Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 16

Osasun arloko lanbide karreraren aplikazioa hedatzeko foru lege proposamena aintzat hartzea onetsi du Parlamentuak

 Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako eta haren erakunde autonomoetako osasun langile fakultatibo guztiei aplikatu nahi zaie, baldin eta lanpostua jabetzan badute

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, aho batez onetsi du aintzat hartzea foru lege proposamen bat, lanbide karreraren sistemaren aplikazio esparrua Nafarroako Gobernuko departamentu guztiei eta haren erakunde autonomoei atxikitako osasun langileei zabaltzea xede duena.

 

UPN parlamentu-taldeak aurkeztutako lege proposamenaren bidez, Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako eta haren erakunde autonomoetako osasun langile fakultatibo guztiei hedatu nahi zaie lanbide karreraren sistemaren aplikazioa, baldin eta lanpostua jabetzan badute eta haien sarrerarako edo izendapenerako nahitaezkoa bada Fakultatibo espezialistak, Bertze osasun fakultatiboak eta Osasun arloko diplomadunak estamentuetarako behar diren osasun titulazioak edukitzea.

 

Lege proposamenak dioenez, hasierako koadramendua ezarritako arauekin eta prozedurarekin bat etorriz egin ostean, kasuan kasuko zenbatekoak ordainduko dira, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginarekin osasun arloko diplomadunen kasuan —Ospitalez kanpoko Laguntzako eta Osasun Administrazioko Ebaluazio Batzordeak eginen die zenbatespena— eta 2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginarekin osasun arloko fakultatiboen kasuan —Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordeak eginen du horien konputua—.

 

Gogoratuko denez, Nafarroako Parlamentuak iragan abenduaren 15ean aho batez onetsi zuen Osasun arloko langile diplomadunei aplikatu beharreko lanbide karreraren sistema ezartzen duen Foru Legea, Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako langileak bazter utzita, maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak aipatu osagarria aitortu baitzien jada.

 

Lanbide karrerak langileak lortutako garapenaren aitorpen publikoa, berariazkoa eta banakakoa dakar, artapen-, irakaskuntza- eta ikerketa-lanetan zein norbera atxikita dagoen unitatearen xedeak betetzeko eginkizunetan eskuratutako ezagutzei eta esperientziari dagokienez.