera doazen ekintza guztiak estatuek finantzatzeko eskakizunarekin.

 

5. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du eskaera honekin, hots, ijito-hizkuntzarekin eta-kulturarekin lotura duten estatuek gauzatzen dituzten ekintzen jarraipen eta kontrol zorrotza egin dezaten Europako erakundeek.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du azaroaren 5a -Ijito-hizkeraren Nazioarteko Eguna- herrialde guztietan aitortu eta ospatzeko nahiarekin”:

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuko lehendakaria premiatzen baitu kexa bat aurkez diezaion Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, Nafarroako errealitate instituzionala aldezteko. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpena UPN, PSN, PPN eta I-Eren botoekin onetsi da; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos Ahal Duguk aurkako botoa eman dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria premiatzen du ekimena bere gain hartu eta kexa bat aurkez diezaion Eusko Jaurlaritzako lehendakari Urkullu jaunari, akatsak zuzendu eta beharrezkoak diren neurriak har ditzan bere gobernuan, berriro ez gertatzeko Quebec-Euskadi lankidetza-hitzarmenean jazotakoa; izan ere, Euskal Herria agertzen zen entitate bateratua balitz bezala eta ikurrina, bien ikur gisa, Nafarroaren errealitate instituzionala desitxuratuta”.

 

UPNren adierazpen instituzionalerako proposamenak bazituen puntu gehiago, baina horiek ez dira onartu. Horien aldeko botoa eman dute UPN, PSN eta PPNk, eta kontrakoa Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Duguk. Izquierda-Ezkerra, berriz, abstenitu egin da.

 

Onartu ez diren puntuen testua hau da:

 

“2. Nafarroako Parlamentuak Barkos andrea eta Urkullu jauna premiatzen ditu Philippe Couillard Quebec-eko lehen ministroari barkamena eska diezaioten eta barkamen hori argitara dadin Nafarroako errealitatea desitxuratzen duen irudia zabaldu duten hedabide edo sare sozialetan, eta bertan argitu dadin Nafarroa ez dela Euskadiren zati, foru erkidego bat baizik, errealitate instituzional, juridiko eta politiko bereizia duena Espainiaren barruan; halaber, eska diezaioten beharrezkoak diren neurriak hartzeko, halakorik berriro gerta ez dadin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Kanpo Arazoetako Ministerioari eskatzen dio, diplomaziaren adierazgarri gorena eta nazioarteko harremanen alorreko Espainiako agintaritza eskuduna den aldetik, gertaturikoa dela-eta kexa bat aurkez diezaion Quebec-i bide diplomatikotik, eta galdegin diezaion formalki barkamena eska dezan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu autobus geltokian LGTBI+ pertsonen oroimenez ipinita dagoen plakari egindako kalteak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du modurik bipilenean arbuiatzen dituela autobus geltokian dagoen plakari eragindako kalteak. Plaka hori jarri zen beren sexualitatea gizarte LGTBIfobiko baten arbuioa zela-eta ezkutuan bizi behar izan zuten LGTBI+ pertsonen oroimenez.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berresten du gure erkidegoan gertatzen den eraso, indarkeria edo jarrera LGTBIfobiko ororekiko arbuioa, eta lan egiteko konpromisoa hartzen du pertsona bakoitzak bere sexualitatea eta nortasuna modu oso, berdintasunezko eta askean bizi ahal izanen duen gizarte bat eraikitzeko”.