Publicada el Jueves, 14 de Febrero de 2013

Bermatutako prestazio sozialak eta ikasketetarako bekak enbargaezinak deklaratzen dituen Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur bermatutako prestazio sozialak eta ikasketetarako bekak enbargaezinak deklaratzen dituen Foru Legea.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako foru legeak Prozedura Zibilaren Legea erabiltzen du erreferentzia gisa. Izan ere, bertan ezartzen da ezin direla inola ere enbargatu legezko xedapenen batek esanbidez enbargaezintzat jo dituen ondasunak, besteak beste, zenbateko jakin bat gainditzen ez duen soldata, pentsioa, ordainsaria edo parekoa. Gainera, kontzeptu horien baliokide egiten ditu bermatutako prestazio publikoak, ezaugarri dituztenak oinarrizko beharrizanak betetzea.

Halaber, arauak jotzen duenez, administrazio publikoen egitekoa da funts publikoen ekarpen zuzen eta finalista egitea eta horien xedea eta helburua ziurtatzea, bazterkeria eta oinarrizko beharrizanak ez izatea ekiditeko.

Horretarako, premiatzen da gizarteratze errentaren enbargagarritasuna aldatzea, bai eta Gizarte Zerbitzuen Zorroan aurreikusitako prestazio bermatuena edo ikasteko beka eta laguntzena. Era horretan, izaera sozial hutsa duten laguntza horiek jatorrizko izaerarekin zerikusirik ez duten hirugarrenen asmoak betetzea saihesteko

Bermatutako prestazio sozialak eta ikasketetarako bekak enbargaezinak deklaratzen dituen Foru Lege honen artikulu bakarrak honakoa dio:

Artikulu bakarra

“1. Oinarrizko errenta eta gizarteratze errenta enbargaezinak izanen dira ondorio hauetarako, kasu guztietan eta prozedura zibilari buruzko legedian ezarritako zenbatekoetan eta araubidean.

2. Enbargaezinak izanen dira gizarte zerbitzuen zorroan sartutako prestazio orokorrak eta bermatuak ere, betiere pertsona fisikoen edo familien oinarrizko beharrak betetzera bideratuta badaude.

3. Ikaskuntza ez-unibertsitarioak egiteko bekak eta laguntzak eta graduko nahiz graduondoko ikaskuntza unibertsitarioetarako bekak ere enbargaezinak izanen dira”.

Azken xedapena.
Foru Lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean, eta enbargo-prozedurei aplikatzekoa izanen da, baldin eta, legea indarrean sartzen denean, oraindik ez bada erabaki edo eman ebazpenik oinarrizko errenta edo gizarteratze errenta enbargatzeko, edo gizarte zerbitzuen zorroan sartutako gizarte prestazio bermatu bat enbargatzeko bere onuradunei, edo mendekotasuna duten pertsonen zaintzaile ez profesionalentzako laguntzak eta ikasteko laguntzak edo bekak enbargatzeko”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 75. zk., 2012-09-25ekoa)